Urteak, orduen mende

Bart gauerdian bukatu da Iranen programa nuklearraren inguruko akordioa egiteko laugarren epea.

Rohani: «Akordioa hasiera on bat izanen da»
Laurent Fabius Frantziako Atzerri ministroa eta Frank-Walter Steinmeier Alemaniakoa agerraldi batean, atzo, Vienan. 5+1 Taldekoak dira biak.
Laurent Fabius Frantziako Atzerri ministroa eta Frank-Walter Steinmeier Alemaniakoa agerraldi batean, atzo, Vienan. 5+1 Taldekoak dira biak. GEORG HOCHMUTH / EFE

Mikel Rodriguez -

2015eko uztailak 14
Laugarren luzapenaren epea bete du Iranen eta 5+1 Taldea osatzen duten potentzien arteko negoziazioak, eta, aitzineko aldien bidetik, edizio hau ixterakoan ez zegoen programa nuklearraren akordioaren inguruko berririk. Hassan Rohani Irango presidenteak agerraldi bat egitekoa zuen arratsaldean Irango telebistatik, musulmanen ramadan jai santuaren bukaerako ospakizunen une berean. Akordioaren berri eman zezakeela espero zen, are gehiago kontuan hartuta goizean Mahmud Vaezi Komunikazio ministroak adierazia zuela «Irango herriak berri onak» jasoko zituela atzo, «hamahiru urteko gatazkaren ondoren». Arratsaldean, baina, Rohaniren bulegokoek jakinarazi zuten presidentea ez zela mintzatuko negoziazioak erabat bukatu arte. Bart gauerdira artekoa zen laugarren luzapenaren epea; ordu batzuetako bertze itxaronaldi bat, Ekialde Hurbileko geopolitika urteetarako alda dezakeen erabaki baterako.

Aitzineko epe bukaeren antzeko gidoiari eutsi zioten negoziatzaileek atzo ere: akordioa garaiz egiteko itxaropena agertu zuten batzuek, eta zuhurtzia bertzeek. Arratsaldean, Etxe Zuriak adierazi zuen espero zuela oraingoan epea bukatu aitzinetik lortzea akordioa, eta hala ez balitz behin-behineko akordioa luzatzeko aukera aipatu zuen Josh Earnest bozeramaileak —akordio horrek 2013ko azarotik blokeatu du Iranen programa nuklearraren zati bat—. Irango negoziatzaileen burua, ordea, zuhurrago agertu zen. Mohammad Javad Zarif Atzerri ministroa bertze epe bat ezartzearen aurka agertu zen goizean, baina ohartarazi zuen azken negoziazio saioak «behar bertze» luza zitezkeela. Irango IRNA agentziaren arabera, arratsaldean kazetariek Zarifi galdetu zioten ea gauerdirako eperako bukatuko ote zuten, eta, keinu batekin, ezetz erantzun zien.

Seguruenik, horrela uler liteke Rohanik Twitter sare sozialean aldatu zuen txioa, ingelesezko kontuan. «Iranen akordioa diplomaziaren eta errespetuaren garaipen bat da bazterkeriaren eta mehatxuaren paradigma zaharkituaren gainetik. Eta hori hasiera on bat da», zioen jatorrizkoan, akordioa egintzat emanda. Hori ezabatuta, bertze bat idatzi zuen, neurtuagoa. «Iranek akordioa egiten badu, bazterkeriaren eta mehatxuaren paradigma zaharkituaren gainetik irabaziko du diplomaziak eta elkarrekiko errespetuak. Eta hori hasiera on bat izanen da».

Izan ere, eztabaida nagusietako bat da ea 5+1 Taldeak eta Iranek akordioa eginez gero bertze aro bat hasiko den AEBen eta Iranen arteko harremanetan; eta, hortaz, Ekialde Hurbil osoan.

Negoziazioak azken fasean sartu aitzinetik, John Kerry AEBetako Estatu idazkariak adierazi zuen akordioa sinatuz gero ere ez zela «deus» aldatuko bertzelako harremanetan. Iranen aldetik, gauza bertsua adierazi zion Fars agentziari Ahmad Reza Purdastan jeneralak. «Printzipioen ingurukoa da etsaitasuna; nazioak bortxatu eta kateatu nahi dituzte AEBek».

2002an argitaratu zen Iranek programa nuklear sekretu bat zuela. Ordurako, Washingtonek eta Teheranek 23 urte zeramatzaten etsaituta. Auzia negoziazio bidez erabakitzeko fase erabakigarria 2013an hasi zen, Rohanik Iranen hauteskundeak irabazi ondoren, hark eta Obamak hala erabakita. Urte horietan guztietan, ordea, bi herrialdeen arteko harremana aldatuz joan da, nagusiki AEBek Irak inbaditu ondoren (2003tik) sortutako ondorioengatik. Iranen eragin geopolitikoa handitu egin da, Iraken gehiengo xiitak monopolizatu baitu boterea, eta Ekialde Hurbil osoan muturreko islamismo sunitaren hazkundeagatik bertze herrialdeetako xiiten erreferentzia nagusi ere bihurtu da. Estatu Islamikoaren agerpenarekin, AEBak eta Iran etsai komun baten aurka hasi dira borrokan.

Israel: «Amore ematen»

Dena den, faktore gehiago ere kontuan hartu beharko dira datozen urteotan. Adibidez, 2016tik aitzina nor izanen den Etxe Zurian. Eta baita, noski, AEBen aliatu nagusien jarrera: monarkia sunitena eta Israelena. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa gogor mintzatu da berriz ere akordioaren aurka. «Nahiz eta [Iranek Israel] suntsitzeko deia egin, negoziatzaileek amore ematen jarraitzen dute, eta, segur aski, prest daude akordioa edozein modutara egiteko, eta ez dago inolako planik edo nahirik akordio txar bat ez egiteko», adierazi zuen atzo, Likud alderdiaren ekitaldi batean. Netanyahuk asmoa du AEBetako Kongresuan ituna baztertzeko babesak bilatzeko, baina zail izanen du behar bertzeko gehiengoa alde paratzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna