Turkiak PKK gerrillari eraso dio, Ocalanek emandako epea bukatu bezperan

Gerrilla kurduaren buruzagiak gaur jakinaraziko du su-etenaz eta bake prozesuaz daukan iritzia.

Armadak 2012an egin zituen azken bonbardaketak

Mikel Rodriguez -

2014ko urriak 15
Turkiak are gehiago nahaspilatu du EI Estatu Islamikoaren erasoaldiak Kurdistanen sortutako mataza. AEBei presio egiten ari zaizkie EIren aurkako koalizioari batu dadin, eta Turkiako eta Siriako kurduek exijitzen diote muturreko islamistek setiatutako Kobane hiriari ezarritako blokeoa kentzeko. Abdullah Ocalan PKK Kurdistango Langileen Alderdiko buruzagi historikoak gaur arterako epea emana zion Turkiari bake prozesua pizteko neurriren baten berri emateko, bertzela gerrillak iaztik ezarritako su-etena bukatutzat eman lezakeela ohartarazita. Epea bukatzeko bezperan, ordea, Turkiako armadak aire erasoak egin ditu PKKren aurka. 2012tik egindako lehenbizikoak.

Ankarak ez du ofizialki berretsi eraso horiek egin dituenik. Turkiako eta Kurdistango hedabideek eman dute horien berri, eta azaldu dute Hakkari probintziako Daglica barrutian izan direla, Iraken barneko Kurdistango Eskualde Autonomoko mugatik gertu. Hurriyet egunkariaren arabera, Turkiako armadaren estatu nagusiak herenegun hartu zuen erabakia, eta erran du PKKri egotzitako erasoei emandako erantzuna izan dela. Ankarak Siriako kurduen Kobane hiriko setioarekin hartu duen jarreraren aurka protesta gogorrak izan dira Turkian eta Kurdistanen azken astebetean —40 lagun hil dira—, eta Ankarak PKKri egotzi dio istilu horietan «hilketak eta segurtasun baseen aurkako erasoak» egitea. Kurdistango Firat agentziaren arabera, berriz, airetik eraso aitzinetik armadak lurretik bonbardatu ditu PKKren posizioak, eta, ondoren, gerrillaren «kontraerasoek» hiru ordu iraun dute. Ez du hildako edo zaurituen berririk eman, eta dioenez, armadako talde bereziak posizioak hartzen hasi dira Hakkarin.

Erasoen berri izan ondoren, Ocalanek gaur arteko epeari itxoitea erabaki du, haren anaia Mehmet Ocalanek jakinarazi duenez. PKK-ko buruzagi historikoa Marmara itsasoko Imrali uhartean daukate preso 1999tik. «Bisitatuko gaituzten delegazioei adieraziko diegu gure asmoa. Ondoren, deus gehiago ez da egonen gure esku», adierazi du Mehmetek anaiaren izenean. Ocalanen lidergoa errespetatu eta kontuan hartzen du PKK-k, baina azken hitza praktikan gerrilla bertatik bertara zuzentzen dutenek edukiko dute. Cemil Bayik PKK-ko buruzagitzako kideak joan den astean jakinarazi zuen Iraken aldeko Kurdistanera erretiratu ziren zenbait gerrillari talde Turkiako aldera itzultzen hasi direla.

Turkiako Gobernuak eta PKK-k 2012an hasi zituzten elkarrizketak, eta iaz PKK-k su-etena eman eta erretiratzea hasi zuen. Negoziazioek 1984an hasitako matxinada bukatzeko akordio bat lortzea zuten helburu —40.000 lagun inguru hil dira ordutik—. 2011n Sirian gerra zibila hasi eta EI taldea indartu ondoren, ordea, Turkiako, Siriako eta Irakeko kurduen gatazkak elkar nahasi dira, batak bertzeari eragiteraino.

Siriako kurduen Kobane hiriarekin gertatzen ari dena horren adibide. Gerra hasi ondoren, kurduek haien lurren kontrola hartu, eta autonomia bat eratu zuten. Ordutik, mugaren bi aldeetako kurduek Turkiari egotzi diote EIri laguntzea autonomia hori suntsitzeko, Turkiako kurduentzat eredu bilaka ez dadin. EIk Kobaneri ezarritako setioak larriagotu egin du egoera, Turkiak ez baitu utzi mugatik borrokarako boluntariorik edo hornikuntzarik igarotzen, Siriako kurduen YPG Herriaren Babeserako Unitateak zokoratuta utziz. Turkiako agintariek maila berean paratu dituzte EI eta PKK, biak «terrorista» direla erranda —AEBentzat eta Europako Batasunarentzat ere legez hala dira—, eta YPGak PKKren aliatuak direnez, laguntza oro oztopatu dute. Horregatik, PKK-k azken asteotan Ankarari ohartarazi dio EIk Kobane hartuz gero PKK-k bukatutzat eman lezakeela su-etena Turkian. Ocalanek emandako epearen bezperan, aire erasoek muturreraino igo dute tentsioa. Bonbardaketen berri izan aitzinetik, HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko (Kurdistanen burujabetzaren aldeko koalizioko) parlamentari Idris Balukenek jakinarazi zuen gobernuak aurkeztu ziela bake prozesuan sakontzeko proposamen baten «zirriborroa».

Kobaneren «%25-30» EIk

Borroka frontean, berriz, Kobanetik lau kilometro mendebaldera dagoen Tel Xair herrixka eta inguruko mendixka berreskuratzea lortu dute miliziek, Idriss Nassan Kobaneko autonomiako Atzerri ministrordeak jakinarazi duenez. «Kobaneren %25-30 dago orain EIren menpe». Nassanen arabera, AEBek EIren ibilgailuak bonbardatu ondoren eraso dute YPGek. AEBek adierazi dute EIren aurkako koalizioak 21 bonbardaketa egin zituela atzo Kobanen. Turkiaren aurkako bertze salaketa bat ere egin dute kurduek; Firat agentziak dioenez, herenegun arratsean Kobanetik ailegatutako 261 herritar atxilotu zituen Poliziak, eta horietako 64 bueltan deportatu. Barack Obama AEBetako presidentea Turkiako eta bertze hogei herrialdetako ordezkariekin biltzekoa zen atzo, EIren aurkako estrategiaz mintzatzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna