Bielsaren ikaslerik onena

Eduardo Berizzok urte baterako kontratua sinatu du Athleticekin, hura alde bakarretik luzatzeko klausularik gabe. Ez du eskatu inor espresuki fitxatzeko

Eduardo Berizzo Athleticen entrenatzaile berria, atzo, San Mamesen eginiko aurkezpen ekitaldian. LUIS TEJIDO / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Eduardo Berizzoren (Cruz Alta, Argentina, 1969) aurkezpena zen, baina Marcelo Bielsarena izan zitekeen. Athleticen entrenatzaile berria Bielsaren jokalari eta laguntzaile izan zen, eta haren lehen sasoi bikainaren oroitzapenak, edo nostalgiak, Berizzok Bilbon eginiko aurreneko agerpen publikoa zipriztindu zuen. Hainbeste luzatu zen haren itzala, hura baino entrenatzaile txarragoa dela nabarmendu behar izan zuen San Mameseko aulkiko apopilo berriak. «Bielsa ispilu bat izan da niretzat. Gozatu egin dut harekin, eta blai eginda nago haren ideiekin. Asko ikasi dut harengandik, eta haren oroitzapena ekarri nahiko nizueke, baina beti egongo naiz harekin desabantailan».

Berizzok urte baterako kontratua sinatu du, eta ez dago inolako klausularik teknikariak edo klubak alde bakarretik luzatu ahal izan dezaten. Heldu den urtean hauteskundeak izango dira Athleticen presidente kargurako, eta, Urrutiak ulertarazi zuenez, zentzuzkoa iruditu zitzaion luzeagoa ez eskaintzea. Zehaztasun horiekin batera, presidenteak Berizzo zergatik aukeratu duten azaldu zuen. Urrutia izan zen Bielsaren figura iraganetik erreskatatu zuen aurrenekoa, eta pasadizo bat kontatu zuen, non, haren arabera, Berizzok Bielsari lagundu zion Athletic hautatzen. «Bielsarekin eta Valverderekin izandako solasaldietan, behin baino gehiagotan agertu zen Berizzoren izena. Horrek belarriak erne jarri zizkidan. Horretaz gain, guk nahi dugun entrenatzaile profila du: irabazteko anbizioa du, egunero hobea izatekoa, eta gure balioak ezagutzen ditu».

Urrutiak bere arrazoiak eman zituen, eta Berizzok ere bai. «Askotan etorri naiz hona jokatzera aurkari gisa, eta atmosfera ezberdina sumatzen da, arima du taldeak. Filosofia horren zati izan nahi dut. Jende askok gomendatu dit Athleticera etortzea; Bielsa eta Valverderekin hitz egin dut. Gogoan dut Luis Bonini zenak behin esan zidana: Athleticen urtebete opa dizut». Berizzo eskarmentu handiko entrenatzailea da, eta ondo baino hobeto ezagutzen du Espainiako Liga. Athleticek iragan sasoian jokaturiko partida «guztiak» ikusi ditu, eta badaki taldeak norabide aldaketa bat behar duela. «Aurreko entrenatzaileak eginiko lanarekiko errespetuz, ez dut epairik egingo, baina erreakzio bat izatera gonbidatzen gaitu. Jendeak sentitzen du ez zela izan denboraldirik onena».

Erreakzio hori abian jarri eta denboraldi ona egiteko, baina, baliabide onak behar dira. Entrenatzaile berriak azaldu zuenez, ondo ezagutzen du jokalari multzoa: «Gazteen eta beteranoen nahasketa bat da, baina nik jokoaren ikuspegi kolektibo bat dut. Adinik gabeko taldea nahi dut». Berizzok esan zuen oraindik ez dela bildu kirol zuzendaritzarekin taldea osatzeko, baina ez duela espresuki jokalaririk eskatu. Ander Capa eta Cristian Ganea lehen fitxaturiko jokalariak ondo ezagutzen ditu, eta, kazetariek beste izen batzuk mahai gainean jarri zizkiotenean, ez zen busti. «Ez dut izenik aipatuko. Halako keinuek askotan martxan egon daitezkeen operazioak garestitu egiten dituzte». Berizzok bost kideko lantaldea ekarri du: Ernesto Marcucci, Pablo Fernandez, Carlos Kisluk, Roberto Bonano Alaveseko atezain ohia eta Mariano Uglessich. Hiru entrenatzaile laguntzaileak dira, bat atezainen entrenatzailea da, eta bestea, prestatzaile fisikoa. Halere, askotan euren erantzukizunak trukatu egiten dituzte.

Entrenatzaileen aurkezpen ekitaldiak asmo on desfile bat izaten dira, eta Berizzok ere bere jokamolde perfektua deskribatu zuen. «Protagonista den talde bat nahi dut. Aurkariaren zelaian jokatuko duena, eta baloiaren bila doana. Horretarako, defentsa sistema irmo bat behar da. Erasoan denbora asko egiten duten taldeetan sinesten dut». Azalpena lurrera ekarrita, uler daiteke bere asmoa Bielsarenaren oso antzekoa dela: goian estu hartzea baloia aurkariaren atetik ahalik eta gertuena lapurtzeko.

Berizzok prostatako minbizia izan zuen iaz, eta ebakuntza egin zioten. Garai hartan harremana izan zuen Yeray Alvarezekin, eta horrek elkar hobeto ulertzen lagunduko diela esan zuen. Handik gutxira kaleratu zuten Sevillatik. Euskarari ere egin zion keinua, ikasten saiatuko dela esan baitzuen, «ahal bada, galderak ulertzeko adina». Promesaren eboluzioa zaindu beharko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.