Erronkarin, latxen gazta

Nekazaritzako Elikagaien Industriak bertan behera utzi du Erronkari jatorri izenean ardi arraza intentsiboak onartzeko egindako araudi aldaketa
Erronkari jatorri izeneko eta EHNEko ordezkariak, atzo Iruñean egindako agerraldian.
Erronkari jatorri izeneko eta EHNEko ordezkariak, atzo Iruñean egindako agerraldian. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Lohizune Amatria -

2015eko urtarrilak 14
Bertako ardien esnearekin egingo dute aurrerantzean Erronkariko gazta. Espainiako Nekazaritzako Elikagaien Industriako Zuzendaritzak bertan behera utzi du Erronkari jatorri izenaren araudian 2008an egindako aldaketa; eta, horrenbestez, rasa eta latxa ardi arrazak baino ez dira sartuko jatorri izenean. Erabakia ospatu du EHNE sindikatuak, hasieratik izan baita jatorri izenean arraza intentsiboak barneratzearen kontra. «Prozesu baten amaiera ospatzeko batu gara», esan zuen atzo Ignacio Gil EHNEko zuzendaritzako kideak.

Erabakiak onurak ekarriko dizkio sektoreari, Gilen ustez: «Kalitatezko zigilua eta Nafarroako artzaintza estentsiboa babestu dute». Iazko ekainean utzi zuen moldaketa bertan behera Erronkariko gaztaren jatorri izenaren batzorde arautzaileak. Europako Batzordera igorri zuten espedientea Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Nekazaritza Ministerioak, eta abenduaren 22an onartu zuten gazta egiteko bertako ardien esnea soilik erabiltzea. Iazko maiatzetik, EHNE da sektoreko ordezkari bakarra jatorri izenaren batzordean, eta erabakigarria izan da hori prozesuan. Nafarroako abeltzainen beste sindikatuak —UAGNk—, eta industriak (Enaquesa, Aldanondo) ez zuten hautagaitzarik aurkeztu, eta EHNEk gehiengo osoz irabazi zituen hauteskundeak.

Arraza intentsiboak sartzeko moldaketa geldiarazteko prozesua luzea izan da sindikatuarentzat, baina «amaiera zoriontsua» izan duelako pozik agertu zen Gil. Neurri bateraino zegoen gustura, sektorearen egoera ez baita onena. «Sektore honen jarraipena ziurtatzeko dago: arrazen genetika hobetu behar dugu, ustiategien azpiegiturak berritu; gazteei erraztasunak emanez, belaunaldi berriak ziurtatu». Horretarako, guztien parte hartzea eskatu du; abeltzainena, industriarena eta administrazioarena. Erronkari jatorri izenaren batzordean parte hartzeko eskatu die EHNEk UAGNri eta gaztagile industrialei, baina gonbidapena baztertu dute biek. Industriak, gainera, helegitea aurkeztu zuen batzordea berritzeko hauteskundeetara deitzen zuen foru aginduaren aurka. «Haserrealdi bat izan da», Gilen esanetan, baina ez du eraginik izango, «prozesua itxita baitago».

Zazpi urte iraun du Erronkari jatorri izenaren inguruko aferak. 2008. urtean eskatu zuen jatorri izenaren batzordeak —UAGNk eta industriak gehiengoa zutenean— ardi arraza intentsiboen esnea ere erabili ahal izatea Erronkariko gazta egiteko. Ekoizpena handitu nahi zuten, assaf eta Lacaune ardiek esne asko ematen dutela baliatuta. EHNEk kontra egin zuen orduan, uste baitzuen latxa ezingo zela ikuiluetan bizi diren ardi horiekin litroetan lehiatu, eta horrela desagertuko zirela artzaintza eta mendiaren erabilera tradizionalak. «Industriak ekoizpena ziurtatu nahi zuen; baina jatorri izenaren helburua ez da produktuaren ekoizpen mugagabea izatea. Kalitatezko produktu berezia eta errepikaezina lortzea da», gogorarazi zuen atzo Gilek. Nafarroako Gobernuak bai, baina Europako Batzordeak ez zuen industriaren aldaketa guztiz onartu, assaf eta Lacaune arrazek ekoizpen eremuarekin loturarik ez zutela argudiatuz. Erdibideko konponbidea proposatu zuen: Lacaune baztertzea eta %35era mugatzea assaf ardi arrazaren esnea.

Azken erabakiarekin, aldiz, bertako ardi arrazak izango dira soilik Erronkarin, latxa bereziki, rasarik ia ez baitago. Aurten, gainera, prezioen aurreikuspen hobea egin dute, eta esnearen eskaria ere handituko dela dio. «Baina jatorri izenaren arrakasta ezin da litro kopuruaren arabera neurtu; ekoizten den gaztaren kalitatean datza». Eta kalitatea hobea izango da, EHNEren ustez, latxarekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna