Bake danborrak Korean

Gaur elkartuko dira Ipar Koreako eta Hego Koreako liderrak bilera historikoan. Txinak rol diskretua izan du azken hilabeteotan, baina eragin erabakigarria du

Herritar bat Korea batua irudikatzen duten banderak jartzen, atzo, Paju udalerrian, penintsula banatzen duen lerroaren hegoaldean. JEON HEON-KYUN / EFE.
Zigor Aldama.
Shanghai
2018ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Boladan dago Kim Jong-un. Eta ezin harrigarriagoa da haren itzal onaren hazkundea. Nazioarteak baztertu egiten zuen lehen, eta, lau hilabetean soilik, munduko buruzagi nagusiek bostekoa eman nahi diote. Ostiralean izango du lehena: Moon Jae-in Hego Koreako presidentea. Negoziazio horietarako beren-beregi eraikitako instalazioetan bilduko dira, zeinak penintsula zatitzen duen paraleloan eraiki baitituzte, 38.ean. Bi buruzagiek zenbait gai landuko dituzte; besteak beste, Piongiangen desnuklearizazioa eta bake itun bat sinatzea, Koreako Gerra (1950-1953) behin betiko buka dadin, su-eten faltsu batek amaitu baitzuen.

Bilera hori atariko bat baino ez da izango. Izan ere, okerrik ezean, aurki aurrez aurre izango dira Kim eta Donald Trump, bilera hartu nahi duten bost hirietako batean. Badirudi Mongoliako hiriburu Ulan Bator dela hautagairik sendoena, lurralde neutrala baita, eta Kim haraino irits baitaiteke batetik bestera ibiltzeko daukan tren korazatuan.

Halere, hori baino lehen, Burkide Distiratsua berriz bilduko da ustekabeko desizozte honetan ia oharkabean pasatu den herrialde bateko presidentearekin: Txinakoarekin. Adostasunaren alde aritu da munduko bigarren potentzia, eta bake negoziazioak babestu ditu, baina badirudi jokatzen ari den rola diskretuegia dela dagokion botererako.

Izan ere, Pekin da Piongiangen kide nagusia —Txinaren mende dago haren kanpo merkataritzaren %90—, baita AEBen inbasioa eragotzi duen ezkutua ere. Inor ez da ausartzen Txinari hordago jotzera, eta Kimen erregimenak hein batean horregatik izan du aukera programa nuklearra garatzeko. Hain zuzen, Koreako Gerran ere giltzarri izan zen Txina, eta, orain, gero eta eragin handiagoa du nazioartean; hortaz, haren ahotsak gero eta ozenagoa da.

Halere, oraingo honetan ez du ahotsa goratu. Txinak tarte oso neurtua utzi du, baina horrek ez du esan nahi presiorik egiten ez duenik, ala eraginik ez daukanik. Alderantziz: oso garrantzitsua izan da Ipar Koreako erregimena itotzeko, batik bat onartu zituenetik Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak Piongiangi ezarritako zigorrak. Zigor horien ondorioz, errotik eten zituen ikatzaren erosketa, erregaiaren hornikuntza eta zerealen merkataritza. Hala, aldebiko merkataritza trukea azken hamar urteotako txikiena izan zen iaz.

Kimen eta Xiren bilera

Kontuan izanda Txina eta Ipar Korea munduko herrialderik opakuenetako bi direla, zaila da jakitea norainokoa den Pekinek beste bide batzuetatik egindako presioa, baina, datu objektibo batzuen arabera, oso handia izan da. Lehenik eta behin, joan den martxoan Kimek bidaia bat egin zuen Txinako hiriburura. Teorikoki, bisita estraofiziala zen, eta ez zuten haren berri eman Kimen tren konboia Ipar Koreara bueltatu arte. Hala ere, zabaldu ziren irudiek argi erakutsi zuten estatu bisita bat izan zela, horrek dakartzan ohore guztiekin. Eta bereziki garrantzitsua izan zen, Kimek atzerrirako lehen bisita baitzuen Koreako buruzagi gisa.

Itxura guztien arabera, Kimek eta Xik zera izan zuten hizpide: zer baldintzatan bilduko diren Kim eta Moon, eta, batez ere, Kim eta Trump. Aurki Xik Piongiangera egingo duen bisitan —Txinako presidenteak Ipar Koreara egingo duen lehena—, berriro ekingo diete negoziazioei, Hego Koreako eta AEBetako agintarien bisiten artean. «Txinak bete egiten du herrialde subiranoen aferetan ez esku hartzeko duen politika, baina konpromisoa du eremuan bakea eta egonkortasuna lortzeko, eta logikoa da eragina eduki nahi izatea prozesu honetan, berak egindako presioaren ondorio baita, eta zuzenean eragiten baitie haren interesei», azaldu du Txinako Atzerri Ministerioko funtzionario batek, haren izenik ez emateko baldintzapean.

«Bakeak etekina ekarriko dio Txinari, komeni baitzaio eskualdea baretzea, Estatu Batuek aitzakiarik izan ez dezaten Ekialdeko Txinako itsasoan ibiltzeko. Baina gobernuari komeni zaio bakea alde anitzeko bileretan iristea, gatazka horrek eragiten dien herrialdeek ere ordezkaritza izan dezaten, Estatu Batuak eta Txina barne», gehitu du. «Bada uste duenik bake prozesu hau ke laino bat dela, eta alferrikakoa dela, baina gu baikorrak gara», ziurtatu du funtzionarioak.

Txina eta Hego Korea

Argi dago Kimen proba atomiko eta misil proba etengabeek gogaitu egin dituztela Txinako agintariak. Agian Txinak eta Ipar Koreak badute kidetasun ideologikorik, baina mundu globalizatuan askoz ere garrantzitsuagoak dira Txinak Hego Korearekin dituen harreman ekonomikoak. Eta harreman horiek gora egin dute, harik eta Txina bilakatu den arte haren bazkide komertzial nagusia. Koreako biki kapitalistak saltzen duen guztiaren %26 erosten du Txinak, eta Txinak saldua da Hego Koreak erosten duen guztiaren %22. «Lehentasuna jadanik ez da iparraldea kosta ahala kosta babestea», esan du kanpo harremanetako funtzionarioak.

Hortaz, edozein planek, arrakastatsua izateko, Ipar Korearen desnuklearizazioa ekarri beharko du. Ez dago beste modurik AEBek, Japoniak —zeina ustekabean harrapatu baitu baketze prozesuak— eta are Hego Koreak ere ontzat jotzeko. Horregatik, hau da galdera handia: Piongiang prest ote dago armak uzteko, nahiz eta —erregimenak aukera duen aldiro errepikatzen duenez— potentzia kapitalistei erasorako asmoa kentzeko balio duten?

Baliteke programa amaitzeko eskatzea, baina buru nuklear guztiak suntsitu gabe. Edota, itzalpean, buruzagiek plantak egitea adostea, eta gero Ipar Koreari armategiaren zati bat edukitzen uztea. Azken finean, beste zenbait herrialdek —Indiak, Pakistanek, Israelek— arma atomikoak dauzkate, eta munduak ez ikusiarena egiten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.