Berrikuntzarako oztopo delako

Datorren urteko hauteskundeak buruan dituela, Jacob Zuma Hegoafrikako presidenteari dimititzeko eskatu dio ANC bere alderdiak. Hamaika ustelkeria kasutan nahastuta dago. Erabakia ez da loteslea
Jacob Zuma Hegoafrikako presidentea —bizkarrez— eta Cyril Ramaphosa ANCko presidentea, joan den abenduan, alderdiaren kongresuan.
Jacob Zuma Hegoafrikako presidentea —bizkarrez— eta Cyril Ramaphosa ANCko presidentea, joan den abenduan, alderdiaren kongresuan. KIM LUDBROOK / EFE

Igor Susaeta -

2018ko otsailak 14
Alarma gorria piztu zen ANC Afrikako Kongresu Nazionala alderdiaren barruan, duela bi urteko abuztuan. Aurreikusi bezala, Hegoafrikako udal hauteskundeak irabazi zituen, baina 1994az geroztik, apartheid-a amaitu zenetik, emaitza txarrenak lortuta (%54). Horren erantzulea Jacob Zuma herrialdeko eta alderdiko presidentea zela ondorioztatu zuten ANCko zenbait kidek. Horietako bat zen Cyril Ramaphosa artean Hegoafrikako presidenteordea zena. Hamaika ustelkeria kasutan nahastuta zegoen eta dago Zuma, eta Ramaphosari iruditzen zitzaion horrek alderdiari kalte egiten ziola, eta datorren urteko presidentetzarako bozetan emaitza are kaskarragoak bil zitzakeela 1994tik boterean dagoen alderdiak.

Hori eragozteko ahaleginean, lehen urratsa joan den abenduan egin zuen Ramaphosak, alderdiaren presidentetza eskuratuz. Ustelkeriaren kontra egin beharra dagoela eta Hegoafrikako ekonomiari bultzada bat eman behar zaiola esan eta esan ari da orduz geroztik, eta zeregin hori oztopatzen du Zumak; «berrikuntzarako itxaropena» higatzen du presidentearen presentzia hutsak. Horregatik, dimititzeko eskatu dio alderdiak, ofizialki.

Azken egunetan harekin bildu da Ramaphosa bera, eta zenbait komunikabidek ANCren iturriak aipatuz argitaratutakoaren arabera, Zumak hiru eta sei hilabete arteko epea eskatu du horretarako. ANC, ordea, ez dago itxaroteko prest, eta kargua berehala uzteko exijitu dio alderdiaren batzorde eragileak. Erabakia, dena den, ez da loteslea. Ace Magashule idazkari nagusiak erabakiaren berri eman zuen atzo eguerdian, eta adierazi zuen Zumak gaur bertan erantzungo diola eskaerari. «Ziur nago».

Alderdiaren zuzendaritzak eskatutakoari muzin egin, eta karguan jarraitzea erabakiko balu ere, Zuma 75 urtekoarenak egin du. Izan ere, parlamentuan, haren kontrako zentsura mozio bat dago programatuta, hilaren 22rako. DA Aliantza Demokratikoa oposizioko alderdi nagusiak deitu du, eta 2009tik Hegoafrikako presidente denaren kontrako zortzigarrena litzateke. Aurreko guztietatik salbu atera da, ganberako 400 diputatuetatik 249 ANCkoak direlako. Azkenekoan, baina, joan den abuztuan, botoa sekretua izan zen, eta bozketako emaitza kontuan hartuta, ondorioztatu daiteke ANCko 40 bat parlamentari matxinatu zirela. ANCko kideek ez diote beste zentsura mozio bati aurre egin nahi, hori «amesgaizto» baten modukoa litzatekeelako haientzat. ANCko zuzendaritzako kide Lindiwe Zuluk azpimarratu zuen, atzo, Zuma «kamarada bat» dela, eta ez dutela hura «gillotinatzeko» asmorik.

Halere, alderdi barruan asko ziren Zuma paretik kendu nahi zutenak. Nkosazana Dlamini-Zuma presidentearen emazte ohia ez zegoen, halere, horien artean, eta Zuma babestearen aldekoa zen. Alderdiko presidente izateko hautagaia izan zen joan den abenduko kongresuan —hamar urteren ondoren, kargua utzi behar izan zuen Zumak, legez—, baina Ramaphosa hautatu zuten. Kongresua egin aurreko kanpainan argi asko nabaritu zen alderdia bitan zatituta zegoela.

Ramaphosak berak agerian utzi zuen joan den igandean alderdiaren jarraitzaileen aurrean egindako ekitaldi batean, aitortu zuenean batasunik eta adostasunik ezarik gabeko aro bat bizitzen ari direla ANC barruan. «Botere trantsizioaz» mintzo izan da joan den abendutik, eta hori gauzatzeko moduan da. Gainera, Hegoafrikako presidente bihurtuko da.

Ikusteko dago, ordea, Zumak berak nola erreakzionatuko duen hurrengo orduetan. «ANCko kide diziplinatua da», nabarmendu zuen Magashulek, atzo. «Espero dugu gure militanteak egitea alderdiak espero duena. Kontu presazkoa da». Idazkari nagusiak pentsatzen du, gainera, «botere trantsizioaren» eraginez herrialde osoa pairatzen ari dela «ziurgabetasunik eza eta antsietatea».

Mandelaren alderdia

Hegoafrikan apartheid-ak iraun zuen lau hamarkadetan askapen nazionalerako mugimendua izan zen ANC, eta Nelson Mandela zuen buru. Azalaren kolorearen araberako bereizketa ezartzen zuen sistema politikoa 1991n eraitsi zuten, eta 1994tik gaurdaino egindako presidentetzarako eta parlamenturako hauteskunde guztietan nagusitu da ANC.

Geroz eta babes gutxiago du, hala eta guztiz ere, herritarren artean. Afrikako herrialde garatuena da Hegoafrika, bai, baina langabezia tasa, ofizialki, %25 ingurukoa da —inkesta batzuek diote %40koa dela—, oinarrizko zerbitzuen eskasia, nabarmena, eta pobrezia, handia.

Eta Zumak, berriz, 800 ustelkeria kasu pilatu ditu azkeneko bi hamarkadetan. 2014an hauteskundeak bigarrenez irabazi zituenenean, Desmond Tutu Bakearen Nobel saridunak ondokoa esan zuen hari buruz: «Pozik nago Mandela hilda dagoelako». Apartheid-aren aurka lan egin zuen artzapezpikuko hegoafrikarrak esana zeukan ez ziola ANCri bozkatu. Orain berrikuntzarako bidean pausoak eman nahi ditu alderdiak, eta oztopo iruditzen zaiena paretik kendu dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna