Katalunia

Hamaikagarren ohartarazpena

Cominek botoa delegatzea onartu du Mahaiak, eta Rajoyk iragarri du «legezko neurriak» aztertuko dituztela. Presidentetza Legearen erreforma datorren astean atera nahi dute aurrera subiranistek

Kataluniako Parlamentuko Bozeramaileen Batzarra bildu zen atzo. Argazkiaren erdian, Roger Torrent parlamentuko presidentea. MARTA PEREZ / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Antoni Comin (ERC) diputatu erbesteratuak botoa delegatu ahal izatea onartu zuen Kataluniako Parlamentuko Mahaiak, atzo goizean. Espero bezala, Ciudadanosek ez zuen erabakia begi onez hartu, modu horretan Generalitaterako presidentegai bat bigarren bozketan aukeratzeko adina boto batuko lituzketelako JxC Junts Per Catalunyak eta ERC Esquerra Republicanak, balizko inbestidura saio batean. Hainbat auzi direla medio, azkenaldian muturtuta dabil Ciudadanos Espainiako Gobernuarekin, eta, beraz, erabakiaren aurrean erreakziona dezala eskatu zion apur bat geroago. «Inork ez dituen baliabideak dauzka Espainiako Gobernuak. Lanean has dadila eskatzen diogu», adierazi zuen Ines Arrimadas Ciutadansen buruak. Eta ordu bakan batzuetara iritsi zen Mariano Rajoyren erantzuna. Espainiako presidenteak iragarri zuen Comini boto delegatua onartzearen kontrako «legezko neurriak» hartzea aztertuko dutela, «indarrean dagoen legedia urratzen duten erabakiak eragozte aldera». Ez zuen adierazi, Ciudadanosek nahiko zukeen bezala, eta beste hainbatetan egin moduan, Auzitegi Konstituzionalean inpugnatuko dutela erabakia, baina ezta kontrakoa ere. Hori bai, Madrilek Kataluniako Parlamentuari egindako hamaikagarren ohartarazpena izan da.

Duela hiru aste, Mahaiak onartu zuenean Carles Puigdemontek (JxC) botoa delegatu ahal izatea, PPCk, Ciutadansek eta PSCk eskatu zioten Roger Torrent Mahaiko presidenteari birpentsa zezala erabakitakoa. Espainiako Gobernuak, bestalde, auziari buruzko txosten bat eskatu zion Estatuaren Abokatutzari. Orduz geroztik, baina, Puigdemontek botoa delegatu ahal izan du legebiltzarrean egin dituzten bi saioetan.

Hain zuzen, legebiltzarrean osoko bilkurara deituta dago gaurko, 10:00etarako —aurrekontuez arituko dira, batik bat—, eta, sekulako ezustekorik ezean, Cominek Sergi Sabria alderdikidearen bidez bozkatu ahal izango du.

Prozesu subiranistaren harira kartzelatuta dauden diputatuei ez bezala, beste parlamentari baten bidez bozkatu ahal izatea debekatu izan die Konstituzionalak erbesteratutako diputatuei, argudiatuz auzipetuta daudela eta ez dutela Espainiako Auzitegi Gorenean deklaratu. Baina JxCk eta ERCk defendatzen dutena da euroaginduarengatik epaileen aurretik igaro direla Puigdemont eta Comin, ezarri dizkieten kautelazko neurrien ondorioz ezin direla ez Alemaniatik eta ez Belgikatik atera, eta horregatik delegatu dezaketela botoa. Cominen esanetan, osoko bilkuretan parte hartzeko «ezindua» dagoelako egin du eskaera. Cominen eta Puigdemonten botoekin 66 batuko lituzkete JxCk eta ERCk balizko inbestidura saio batean; hau da, unionistek baino bat gehiago. Madrilek erabakia inpugnatzen badu, ordea, gehiengo sinpleari eustekoCUPen lau botoak beharko lituzkete bi indar subiranistek, edo, bestela, Puigdemontek eta Cominek diputatu aktari uko egitea.

Abagune honetan Puigdemont telematikoki inbestitzekotan dira subiranistak, litekeena den arren Madrilek, horri bai, helegitea jartzea. Inbestidura molde hori ahalbidetuko lukeen Presidentetza Legearen aldaketa bidean dago, eta Estatutu Bermeen Kontseiluak horri buruzko txostena Mahaiari helarazi ondoren —bihar ziurrenik—, alderdiek hiru egun edukiko dituzte erreforma proposamenari zuzenketak egiteko. Osoko bilkura batera dago deituta, jada, maiatzaren 3rako, datorren ostegunerako, eta subiranistek nahi dutena da ahalik eta azkarrena ahalegindu hori onartzen. Izan ere, Madrilen balizko helegitea medio biderik egin ezean, maiatzaren 22ra bitartean beste hautagaitza bat adosteko eta aurkezteko denbora gehiago edukiko lukete.

Bestalde, nahiz eta Ciutadansek eskatu zion berriro pentsatzeko, Mahaiak erabakita dauka Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epailearen aurkako kereila aurkeztea, prebarikazioagatik.

Bozak errepikatzeaz

Cominek atzo nabarmendu zuen ez dela hauteskundeak berriro egitearen beldur. Haren alderdikide Sabriak, ordea, ez du gauza bera pentsatzen: «Desastre bat litzateke, arduragabekeria bat guztion partetik». Marta PascalPDeCATeko idazkari nagusiarentzat, egoera hori «apokaliptikoa» litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.