FARCek baieztatu du Alzate jenerala «harrapatu» duela, eta menia eskatu dio Santosi

Kolonbiako gerrillak dio «bertan behera utzi beharrekoa gerra» dela, «ez negoziazioak».

Gerrillak Bogotari eskatu dio argitzeko zertan ari zen militarra
Jorge Torres Victoria <em>Pablo Catatumbo</em>, azalpenak ematen, atzo, Habanan, FARCeko negoziatzaileen taldeko kideekin.
Jorge Torres Victoria Pablo Catatumbo, azalpenak ematen, atzo, Habanan, FARCeko negoziatzaileen taldeko kideekin. ALEJANDRO ERNESTO / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko azaroak 19
Ruben Dario Alzate Kolonbiako armadako jeneralaren eta haren bi laguntzaileren misterioaren zati bat argitu du FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak-Herriaren Armadak: hirurak atxikita dauzka. «Ez da bahiketa bat izan. Agintearen jardunean ari zenean harrapatu dute bere operazio eremuan, indarkeriarik erabili gabe», adierazi du Jorge Torres Victoria Pablo Catatumbo gerrillako negoziazio taldeko kideak Habanatik. FARCeko negoziatzaileentzat, gertatutakoa «gerraren gertakari arrunt bat» izan da, eta bi eskaera egin dizkiote Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteari: negoziazioei berehala berrekitea eta bi aldeek su-eten bat ezartzea. Edizio hau ixtean, ez zegoen gobernuaren erantzun ofizialik.

Nahasmen pixka bat sortu zuten atzo gerrillako ordezkariek. Habanan dagoen negoziatzaile taldeak agiri bat argitaratu zuen lehenik, errateko ezin zutela baieztatu Alzate jenerala beren eskuetan zegoenik, eta Santosi eskatzeko negoziazioak ez ditzala bertan behera utzi. Hortik ordubetera, Rubin Morro negoziatzaileak ohar bat irakurri zuen FARCen Ivan Rios Blokearen izenean, baieztatzeko sekzio horrek jenerala eta haren laguntzaileak hilaren 16an 15:00etan (Kolonbiako ordua) atzeman zituela Atrato ibaiaren ertzean, ipar-mendebaldeko Choco departamentuan. Gerrillaren negoziatzaileek azaldu zuten «zailtasunak» izan zituztela Kolonbian dauden kideekin harremanetan paratzeko.

FARCeko ordezkarien ustez, gertatutakoak argi erakutsi du negoziatzen segitzeko bi aldeek su-eten bat ezarri beharko luketela. «Giro lasaiagoa sortuko luke, eta hau eta bertze hainbat gertakari eragotziko genituzke», adierazi die hedabideei Pablo Catatumbok. Negoziazioak 2012ko azaroan hasi zituzten. FARCek menia bat eman zion gobernuari, baina Bogotak ez zuen su-etenik ezarri nahi. 2013ko urtarrilean FARCek berriz hasi zituen ekintza armatuak, eta ordutik bi aldeak negoziatzen aritu dira gerra operazioei eutsita. Kolonbiako Gobernuak dio behin betiko akordio bat egin arte ez duela meniarik emanen. FARCen ustez, ordea, egoera horri ezin zaio eutsi. «Bertan behera utzi beharrekoa gerra da, ez negoziazioak».

Movice Estatuaren Krimenen Biktimen Mugimendu Nazionalak ere bat egin du eskakizun horrekin. «Bakea lortzeko bidea gatazka armatuaren negoziazio politikoa da», adierazi du ohar batean. Deitoratu egin du Santosek «erasoen eta konfrontazio belikoaren erdian negoziatu nahi izatea, aldeen arteko konfiantza ahultzen duen testuinguruan».

FARCek, berriz, gerra ekintzak ez ezik, «hizkera baretzea» ere beharrezko ikusi du, Pablo Catatumbok azaldu duenez. Eskuin muturreko politikarien eta hedabideen erretorika paratu du adibidetzat. «Lehengoan pozez zioten armadak urtebetean FARCeko 50 komandante hil dituela. Guk ez ditugu halakoak erraten».

Alzate jeneralaren inguruko misterioaren zati bat argitu da, beraz, FARCek atxikita daukala jakinda. Oraindik ez da argitu, ordea, zertan ari zen militar hori gerrillariek harrapatu zuten eremuan. Santosek herenegun adierazi zuen ez zeukala horren berririk eta ikertzen ari zirela zergatik ote zebiltzan karrikako arropekin jantzita etsaiaren eremuan, indar armatuen «segurtasun protokolo guztiak hautsita». Kolonbiako hedabideetan hedatutako bertsio baten arabera, Alzateren taldea «proiektu energetiko bat gainbegiratzeko eginkizun zibil batean» zebilen Choco departamentuko eremu horretan. Pablo Catatumbok, ordea, erabat baztertu du hori. «Defentsa ministroak herrialdeari argitu behar dio zertan ari zen jeneral hori segurtasun protokolo guztiak hausten hidroelektrikarik egiteko aukerarik ez dagoen eremu batean, zingirak bertzerik ez baitaude».

«Herri justiziarekin zorrak»

Eta FARCi hipotesi hori baztertzeko arrazoia iruditu zaio Alzatek armadan daukan eginkizuna ere. Jarduera Bateratuko Titan Indarraren komandantea da, armadaren zazpigarren dibisioko unitate bat. Armadaren webgunearen arabera, taldea iragan urtarrilean hasi zen Chocon jarduten. Helburutzat du «mehatxu terrorista erabatekoaren sistema [talde armatuen jarduera] deuseztatzeko operazio gaitasunak integratu eta hobetzea». Alegia, borrokaren lehen lerroa. FARCen arabera, Titan Indarra «Pentagonoko arduradun militarrek» sortu zuten, «Kolonbiako herriaren eta matxinada armatuaren aurkako aurrez aurreko gerrarako». «Alzate jeneralak herri justiziarekin dauzkan zorrak handiak dira», adierazi du Ivan Rios Blokeak bere oharrean. «Segur aski, haren kasuak azterketa xehe bat eskatzen du; gauza asko egiaztatu beharko dira». Atxikitakoen segurtasuna eta ongizatea bermatuko duela hitzeman du FARCen blokeak, «estatuaren amorruak uzten digun heinean».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna