Emakumeen Bira

Arlabanek hautsi du

Amy Pietersek irabazi du Emakumeen Birako hirugarren etapa. Azken etapari begira, Van Vleutenek hamabi segundoren errenta du Van der Breggenekiko

Arlabanek hautsi du.
ainara arratibel gascon
<i>Aretxabaleta</i>
2018ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Ibilbideari erreparatuta, atzokoa zen Emakumeen Birako etaparik gogorrena. Horrenbestez, faboritoak aurrera egiten saiatzea espero zen. Baina ez zen halakorik gertatu. Arlabanen ihes egindako hamar txirrindulariko talde batek helmugara iristea lortu zuen, eta han Amy Pieters (Boels Dolsman) izan zen bizkorrena. Tropela handik bi minutura ailegatu zen, eta Annemiek Van Vleutenek (Mitchelton) hiru segundo eskasengatik eutsi zion lidergoari. Izan ere, ihesaldi nagusi horretan zen Georgia Williams taldekidea. Hainbat kilometroz lider ere izan zen Williams. Hiru minutu baino gehiagoren aldea ere izan zuen hamarrekoak. Ane Santesteban (Ale Cipollini) laugarren izan zen.

Anna Van der Breggenek (BoelsDolsman) bi segundo kendu zizkion atzoko etapan Van Vleuteni, lehen postuan igaro baitzen OƱatiko esprint berezitik. Etapa ere Boelsek irabazi zuen. Baina gaurko azkenetapari begira, dena biribil atera zitzaion atzo Mitcheltoni. Izan ere, lehen bi sailkatuak bere taldekoak dira orain: Van Vleuten eta Wiliams. Van der Breggen hamabi segundora dago.

Euripean jokatu zen etapa. Lehen kilometroetan, zorrotza izan zen Boelsen kontrola, eta, horren ondorioz, zapuztuta geratu ziren ihes egiteko ahalegin guztiak. Eguneko lehen igoeran, Etxaguen, Van der Breggenen taldeak luze-luze eginda eraman zuen tropela, eta 30-40 laguneko talde bat geratu zen aurrean.

Talde hori iritsi zen aurretik Aretxabaletako bigarren tarteko helmugara. Hortik Arlabanera abiatu ziren, eta, mendate horren igoeran, hamar txirrindularik aurrera egin zuten, indarrez. Han ziren, besteak beste: Santesteban, Alicia Gonzalez (Movistar), Pieters, Williams eta Pauline Rooijakkers (Waow Deals).

Berehala lortu zuten tartea handitzea. Hiru minuturen errenta ere izan zuten iheslariek. Helmugarako 35 kilometro inguru falta zirela, Rooiajakkersek taldetxotik ihes egin zuen. Nabarmendu beharrekoa da egin zuen ahalegina. Pedal kolpe indartsuari esker, minutu eta hamar segundoren aldea ere lortu zuen.

Baina atzekoak ez zeuden hari garaipena oparitzeko prest, eta txirrindularitzaren patu krudela bizi izan zuen. Helmugatik bost kilometrora harrapatu zuten, eta hamarrek batera egin zituzten azken kilometroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.