Meniarako zalantzak

Ukrainan indarrean sartzekoa da gaur armadaren eta matxinoen arteko su-etena.

Bi aldeek negoziazioei ekin nahi diete, baina datarekin ez dira ados paratu
Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak ekialdeko Kharkiv eskualdeko base militar bat bisitatu zuen asteburuan.
Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak ekialdeko Kharkiv eskualdeko base militar bat bisitatu zuen asteburuan. SERGEI KOZLOV / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko abenduak 9
Ukrainako gatazkaren konponbidea bilatzeko lanari bultzada diplomatiko bat eman nahi diote aldeek aste honetan. Hala ere, azken hilabete hauetan guztietan bezala, zalantzak dira nagusi, itxuraz sendoenak ziren konpromisoak ere ez baitituzte bete, eta beti batak bertzeari egotzi dio horren errua. Duela astebete hitzartutako su-etena egunez egun gibelatu dute, eta, teorian, azken epearen arabera, gaur sartu beharko litzateke indarrean. ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeak Ukrainan duen misioak herenegun igorritako oharraren arabera, 09:00etan sartuko da indarrean. Horrez gain, gobernua eta matxinoak berriz elkarrizketan hastekoak dira datozen egunetan.

«Berriz diot: indar armatuak prest daude borrokak gelditzeko [...], ikusiko dugu nola beteko den bihar>», adierazi zuen atzo Stepan Poltorak Defentsa ministroak. Ezkorrago agertu zen, ordea, Andrei Purgin Donetskeko matxinoen ordezkaria, eta Ukrainako Gobernuari leporatu zion menia ezartzeko borondaterik ez izatea. Ordu gutxitan jarrerek anitz aldatu beharko dute, ESLAk dioen bezala gaur menia bat indarrean sartzeko.

Zalantza berak daude elkarrizketak berrekitearekin ere. Aste honetan elkartzekoak dira bi aldeak Minskeko Protokoloaren aplikazioa eztabaidatzeko. Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak asteburuan erran zuen bilera gaur egitea espero zuela, baina Donetskeko Herri Errepublikaren ordezkariek ortzirala proposatu zuten. «Minskeko ereduaren araberako negoziazioak Kievek agenda berretsi bezain agudo eginen dira aste honetan, eta hori ari gara eztabaidatzen orain», adierazi zuen atzo Denis Puxilin Donetskeko Herri Errepublikaren negoziatzaileak. Iluntzean, Vladislav Deinego Luhanskeko Herri Errepublikaren negoziatzaileak Errusiako Itar-Tass agentziari adierazi zion gaur ez dela bilerarik izanen. «Kievek erabaki du bihar eginen direla elkarrizketak. Ikusiko dugu nola moldatuko diren gu gabe». Deinegok erran duenez, Donetskeko eta Luhanskeko matxinoen ordezkariek adostu dute bilera ortziralerako proposatzea.

Maiatzean Ukrainako hego-ekialdean gerra hasi zenetik konponbidea bilatzeko egindako ahalegin serioena izan da orain arte Minskeko Protokoloa, baina, hala eta guztiz ere, borrokek ia bere horretan jarraitu dute. Irailaren 5ean sinatu zuten Ukrainak, Donetskeko eta Luhanskeko herri errepublikek, Errusiak eta ESLAk. Protokoloaren lehentasuna da su-etena berehala ezartzea, baina halakorik ez da gertatu. Hiru hilabete igaro dira, eta orain egitekoa den bileraren helburua izanen da hitzartutakoa nola bete adostea.

Gerrak jarraitu duelako, gainera, arazo berriak sortu dira, mataza gehiago nahasi eta jarrerak gogortu dituztenak. Adibidez, Ukrainako Parlamentuak bertan behera utzi zuen matxinoen kontrolpeko eremuei aldi baterako autonomia emateko legea —aitzinetik, Minskeko Protokoloari jarraituta onartu zuen—, eta Donetskeko eta Luhanskeko eremu horiek ekonomikoki blokeatzeko neurriak hartu ditu; matxinoek, berriz, Kievi jaramonik egin gabe jarraitu dute haien estatuak eraikitzeko neurriak hartzen —hauteskundeak egin zituzten, bertzeak bertze—.

Arma astunen erretiratzea

Donetskeko Herri Errepublikaren negoziatzaileak argi erran du auzi horiek paratuko dizkiotela mahai gainean Kievi. «Segur aski ez dute erabaki zehatzik hartu nahiko errepublikak ekonomikoki itotzeko, eta horrela gure herriak beharrezkoa duen elkarrizketa politikoa saihesteko», uste du Puxilinek. Horrez gain, gerrako presoen trukea eztabaidatu nahi dute matxinoek.

Matxinoen lehentasunetako bat da Ukrainako armadak arma astunak erretiratzea borroka guneetatik. Arlo horretan nagusitasuna dauka Ukrainako armadak, eta hirietan egindako bonbardaketetan zibil anitz hil ditu. Atzo bertan, adibidez, Horlivka hirian gizon bat hil zela jakinarazi dute Donetskeko matxinoek, bonba batek haren etxea jota.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna