Kapitulu hau amaitu dute

Jon Salsamendi eta Mikel Orbañanos, Urdaibaiko eta Hondarribiko entrenatzaileak, oso pozik daude beren taldeek egindako lanarekin

Gorka Aranberri Urdaibaiko patroia, egindako lanarekin gustura, herenegun, Kontxako badian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2016ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Kontxako Banderako lehen jardunaldia ere historian gordeta geratuko da. Uda honetan, Urdaibai eta Hondarribia uretan izaten ari diren lehiak beste kapitulu bat idatzi zuen igandean, Donostian. Aurreko askoren oso antzekoa izan zen, berdindua, eta, denborei eta aldeei dagokienez, dena esanda dago. Udako liburu handi honetako orri sorta honen irakurketa amaitzeko, onena bi entrenatzaileekin hitz egitea izaten da. Estropada jokatu eta ia hogeita zortzi ordu pasatu ondoren, BERRIAk solasa izan du Urdaibaiko Jon Salsamendirekin (Orio, Gipuzkoa, 1970) eta Hondarribiko Mikel Orbañanosekin (Orio, Gipuzkoa, 1973).

Xehatu egin dute beren taldeek herenegun egindako lana. Hemendik aurrera, datorren igandekoak hartuko du garrantziaren bereizgarri bakarra. Biak daude oso pozik beren arraunlariek egindakoarekin.

Salsamendik onartu du lasaitu ederra hartu zuela bere taldeak lana bukatu eta gero: «Sekulako beldurra eta kezka neuzkan bandera igandean bertan galtzeko. Batetik, beti izaten delako arriskutsua bigarren txandan aritzea, aurkari zuzena aurrenekoan joan denean. Edozer aldaketa gerta daiteke Donostian. Bestetik, eta batez ere, itsasoaren egoerak nindukan zuri-zuri. Ez zegoen bare, eta ez zegoen txarra. Zerbait arraroa zeukan, ur lasterrek asko tiratzen zuten ur azaletik behera, eta oso ondo egin behar zen arraunean gauzak bere bidetik joateko».

Kezkak eta beldurrak ez zizkion uxatu, ezta gutxiago ere, lehen txandan San Juanek laugarren kaletik izandako komeriak kanpora joaten: «Gu ere laugarren kalean ginen, eta ikusi nuen uda osoan bikain atera izan den taldea atzean geratzen ari zela aurreneko sei minutuetan. Ez ninduen lasaitu hori ikusteak».

Baina Salsamendi ez da gaur goizekoa, eta ondo baino hobeto nabarmendu zien bere arraunlariei zer egin behar zuten: «Argi eta garbi utzi nuen guk gure arraunketa egin behar genuela. Lanean modu horretan hasi, berdin segi, eta antzera bukatu. Ergometroan baleude bezala arraun egiteko esan nien arraunlariei».

Nahiz eta kanpoko ziabogan Hondarribiak bost segundoren koska atera, Salsamendi lasaiago zegoen bueltarako. Are gehiago lasaitu zen bere traineruak pare bat olatu hartu zituenean buelta eman eta segituan: «Aldea segundo batera jaitsi genuen, eta guk geureari eutsi genion. Trena bagina bezala, erritmoa hartu, eta segi». Joan behar horretan, badia barruan sartu berritan, lau bat segundo aurretik ere baziren Hondarribiarekin, baina, azkenean, 1,78 segundoren aldea izan zen: «Neuzkan beldurrak eta kezkak kontuan izanda, estropada irabaztea sekulakoa izan zen. Zoragarri ibili ziren arraunlariak».

Bizkaitarren lana oso gertutik erreparatzen Orbañanos egon zen, bere motordun ontzian. Bazekien bere taldeak oso denbora ona egin zuela lehen txandan: «Denbora eta lana, batez ere. Oso estropada ona izan zen gurea». Dena ondo xehatuta zeukan aldez aurretik, eta, jakitun Urdaibaik badia barruan ezpala atera ohi duela, hau esan zien bere arraunlariei: «Ziabogan, bospasei segundo beharko ditugu alde, aukerekin heldu nahi badugu bigarren igandera». Hala izan zen, eta, uste zenaren kontra, Hondarribiak, badia barruan, azkeneko metroetan atera zion aldea Urdaibairi: «Oso ondo bukatu genuen, eta, gure txandakoei ez ezik, Urdaibairi ere hor jan genion tartea, batzuetan lauzpabost segundo alde ere izan zituelako badia barruan».

«Igandekoa, finala»

Orbañanosek oso garbi dauka datorren igandekoa egun bat eta bakarra izango dela: «Finala da, beste bat gehiago aurten Urdaibai eta gure artean. Irabazteko, lehenik eta behin, guk gurea egin beharko dugu ondo, herenegun bezala». Eta, gero, jakina, zorte ona ere eskatu du: «Iaz, ez genuen izan kale zozketan bigarren igandean, bata egokitu zitzaigulako, eta ea aurten alde izaten dugun, hori ere beharko da eta».

Bi taldeak baldintza berberetan joaten badira zorte aldetik, Hondarribikoen prestatzaileak konfiantza dauka bandera eramateko: «Udan, itsasoan, aurretik sartu izan gara askotan, eta oso ondo gaude momentu horretan». Oso garbi dauka ondorengo hau ere: «Estropada irabazten duenak lortuko du bandera».

Iritzi berekoa da Salsamendi ere: «Igandean irabazten duena izango da garailea, nahiz eta tokatu izan zaidan bizitzea buelta handiak Oriorekin; 1992an eta 2001ean, esate baterako». Bat dator Orbañanosekin: «Finala izango da. Bat gehiago aurtengo borrokan». Bi metroko olatuak zeuden iragarriak iganderako iragarpenetan atzo: «Etzi [asteazkena] hasiko naiz begira, alda daitekeelako bi egun hauetan». Orbañanosek ez luke nahi aldatzerik: «Ondo moldatu izan gara halako baldintzetan aurten, eta oso ondo dabil trainerua itsaso mugituarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.