Hilabete bat greban, eta gehiagorako prest

Grebaren 32. eguna bete dute burdinbideetako langileek, eta askok ez dute etsitzeko asmorik. Baionako geltokian bildu 145 grebalarietatik 139k greba berretsi dute, eta haserre hartu dute SNCFk hogei langile botako dituela jakitea.

SNCFko langile grebalariak, atzo, Baionako geltokian, Peio Dufau CGTko ordezkaria mintzatzen ari dela. ISABLEE MIQUELESTORENA.
Eneko Etxegarai Urain.
Baiona
2018ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Egunak joan ahala «borroka geroz eta zailagoa» dela diote burdinbideetako langileek. Baionako geltokian batzarrean bilduek aitortu dute greba egitea «gogorra» dela, baina, hala ere, «tinko eutsiko» diote. Peio Dufau CGTko ordezkariak laburbildu du haietako askoren pentsamendua: «Morala ez dugu galdu behar; errabia dut; ez dugu amore emanen, ezta pentsatu ere. Burdinbideetako langileek errespetua irabazi behar dugu». Erresistentziarako hitzak ekintzekin eman diete segida: 145 grebalari bildu dira, eta haietako 139k greba jarraitzeko hautua egin dute.

«Hamaseigarren blokean gaude, eta bigarrenetik jada mugimendua hatsanturik dela erraten dute komunikabideek. Gezurretan ari dira, iritzi publikoa manipulatzen», azaldu du Julien Delion CGTko kideak. Haserre dago komunikabideekin; haren iritziz,SNCFren joko berean aritzen delako: «Gaur, adibidez, erraten dute hiru TERetatik bakarra ez dela ibiltzen, baina gezurra da: trenak ez dabiltza, eta autobusekin ordezkatzen dituzte». Akitania Berria eskualdean SNCFk azaldu zuen TERen %53ek funtzionatzen zutela, baina Delionek erran du datua faltsua dela. «Eskualdean, TER gidarien %96 greban dira; AHTetan, ordea, %53. Gehiago izatea nahiko genuke, baina horrela da».

SNCFk %70 kontrolatzen duen enpresa bat arduratzen da autobusez: Keolis. Egunerokoan bidaiariak eramaten baditu ere, greba egunetan protestaren eragina gutxitzeko erabiltzen dutela salatu dute langileek. Atzo goizean, Baionako geltokitik hurbil, Keolisen hamarren bat autobusen errotak zulaturik agertu dira.

Uda honetan greba mugimendua segitzeko borondatea erakutsi dute grebalariek. Justifikazioa Geronimo Prieto LABeko kideak eman du: «Hiru hilabetez ez da mugimendu handirik sortu;udan, turismoa blokeatuz segitzen badugu, agian». Prietok dio Emmanuel Macronek SNCFa kosta ahala kosta liberalizatu nahi duela: «Ez gara ergelak, EDF, GDF... denekin egin duten bezala». Frantziako Parlamentuak zein Senatuak erreforma onartu dute, baina oraindik dekretua eskas da, eta horrekin aldizkari ofizialean agertzea. Dekretuaren atarian CPE lan kontratuarena izan da onartu ez duten bakarra.

Hogei lanpostu gutxiago

Erreformarekin nahikoa ez, eta kaleratze iragarpenek «giroa tentsionatu» dutelako kexu da Prieto. Izan ere, Baionako geltokitik 2019an hogei langile kaleratuko dituztela jakin dute asteburuan, SNCFren telefono deiak jasotzen dituztenak. «Oso lan gogorra da; jende gutxik irauten du, hogei segundo baino gehiago ezin dira egon norbaitekin telefonoan aritu gabe», azaldu du Delionek. «Probokazio moduan bizi dugu. Denek kolpeak jasotzen ditugu, baina erantzungo dugu, elkarrekin», gaineratu du Prietok.

Batzarrak bozketa bukatu bezain laster, zuzendaritzaren bulegoetara igo dira sindikalistak, umeak besoetan batzuk, «gure familien geroa jokoan da» esaldia irudikatuz. Koadro guziek ospa egina zuten, ordea; bakar bat utzia zuten, baita uxer bat ere, kalte materialak seinalatzeko.

Momentu tirabiratsuak bizi izan dira bi aldeen arteko talkan. Alde batetik, SNCFko koadroak; bestetik, langileak. Bien artean, zanga bat. «Emazte hori badu hamar urte hemen dela lanean. Alde batetik bestera bidaltzen dute; zuzendaritzaren manuak betetzen ditu, eta promozioak izaten ditu», azaldu du LABeko Ramuntxo Dabatek.

Beste aldean, berriz, 150 sindikalista, XXI. mendeko bigarren hamarkadan arraroak diruditen ideiekin. «Gure haurren geroarentzat borrokan ari gara; zer mundu utziko diegu?», eskatu zuen Delionek. Bi munduren arteko talkaren adibiderik garbiena Dufauk eman zuen: «Aquarius itsasontzia gogoan dugu: nola posible da 629 pertsona itsaso erdian uztea? Ez dut mundu hori nahi, ahalkegarria da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.