Lore hostoak amaitzera doaz

Ernesto Valverderen erabakiaren zain dago Athletic. Josu Urrutiarentzat lehen aukera da, baina Txingurrik beste bide bat hartuko duela da gehiengoaren ustea. Oraingoz, entrenatzailearen etorkizunak ez du eraginik izan taldean.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
haritz gallastegi
Bilbo
2017ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Maite nau, ez nau maite. Maite nau, ez nau maite...». Ohitura zaharra da lore bat esku artean hartu, eta,orriak amaitu bitartean, jolas hori egitea. Bada, Ernesto Valverderen etorkizunarekin gisa horretako jolasa egiten ari dira aspaldian hedabideak eta jarraitzaileak. Ohikoa denez, Josu Urrutiaren zuzendaritzak ez du datorren denboraldian San Mameseko aulkiko nagusia izango denaren gaineko aztarnarik utzi. Zerbait esateko dutenean, esango dute, eta kito. Horrela funtzionatu dute agintea hartu zutenetik. Entrenatzaileak eskertu du zuhurtzia. Lasaitasuna ematen dio. Hala izango ez balitz, Valverdek ez luke Athleticen lau urte iraungo. Gorengo mailako entrenatzailea denetik, lehen aldia da bi urte baino gehiago egiten duena jarraian talde bera zuzentzen. Ez da leku berean luzaroan egotearen aldekoa. «Talde batean bi urte egotea ondo dago; hiru asko da, eta lau…», esan izan du. Bada, lau urte daramatza lehoiak zuzentzen.

Konbentzituko ote zuten beste urtebetez jarraitzeko? Urrutia ahalegindu da. Baina inork ez daki lortu duen ala ez. Valverderen leloa aintzat hartuz gero, ez dirudi aukera handirik izan duenik. Baina inor ez da ausartzen kontrakoa esatera. Aymeric Laportek Athleticekin kontratua berritzea ere ezinezkoa zirudien. Kontuak kontu, entrenatzaileak bere etorkizunaren berri eman beharko du luze gabe. Ez du zentzurik erabakia askoz gehiago luzatzeak. Atzerako kontua hasi da.

Sasoi guztian aipatu izan da gaia, tarteka. Haatik, gai nagusia bilakatu da azken hilabetean. Valverderen agerraldi bakoitzean etorkizunaren inguruan galdetzen diote. Hasieran ohiko abileziarekin eta lasaitasunarekin egiten zion izkin galderari. Baina nekatzen hasi da teknikaria.Ez du erabakiaren berri emateko «presarik». Inork baino hobeto daki, ordea, nola funtzionatzen duen egun futbolak. Zorionez, taldearen jokoan ez du eraginik izan. Zuri-gorriak Europan lehiatzeko aukera eskuratzeko lehian murgilduta daude, eta azken jardunaldietan hobeto ari dira jokoan. Akaso, barruan daudenek kanpoan daudenek baino gehiago jakingo dutelako izango da.

Athletici partida gehien zuzendu dizkion teknikaria da Valverde, eta historia egiten jarraituko duela pentsatzeko arrazoiak, egon, badaude. Eta pisuzkoak. Garrantzitsuena zuzendaritzatik jaso duen babesa da. Nekez aurkituko du Ibaiganek eskaintzen dion egonkortasuna. Bestalde, ezinezkoa litzateke emaitza onak lortzea jokalariek teknikariarengan sinetsiko ez balute. Gehienek uste dute entrenatzaile aproposa dela Athleticentzat. Zorroztasuna eta gertutasuna uztartu ditu. Beraz, alde ditu futbol talde bateko bi zutabe nagusiak. Gainera, jarraitzaile askok ontzat ematen dute haren lana. Jokoan gorabeherak izan arren, Athletic talde lehiakorra da, fidagarria. Une garrantzitsuetan, ia beti erantzun du ondo.

Baina Valverderi beste bide bat hartzeko garaia dela pentsaraziko dioten arrazoiak ere asko dira. Batetik, higatzea dago. Lau urte talde berean asko da egungo futbolean. Ingurua nekatu egiten da urtero-urtero aurpegi berberak ikusten. Bestetik, Valverdek pentsa dezake lortu duena baino gehiago eskuratzea ezinezkoa dela, eta agur esateko garai egokia izan daitekeela. Gainera, azkenaldian, zenbait partidatan giroa hotz egon da oso San Mameseko harmailetan; zaleek eta taldeak bide ezberdinak hartu izan balituzte bezala. Horrek ere zalantza eragin dezake entrenatzailearengan. Eta, batez ere, ezin ahaztu Valverdek kanpotik izan ditzakeen eskaintzak. Goi mailako teknikaria da, eta talde askok interesa izan dute hura fitxatzeko. Txingurri izango da Real Madrilen eta Bartzelonaren deiei kasurik egin ez dien apurrenetakoa. Baina pentsa dezake trenak ez direla urtero pasatzen eta erronka berriei aurre egiteko mementoa iritsi zaiola. Bartzelonak interes handia omen dauka gasteiztarra fitxatzeko. Hala bada, inork ezingo dio ezer aurpegiratu. Daukan guztia eman du Athleticen.

Ziganda, prest

Ernesto Valverdek maisutasunez hartu zuen Marcelo Bielsaren lekukoa. Bielsak arrastoa utzi zuen zale zuri-gorrien artean. Gehienetan, agintariek izen handiko teknikariak aukeratzen dituzte arrakasta izan dutenak ordezkatzeko. Baina badirudi Urrutiak beste bide bat hartuko duela baldin eta Valverdek ezezkoa ematen badio. Etxekoaren aldeko apustua egingo du, duela hamar bat urte Andoni Zubizarretak Txingurrirekin egin zuen bezala; Urrutiak bigarren taldeko entrenatzaileari emango dio aginte makila. Hori bai, ordezkoa ez da edozein: Jose Angel Kuko Ziganda da.

Athleticen asko maitatu zuten futbolaria izateaz gain, gorengo mailan eskarmentua duen entrenatzailea da. Osasuna eta Xerez zuzendu zituen. Ez zuen aparteko arrakastarik izan, baina badaki zer eskatzen duten Lehen Mailan. Gainera, egun esperientzia handiagoa dauka. Baina, batez ere, Lezamako egunerokoan erakutsi duen mailak konbentzitu du presidentea.

Zazpigarren sasoia ari da betetzen Bilbao Athleticen, eta ikaragarria da egin duen lana. Hemeretzi urteren ostean, taldea Bigarren Mailara igotzeko gai izan zen. Halere, askoz balio handiagoa ematen diote gazteekin egiten ari den lanari; onenen artean lehiatzeko prestatzen ditu. Lezamako teknikari gehienek txalotu dute haren ekarpena. Etxea ezagutzeaz gain, ia jokalari guztiak zuzendu ditu. Hori abantaila handia da. Urrutiaren agendan ez omen dago beste entrenatzailerik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.