Eta, gaur, itzuliko lehiak

Kataluniak eta euskal selekzioak bi partidatan neurtuko dituzte indarrak gaur, Bartzelonan.Banakoarekin amaitu ziren duela urtebete jokatutako lehiak

Euskal selekzioko jokalariak, Nazio bat, selekzio bat dioen pankarta eskuetan, iaz, Kataluniaren aurka San Mamesen jokatutako partidan. MONIKA DEL VALLE / ARP.
Julen Etxeberria.
2015eko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Urtebete eskasean bigarrenez ariko dira euskal selekzioa eta Kataluniakoa elkarren aurka futbolean. Iazko abenduaren amaieran, bana berdindu zuten bi herrialde horietako emakumezkoen eta gizonezkoen selekzioek Barakaldon (Bizkaia) eta Bilbon jokatutako partidetan. Gaur, eta kanporaketa kutsua emateko, itzulikoak jokatuko dituzte, Irabazteko garaia lelopean. Emakumezkoak Miniestadin ariko dira, 18:45ean (ETB4), eta gizonezkoak 21:30ean, Camp Noun (ETB1). Irabazleek Mendeurrenaren Kopa jasoko dute, ehun urte bete baitira aurten bi selekziok lehen aldiz elkarren aurka jokatu zutela. Giro bikaina espero da bi estadioetan.

Estreinakoz ariko dira egun berean gizonezkoak eta emakumezkoak. Ez da apropos egindako zerbait, beharrak behartuta baizik. Izan ere, hasiera batean, gizonezkoak igandean ziren jokatzekoak, baina Espainiako Liga Profesionalak (LFP) hankaz gora jarri zuen asmo hori, lehen aldiz Eguberri eta Urtezahar egunen artean jardunaldia jarrita, datorren asteazkenean eta ostegunean, hain zuzen ere. Igandean jokatuta, deialdian sartzen ziren jokalariek tarte gutxi izango zuten ligako partida horiek prestatzeko. Taldeek kezka adierazi zioten Euskadiko Federazioari, eta hark proposamena egin zion Kataluniakoari, partida egun bat aurreratzeko, alegia. Akordioa izan zen, eta, beraz, egun berean jokatuko dira bi partidak. Emakumezkoetan, ordea, ez da inolako arazorik izan, liga etenda baitago urtarrilaren 9-10era arte.

Talde lehiakorrak

Eguna aldatu izana mesedegarria izan da Mikel Etxarrik eta Jose Mari Amorrortuk, gizonezkoen hautatzaileek, deialdi ona egin dezaten. Ez dago Espainiako Ligatik kanpo ari den jokalaririk, ezta Ipar Euskal Herriko jokalaririk ere. Athleticekoak dira nagusi, bederatzi. Realekoak, berriz, bat gutxiago dira, zortzi, Eibarrekoak bi, eta Alaves, Osasuna eta Tenerifekoak bana. Javi Eraso Athleticeko erdilari iruindarra da estreinakoz ariko den jokalari bakarra. Beste 21 jokalariek badute eskarmentua. Xabi Prieto Realekoa da beteranoena: 11. partida du gaurkoa. Gorka Iraizozek eta Aritz Adurizek, berriz, hamargarren partida jokatuko dute. Hain zuzen ere, aurrelariak sartu zuen euskal selekzioaren gola joanekoan —Sergio Garciak sartu zuen kataluniarrena—.

Aurrean talde indartsua izango dute. Gerard Lopezek eta Sergio Gonzalezek deialdi bikaina osatu dute. Bartzelona taldeko zazpi jokalari daude zerrendan, eta horrek kalitatea bermatzen du. Beste hamar taldeetako jokalariak daude deialdian, guztiak punta-puntan ari direnak.

Emakumezkoetan, Athleticeko eta Realeko jokalariak dira nagusi. Seina deitu dituzte Juan Jose Arregi eta Jesus Mari Rodriguez hautatzaileek. Oiartzunekoak, berriz, hiru dira, eta Bartzelonakoak, Valentziakoak eta Logroñokoak bana. Zazpi dira estreinakoz ariko direnak: Garazi Murua, Andrea de la Nava, Estibaliz Bajo, Ane Mugarza, Itxaso Nabaskues, Mariasun Quiñones eta Manuela Lareo. Vanesa Gimbert Athleticekoa eta Sandra Ramajo Realekoa dira beteranoenak: bosgarren neurketa dute.

Kataluniari dagokionez, Natalia Arroyok oso talde indartsua osatu du. Bartzelonako eta Valentziako jokalariak dira nagusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.