Burkina Fasoko kolpeak kolokan utzi du trantsizio politikoaren bururatzea

Kolpistek adierazi dute «guztiekin» eztabaidatuko dutela bozak egiteko, baina ez dute zehaztu urriaren 11ko datari eutsiko dioten.Gobernu osoa gatibu dute

Burkina Fasoko kolpeak kolokan utzi du trantsizio politikoaren bururatzea.
mikel rodriguez
2015eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Burkina Fason argitu da presidentearen guardiek estatu kolpe bat eman dutela, eta Michel Kafando presidentea, Yacub Isaac Zida lehen ministroa eta gobernuko bertze kideak atxikiak dituzte. Kolpistek Gilbert Diendere jenerala dute buruzagitzat. Blaise Compaore presidente ohiaren aroan armadaren estatu nagusiko buruzagi izan zen, eta azaldu duenez, kolpearen arrazoietako bat izan da berriki gobernuak onartutako hauteskunde legearen erreforma, Compaoreren hurbileko izandakoei bozetara aurkeztea galarazten baitie. Hauteskundeak urriaren 11n egitekoak dira, urtebeteko trantsizioa bukatzeko, baina kolpeak prozesu guztia kolokan utzi du.

Diendere jeneralak Jeune Afrique astekariari adierazi dio Kafando eta Zida etxeko atxiloaldian dauzkatela, eta erran dio askatu eginen dituztela, nahiz eta ez duen zehaztu noiz. Kolpistek hartu duten lehenbiziko neurria muga guztiak ixtea izan da, lurrekoak eta airekoak. Gerorako planak ez dituzte anitz zehaztu. «Eragile politiko guztiekin eztabaidatu nahi dugu oinarri on batetik berriz hasteko. Hauteskundeak eginen dira, baina lehenbiziko ados paratu behar dugu», adierazi du Dienderek.

Uagadugu hiriburuan herenegun arratsean eta atzo liskarrak izan zirela jakinarazi dute berri agentziek, eta horietan gutxienez hildako bat izan dela erran dute—manifestari bat, soldaduek tirokatuta—. Nahiz eta kolpistek gobernu osoa gatibu hartu, ez dago argi herrialde osoa kontrolpean duten. Izan ere, Cheriff Mumina Sy parlamentuko presidenteak adierazi du «talde txiki bat» baino ez dela, eta herrialdeko presidentetzat aldarrikatu du bere burua, Kafando aske utzi arte. «Trantsizioa herriaren borondateagatik paratu zen martxan, eta hark ezarri zituen eginkizuna eta epeak. Talde txiki batek ez du hori aldatuko».

Nazioartean gaitzespen zabala izan du kolpeak. Bertzeak bertze, Afrikako Batasunak eta Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak exijitu diete kolpistei amore ematea. Frantziak, Burkina Fasoren kolonizatzaile ohiak, kolpea gaitzetsi du. 220 soldadu dauzka Uagadugun, baina François Hollande presidenteak adierazi du ez dagoela «arrazoirik» esku hartzeko.

Trantsizio hitzartua, iaztik

Compaore presidenteak iaz eman zuen dimisioa, hiru eguneko liskarren ondoren. 1987an lortu zuen boterea, hark ere kolpe baten bidez. Trantsizioa armadak eta oposizioak hitzartu zuten, iazko azaroan. «Blaisek [Compaorek] nardatzen zituela armadako batzuk ere begi bistakoa da. Halere, herria da altxatu; hori da abiapuntua, nahiz eta ondotik armadak errekuperatu duen gisa batez», adierazi zion orduan Syk BERRIAri. Sy, kazetaria izatez, Compaoreren arerio historikoa da, eta trantsizioan presidente izateko hautagai aurkeztu zen. Parlamentuko buru egin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.