Katalunia. Independentziari buruzko galdeketa

Bide orria, bide beretik

A-9ko galdeketarako deialdiari eustea adostu dute CiUk, ERCk, ICVk eta CUPek.

Espainiako Gobernuak auzitara joko du kontrol batzordeko dekretuaren aurka
Artur Mas Kataluniako presidentea, atzo, Generalitatean, CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUPeko bina ordezkarirekin bilduta, debekuaren kontra zer egin adosteko bileran.
Artur Mas Kataluniako presidentea, atzo, Generalitatean, CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUPeko bina ordezkarirekin bilduta, debekuaren kontra zer egin adosteko bileran. BERRIA / BERRIA

Oihan Vitoria -

2014ko urriak 4
Hanka herrenik ez dauka Kataluniako galdeketaren aldeko indar politikoen batasunak. Oraingoz, behintzat. Hausturak gertuen zirudienean elkartu ziren atzo, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren aldi baterako debekuaren kontra zer egin hitzartzeko. Zazpi orduz luzatu zen bilera, eta, xehetasunetan sakondu gabe, «batuta» jarraitzen dutela nabarmendu zuen Artur Masek, Kataluniako presidenteak: «Ondo joan da dena, eta hori oso inportantea da. Aurrera goaz, eta aurrera segituko dugu, elkarrekin, denok batera». Masek deritzo «uzkur» eta «ezkor» jokatzen ari dela Espainiako Gobernua. «Oso nekeza da egoera horretan lan egitea». Halere, konpromisoak beteko dituztela hitzeman du. «Adostasunari tinko eusteko gaitasuna gure indargunetako bat da», azaldu du.

Bilkuraren bezperan, Generalitatea «irmotasuna leuntzen» ari zela ohartarazi zuten ERCk, ICV-EUiAk eta CUPek. Argi utzi zuten, orobat, ez zutela edozein aukera balekotzat joko, eta azaroaren 9az berba egitea baino ez zutela onartuko. Halere, kontsultaren aldeko blokeak osorik segitzen du, arrakalarik gabe. Desadostasunak desadostasun eta debekuak debeku, erantzun bateratua eman dute, kanpaina ofiziala berrabiaraziko duten zehaztu gabe. Alde batetik, A-9ko galdeketarako deialdiari eutsiko diote, Kataluniako herritarren parte hartzeko eta botoa emateko eskubidea bermatzeko. Atzerapausorik ez, beraz. Hasierako intentzio berarekin jarraituko dute aurrera. Pultsua mantendu dute galdeketaren aldekoek.

Alderdien arteko batasuna, eta azaroaren 9an bozkatzeko «konpromisoa» ere berretsi du ERCko buru Oriol Junquerasek: «Berme guztiekin bozkatuko dugu, irtenbiderik ez baitago bozkatu gabe». Ildo beretik mintzatu da Joan Herrera, ICV-EUiAko koordinatzaile nagusia. Uste du «erantzun bateratu bat» dela «demokraziarekiko alergiari» eman diezaioketen aukerarik «onena». Hori dela eta, CUPeko bozeramaile David Fernandezek erantsi du ez dagoela «aurrera egitea ez den beste bide orririk». Ohar bitxia egin du xehetasunik eman gabe. «Ardura politikoak hartuko ditugula erabaki dugu, beharrezkoa bada».

«Nahi dugun norabidean»

Burujabetza prozesuaren bide orriak, beraz, bide beretik jarraituko du. Masek berak adierazi du ahaleginetan ari direla abiatutako norabidetik ez irteteko. «Bidean segitu ahal izateko irtenbide guztiak aurkitzen saiatzen ari gara. Espero dugu guztia denok nahi dugun norabidean joatea».

Bestalde, galdeketara deitzeko dekretua eta Kontsulta Legea aldi baterako bertan behera lagatzeko erabakia balio gabe uzteko eskatu diote Auzitegi Konstituzionalari. «Ahalik eta bizkorren» esku har dezala galdegin diote, «gutxienez Espainiak aste honen hasieran jarritako helegiteari baiezkoa eman zion bizkortasun berdinarekin».

Auzitegi Konstituzionalak galdeketa bertan behera laga arren, Generalitateak aurreikusia zuen bide orriari eutsi dio. Azaroaren 9rako kanpaina eten zuen lehenik «badaezpadako neurri gisa», baina ez dio utzi urratsak egiteari. Tentuz, baina gelditu gabe ari da. Kontsulta behatzeaz arduratuko den batzordea osatzeari onespena eman zion asteazkenean parlamentuak. Hurrengo egunean sinatu zuen Masek batzordeko ordezkariak izendatzeko dekretua, eta Generalitateak atzo argitaratu zuen aldizkari ofizialean.

Espainiako Gobernuak, baina, berehala ekin dio dekretuaren bidea trabatzeari. Agerian geratu da berriro haren malgutasunik eza, dagoeneko iragarri baitu astebete barru auzitara joko duela kontrol batzordearen dekretuaren aurka.

PPCko presidente Alicia Sanchez Camachok eman du helegitearen berri, eta gaineratu du Madril «irmotasunez eta soseguz» ari dela: «Gobernua mugitzen ari da; besteak beste, epaitegira eramango duelako kontrol batzorde horretako zazpi kideen izendapena. Dekretua ezin da existitu».

Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordea ere mintzatu da gaiaz. Legez kanpokotzat jo du debekuaren berri izanda ere kontsultarako batzordea eratzea. «Legea bete egin behar da. Inor ezin daiteke demokraziaren gainetik jarri. Demokrazia ezin daiteke nahierara moldatu», ohartarazi dio Masi. Bete beharreko legeak hausten ari delakoan, Saenz de Santamariaren esanetan, Masek «ez du sinesgarritasunik»: «Lege batzuk bai eta beste batzuk ez. Herritarrek seriotasuna merezi dute».

Legelari eta unibertsitate irakasleek osatzen dute batzordea. Horietako hiruk eskaera egin diote dagoeneko Generalitateari: dei diezaiela galdeketa antolatu eta prestaketa lanekin hasteko. Une honetan, ordea, zaila dirudi, atzoko eztabaidaren ondoren «kolokan» geratu delako zelan bermatuko duten kontsultaren deia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna