Boko Haramekin ezinean

Nigeriako talde islamistak eraso bortitz bat egin du zibilen aurka ipar-ekialdeko Borno estatuko herri batean, armadak inguru horretatik ihes egin ondoren

Mikel Rodriguez -

2015eko urtarrilak 9
Boko Haram muturreko talde islamistak bertze erasoaldi handi bat egin du Nigeriako ipar-ekialdeko muturrean. Inguru horretan ohikoa den bezala, berriak nahasiak dira, eta erasoaren ondorio zehatzak zein diren ez dago argi, baina, Borno estatuko ordezkari baten arabera, Baga izeneko hamar mila biztanleko herria «erabat desagertu da». Joan den asteburuan talde islamistak base militar bat indarrez hartu zuen Bagan, eta Erresuma Batuko BBC katearen eta Frantziako AFP agentziaren iturrien arabera, atzo herri horretako biztanleei oldartu zitzaien. Txadeko lehen ministroak berretsi du azken egunotan 3.000 errefuxiatu jaso dituztela Nigeriatik. Nigeriako politikariak presidentetzarako hauteskundeen kanpainan murgilduta dauden bitartean —otsailaren 14an dira—, armada gero eta ezintasun handiagoa erakusten ari da Boko Haramen aurka.

Borno estatuko gobernuko ordezkari Musa Alhaji Bukarrek atzo BBCri erran zionez, Boko Harameko milizianoek Baga erabat erre zuten herenegun. Hildakoak bi mila izan litezkeela dio iturri horrek; horrek esan nahiko luke herritarren bortzen bat hil dutela, eta, horrez gain, Boko Haramek eraso bakar batean 2014 osoan hil duen jende kopuru bera hil izanen lukeela. Bertze iturriek ez dute berretsi hildako kopuru hori. Espainiako Efe agentziaren informazioaren arabera, hilketen zenbait lekukok ehunka gorpu ikusi dituztela diote. «Ehunka miliziano leporaino armatuta ailegatu, eta etxeei eta saltokiei su ematen hasi ziren, eta ihes egiten saiatzen ziren guztiak hiltzen zituzten», kontatu dio Efe agentziari Musa Maina Yusuf Bagako herritarrak. Erasoaren berri eman duten hedabideen arabera, Baga inguruko bertze hamasei herri ere kontrolpean hartu ditu milizia islamistak.

Borno estatuko eremu hori babesgabe zegoen, larunbatean militarrek ihes egin baitzuten Bagako base militarretik, Boko Harameko milizianoak ailegatu aitzinetik. Alex Barde mariskalak berretsi egin du asteburuko gertakaria, baina ez du xehetasunik azaldu; soilik erran du armadak operazio bat antolatuko duela basea «lehenbailehen» berreskuratzeko. Base hori Txad lakuaren ertzean eraiki zuten, 1998an. Nigeriako militarrek Txadekoekin eta Nigerkoekin partekatzen zuten, talde militar bateratu bat osatuta mugako zaintzarako —guztien mugek bat egiten dute aintziran, Kamerunekin batera—. Boko Haramek Bornon hartu zuen indarra dela eta, ordea, Txadeko eta Nigerko militarrek basea uztea erabaki zuten.

Lau milioi biztanle baino gehiago dauzka Bornok. Islama da erlijio nagusia, eta xaria lege islamikoa indarrean dago, Nigerian musulmanak gehiengoa diren eremu guztietan bezala. Nigeriako biztanleen erdiak inguru dira musulmanak, eta iparraldeko estatuetan gehiengoa dira. Eremu horietan jarduten du Boko Haramek, eta indar handiarekin Bornon, bertan sortu baitzen. Nigeriako Gobernuak 2013tik larrialdi legea ezarrita dauka Bornon.

Taldea Mohammed Yusuf predikatzaileak sortu zuen, 2002an, Maidugurin, Bornoko hiriburuan. Taldeak wahabismoaren eragin handia dauka —islam sunitaren ezarpen fundamentalista babesten duen ildoa—, eta Nigerian estatu islamiko bat sortzea da haren helburua. Sekta baten gisan sortu zen, Mendebaldearen eragin kulturalari aurre egin eta islamaren balioak indartzeko helburuarekin (Mendebaldeko hezkuntza debekatuta dago erran nahi du boko haram izenak, hausa eta arabiera nahasita). Aldaketa erabakigarria 2009an gertatu zen; matxinada bat prestatzen ari zelakoan, Poliziak Boko Haramen aurkako operazio bat egin zuen, eta lehenbiziko borrokak hasi ziren. Yusuf atxilotu zuten, eta polizia etxe batean hil zen —exekutatuta, haren jarraitzaileen arabera—. Hor hasi zuen Boko Haramek Nigeriako Estatuaren aurkako gerra; ordutik 15.000 lagun inguru hil direla diote.

Kamerun eta Txad

2009tik taldea anitz indartu da, eta gero eta eraso bortitzagoak egin ditu, armadaren aurka, eta batez ere zibilen aurka. Baina arazoa jada ez da Nigeriarena soilik. Abubakar Shekau Boko Harameko buruak bideo baten bidez mehatxu egin dio Paul Biya Kamerungo presidenteari. Urtebete bada Boko Haramek Kamerungo iparraldean ere erasoak egiteari ekin ziola, eta azken egunotan Kamerungo armadak hegazkinekin bonbardaketak egin ditu talde islamistaren aurka. Orain, Txad ere beldur agertu da Nigeriako gerrilla ez ote den bere mugetan sartuko. «Beldur gara, neurriak garaiz hartzen ez baditugu, guk ere kontrolatu ezinezko egoera batean bukatzeko», adierazi du Kalzeube Pahimi Deubet lehen ministroak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna