Eskoziarren konkistan

Cameron, Miliband eta Clegg bete-betean sartu dira ezetzaren aldeko kanpainan.

Salmonden ustez, hirukoaren kezka nagusia «beren lanpostua ez galtzea» da
Alex Salmond Eskoziako lehen ministroa, Edinburgon, baietzaren aldeko kanpainako ekitaldi batean.
Alex Salmond Eskoziako lehen ministroa, Edinburgon, baietzaren aldeko kanpainako ekitaldi batean. ANDY RAIN / EFE

Xabin Makazaga -

2014ko irailak 11
Eskozian independentziari buruzko erreferenduma egiteko astebete falta dela, berdinketa teknikoa ematen dute inkestek, ezetzaren aldeko hilabeteetako joera iraulita, eta Erresuma Batuko alderdi nagusietako buruzagiak Britainia Handiko iparraldeko lurretara joan ziren atzo, kanpainan bete-betean sartu, eta eskoziarrak konkistatzen, limurtzen saiatzeko. David Cameron lehen ministro kontserbadorea ezezko botoa erregutzera ere iritsi zaie. Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak «Westminsterreko taldea» deitu dio Cameron tory-ak, Ed Miliband laboristak eta Nick Clegg liberal-demokratak osatutako hirukoari, eta haien kezka nagusia «beren lanpostua ez galtzea» dela nabarmendu du.

Hilaren 18an eskoziarrek nagusiki independentziaren alde bozkatu eta Erresuma Batuko «nazioen familiatik» bereiztea erabakiko balute bihotza apurtu egingo litzaiokeela adierazi du Cameronek, atzo bertan Daily Mail egunkarian argitaratutako iritzi artikuluan. Erresuma Batua «herrialde maitatu eta berezia» dela nabarmendu du: «Horixe dago jokoan».

Eskoziarren sentsibilitatea urratzeko saioaz gain, ordea, beldurraren mezua ez du ahaztu Erresuma Batuko lehen ministroak, eta, Eskozia independente batekin diru batasuna ez litzatekeela bideragarria argudiatzearekin bat, baietzak irabaziz gero Londresek ez lukeela libera esterlina partekatuko ohartarazi du Edinburgon, Eskoziar Alargunen egoitzan emandako hitzaldian.

«Iluntasunerako jauzia» litzateke Eskoziaren independentzia, Cameronen ustez: «Jendeak pentsa dezake hau hauteskunde orokorrak bezala dela, orain erabaki bat hartu eta bost urte barru aldatzeko aukera izango duela tory madarikatuekin nekatzen bada. Baina oker daude, hurrengo mende osoari buruzko erabaki bat hartuko dute».

Alex Salmondi eta baiezkoaren aldeko kanpainari mezu nahasgarria zabaltzea ere egotzi die Erresuma Batuko lehen ministroak, eta ezezkoak irabaziz gero erreferendumaren biharamunean bertan Eskoziari ahal handiagoa emateko lanak hasiko dituztela adierazi du: «Ezetzaren aldeko botoa ez da statu quo-aren aldeko botoa; ez du esan nahi gauzak ez direla aldatuko. Eskoziak autonomia handiagoa izango duela esan nahiko du. Lehia ez baita Eskozia gainerako Erresuma Batuarekin aurrez aurre; aurrez aurre Eskoziaren etorkizunari buruzko bi ikuspegi daude». Unionistek zerga sistemari eta ongizate politikei buruzko eskumenak agindu dizkiete eskoziarrei, besteak beste.

Cameronek, Milibandek eta Cleggek nork bere aldetik egin zituen atzo Better Together (Elkarrekin Hobeto) kanpainaren aldeko ekitaldiak Eskozian. Erresuma Batuko lehen ministroa apenas agertu zen iparraldeko lurretan, ezetzaren aldeko kanpainako arduradunek beraiek mesede baino kalte gehiago egingo zuela ohartarazi ziotenetik. Tory-ek legebiltzarkide bakarra baitute Holyrooden, eta Cameron aberaskume ingeles baten gisan hartuko lukete.

Unionistek kanpainako buru Alistair Campbell laborista jarri zuten, eta Salmondekiko aurrez aurreko eztabaidak ere Tony Blairren gobernuko komunikazio buru ohiak egin ditu. Berriki, inkestek baiezko eta ezezko botoak parez pare agertu zituztelarik, Gordon Brown lehen ministro ohi laboristak hartu du pisua Better Together kanpainan.

Ed Miliband buruzagi laboristak Erresuma Batuan jarraitzeko deia egin zien atzo eskoziarrei, eta independentziak justizia soziala handitu ordez herritarren soldatak eta lan baldintzak okertuko dituela ohartarazi zuen Cumbernaulden: «Gurekin gera zaitezte. Indartsuagoak gara elkarrekin, eta Erresuma Batua alda dezakegu». Nick Clegg lehen ministrorde liberal-demokratak, berriz, Cameronen ildo beretik jo zuen, ia hitz berekin: «Independentziarekin, iluntasunerako jauziaren arrisku ikaragarriak edo, Erresuma Batuko nazioen familian jarraituta, Eskoziarentzako ahal handiagoaren segurtasuna, horixe dago jokoan».

Baietzak inkestetan izan duen gorakada gogo onez hartu du Salmondek, «gure kanpainak gero eta herritar gehiago konbentzitu dituela ematen baitu», eta hiru alderdi unionistetako buruzagiak kanpaina betean sartzea ironiaz ere hartu du: «Izuikarak ekarri du hona Westminsterreko taldea. Gure kanpainaren puntu nagusia enplegua da: parlamentu indartsu bat izan nahi dugu Eskoziarentzat lanpostuak sortzeko. Baina Westminsterreko taldearen kezka nagusia beren lanpostua ez galtzea dela ematen du».

Enpresak, beldurra sortzen

Erresuma Batuko hiru buruzagien bisitarekin bat, Eskozian egoitza duten hainbat enpresak ere independentziaren arriskuaz ohartarazi zuten atzo. Standard Life aseguru etxeak bere jardunaren eta aurrezki nahiz inbertsioen zati bat Londresera eramateko aukera aipatu du, «segurtasunagatik». Multrees Investor Services funtsak ohartarazi du inbertsiogile eta aurrezleak «milaka milioi libera» Ingalaterrara aldatzen ari direla. Eta British Petroleumek adierazi du Erresuma Batuaren batasuna «bermea» dela Ipar itsasoko jardunerako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna