«Onena da denontzat»

Ernesto Valverde hunkituta azaldu da agurreko prentsaurrekoan. Sasoien eta denboraren zama nabaritu dituela aitortu du. Ziganda izango da ordezkoa

Ernesto Valverde, atzoko prentsa agerraldiaren ostean, hunkituta, agurreko keinua egiten. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2017ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
«Eskerrik asko bihotzez. Hemen bizitako guztia ahaztezina izan da». Hunkituta mintzatu zen atzo Ernesto Valverde Athleticeko entrenatzailea, agurreko prentsaurrekoan. Une batzuetan kosta egin zitzaion hitz egitea ere. «Aspalditik» zuen hartua erabakia. Josu Urrutia presidenteak berriz pentsatzeko eskatu zion, baina hasierako asmoei eustea erabaki du. «Uste dut hemen egin behar nuen lana egina dagoela. Aldaketa ondo etorriko zaie bai jokalariei, baita niri ere. Onena da denontzat. Futbolean beti behar dira aldaketak. Mesedegarriak dira».

Etorkizunaren inguruan ez zuen ezer argitu nahi izan, prentsaurrekoan. «Ez dut inorekin hitzarmenik, eta ez dut inorekin hitz egin. Baina ordezkari bat dut, eta hainbat taldek interesa dute ni fitxatzeko. Hemendik aurrera ditudan eskaintzak eta aukerak aztertzen hasiko naiz».

Hunkigarria izan zen prentsa agerraldia. Valverderi sostengua ematen egon ziren lehen taldeko jokalari guztiak, zuzendaritzako kideak, Jose Mari Amorrortu kirol zuzendaria eta urte hauetan harekin lanean jardun duten prestatzaileak eta teknikariak.

Aurreko kontratua sinatu zuenean, Valverdek bazekien «zaila» izango zela berriz luzatzea. «Nik nahiago dut sasoiz sasoi joan, eta ziur naiz beste klub batean ez nituzkeela hainbeste egingo. Lau denboraldi asko dira, baina hau nire etxea da». «Hotzean» hartu zuen kargua uzteko erabakia. «Beroan hartu izan banu, hemen jarraituko nuke. Ez dut hau bezalako lekurik topatuko». Batek baino gehiagok eskatu dio jarraitzeko, tartean Urrutia presidenteak. «Hori eskatu zidanean zalantza egin nuen, baina hasierako erabakiari eutsi diot. Ezin nintzen hemen geratu jendeak nahi duelako, baizik eta geratzeaz ziur nengoelako. Gainontzean, ez nintzateke zintzoa izango».

Bi arrazoirengatik itzuli zen bigarren aldiz Athleticera: «Nire familiarengatik eta Josu [Urrutia] presidentea zelako. Athletic egoera zail samarrean zegoen, eta zor nion. Erronka bat zen niretzat». Lau sasoi hauetan egoera irauli du. Athletic Europara sailkatu da ia beti, eta egonkortasuna eta lehiakortasuna eman dizkio taldeari. Gainera, Espainiako Superkopa irabazi zuen 2015ean. Harro mintzatu zen guztiarengatik. «Zaleek oroitu egingo dute talde hau. Ez bakarrik lortu dituen garaipenengatik, baizik eta horiek lortzeko moduarengatik. Izugarrizko lehiakortasuna eta zailtasunak gainditzeko ahalmena erakutsi ditu. Partida askotan lortu du markagailua iraultzea, eta sekulako bigarren itzuliak egin ditu».

Hortik harago, uste du jokalarien lorpen handiena ondorengoa izan dela. «Athletic Europara sailkatzea normaltzat jotzea lortu dute jokalariek, betebehar bat izatea. Futbolean betebeharrak izatea ona da, hobea izaten laguntzen dizute».

Eskertuta mintzatu zitzaien jokalariei. «Talde honek zerbait berezia dauka, eta eskerrak eman nahi dizkiet haiekin lan egiteko aukera eman didatelako». Hala, nahiago izan du kargua orain utzi. Sasoien eta denboraren zama antzeman ditu bai berarengan eta bai inguruarengan. «Denboraldi hau, esaterako, oso zaila izan da, desgaste handikoa. Nahiz eta iaz baino puntu gehiago lortu, jokoan ez gara horren fin aritu. Kritika gehiago jaso ditugu, eta aldaketa baten beharra zegoela ziotenak ere egon dira. Ez nau harritzen. Nik ez dut karga bat izan nahi inorentzat»,

Behin Athletic utzita, ez zuen argibiderik eman nahi izan bere etorkizunaren inguruan. Zurrumurru asko egon dira, eta gehienek diote datorren astean bertan Bartzelonarekin sinatuko duela. «Gauza asko esaten dira, baina ni ez naiz horien erantzule. Lehenbizi, Athletic agurtu nahi nuen, eta hemendik aurrera hasiko naiz ditudan aukera desberdinak aztertzen. Hori bai, onartuz gero, erronka zail bat izan beharko du, errazak ez baitzaizkit ondo atera. Ez dut baztertzen, gainera, sasoi bat entrenatu gabe egotea». Hori bai, onartu zuen lau sasoi hauetan izan dituela «talde garrantzitsuen» eskaintzak. «Baina baztertu egiten nituen, hemen bizitzen ari nintzena bizi nahi nuelako».

«Pertsona egokia naiz»

Ez da sorpresarik izan Valverderen ordezkoan: Jose Angel Ziganda Kuko nafarra izango da, klubak arratsaldean jakinarazi zuenez. Zigandak lotura estua izan du Athleticekin: jokalaria izan zen 1991 eta 1998 urteen artean, eta bigarren taldearen entrenatzailea 2011tik aurtengo denboraldia bukatu arte. Zigandak badu eskarmentua Lehen Mailako entrenatzaile lanetan, Osasunan (2006-2008) eta Xerezen (2009-2010) aritu baitzen.

«Pertsona egokia naiz», esan du Zigandak kontratua sinatu berritan. Egokia, klubarekin bat egiten duelako eta barrutik zein kanpotik ondo ezagutzen duelako: «Ezagutzen ditut klubaren ingurua, badakit zaleek zer sentitzen duten, ezagutzen ditut jokalariak, badakit zer nolako taldea den eta hori positiboa da». Izan ere, lehen taldean dauden jokalari askoren entrenatzailea izan da Ziganda. Taldea «izugarria» iruditzen zaio eta «gauza politak» egin daitezkeela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.