Santos eta FARC prozesuari eustearen alde agertu dira bigarren urteurrenean

Kolonbiako presidenteak etenda eduki ditu elkarrizketak, baina espero du Alzate jeneralaren auziagatik sortutako «geldialdia» gainditzea
Ezkerreko alderdiek eta gizarte erakundeek deituta, elkarretaratze bat egin zuten atzo Bogotan, negoziazioek aurrera egitearen alde.
Ezkerreko alderdiek eta gizarte erakundeek deituta, elkarretaratze bat egin zuten atzo Bogotan, negoziazioek aurrera egitearen alde. MAURICIO DUEÑAS CASTAÑEDA / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko azaroak 20
Bi urte bete ziren atzo Kolonbiako Gobernuaren ordezkariak eta FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak-Herriaren Armadarenak Habanan lehenbizikoz aurrez aurre eseri zirenetik bake negoziazioei ekiteko. Bigarren urteurrena, baina, Ruben Dario Alzate jeneralaren auziarengatik oroituko da, FARCek atxikita baitauka, eta horregatik gobernuak elkarrizketak etenda baitauzka. Bi aldeek, ordea, bake prozesuari eusteko nahia agertu zuten atzo. Gerrillaren negoziatzaileek berriz ere su-eten bat ezartzeko akordioa egiteko eskatu diote gobernuari, eta Juan Manuel Santos presidenteak adierazi du espero duela «geldialdi hau agudo bukatzea».

Bi urteotan sortutako krisi larriena da Alzate jeneralarekin gertatutakoa. Habanan egindako agerraldian, kazetariek lauzpabortz aldiz galdetu diote Alzateren berri Luciano Marin Arango Ivan Marquez negoziazio taldeko bozeramaileari, eta aldi denetan erantzun bera eman du: «Ez dagokio delegazio honi auzi horren inguruko xehetasunei buruz hitz egitea. Hori gobernuari eta FARCen buruzagitzari dagokie».

Nazioarteko bitartekaritza

Gerrillaren negoziatzaileek herenegun baieztatu zuten Alzate jenerala eta harekin zeuden bertze militar bat eta abokatu bat FARCen Ivan Rios blokeak atxikita dauzkala, Kolonbiatik jasotako ohar baten bidez. Gobernua, berriz, isilik egon da desagerpenaren biharamunean (astelehenean) elkarrizketak etetea erabaki zuenetik. Santosek agerraldi bat egin zuen atzo Ataco hirian, mendebaldeko Tolima departamentuan. Elkarrizketak etenda dauzkan arren, prozesuari eusteko prest agertu zen. «Armak eta indarkeria uztea nahi dugu, eta gatazka hau bukatzea. Horregatik espero dut Habanan sortu den geldialdi hau agudo bukatzea». Prozesu guztiek «trabak» dauzkatela erran zuen. Eman zuen argibide bakarra izan zen Norvegia eta Kuba bitartekari lanetan ari direla Alzateren eta bertze gatibuen kasuak konpontzeko.

Ivan Marquezek, hain zuzen, bi herrialde horietako gobernuei eta herritarrei eskertu zien bake prozesuari emandako laguntza, eta baita Nicolas Maduro Venezuelako presidenteari eta Michelle Bachelet Txilekoari ere.

«Egiturazko aldaketak»

Ivan Marquezek nabarmendu du beharrezkoa dela bi aldeek su-eten bat ezartzea; horrekin batera, gobernua kritikatu du gerrillak gatibuak hartzen dituenean izandako erreakzioagatik. «Ezin da onartu erabateko gerra deklaratu duenak gainera nahi izatea bere jeneralak eta soldaduak ez ukitzea». Zailtasunak zailtasun, bi urtean lortutako akordioak ontzat jo ditu, baina «egiturazko aldaketak» egin behar direla azpimarratu du. «Inork ez luke ulertuko FARCek matxinada bukatzea, haren borrokak ez badio konponbide bat eman altxamendua eragin zuten faktoreei».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna