Minsk desegiten

Poroxenkok bertan behera utzi nahi du Ukrainako matxinoen kontrolpeko eremuentzat onartutako autonomia legea, horien hauteskundeei erantzuteko
Donetskeko Herri Errepublikaren milizianoak zaintza lanetan, Zakhartxenko presidentearen kargu hartzean, Donetsk hirian.
Donetskeko Herri Errepublikaren milizianoak zaintza lanetan, Zakhartxenko presidentearen kargu hartzean, Donetsk hirian. ALEXANDER ERMOCHENKO / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko azaroak 5
«Nabarmendu nahi dut legea onartzeak ez duela erran nahi Minskeko hitzarmenak bertan behera utzi ditugunik. Prest gaude bertze lege bat onartzeko baldintza zehatz batzuekin: su-eten bat ezartzea, tropak borroka frontetik erretiratzea... Minsken irailaren 5ean sinatutakoa betez». Nahiz eta Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak erabaki duen matxinoen kontrolpeko eremuetarako autonomia legea bertan behera uzteko proposamena egitea, adierazi du Minskeko Protokoloarekin konprometituta dagoela. Hitzarmenak, ordea, sinesgarritasun eskasa izan du, irailaren 5etik ez baita egiazko su-etenik ezarri, eta bi aldeek elkarri etengabe egotzi diotelako sinatutakoa haustea. Donetskeko eta Luhanskeko matxinoek haien kabuz egin dute hauteskunde prozesua Kiev kontuan hartu gabe, eta irabazleek atzo hartu zituzten karguak.

Poroxenkok Segurtasun Nazionalerako eta Defentsarako Kontseiluari eta Radari (parlamentuari) aurkeztu die Donetsken eta Luhansken matxinoen esku dauden eremuei autonomia onartzen dien legea bertan behera uzteko proposamena. Presidenteak erran du matxinoek hauteskundeak egin dituztelako, horri emandako erantzuna izan dela. «Legeak baliatzen dituen ahalmen zabalak legitimoki aukeratutako erakundeei utziko dizkiegu, ez haien burua aukeratzen duten gaizkileei». Radak irailaren 16an onartu zuen legea, eta hilabetera sinatu zuen Poroxenkok, indarrean sartzeko. Matxinoekin negoziatu gabe, aldebakarrez onartutako neurria izan zen. Aldi baterako autonomia ematen zien, behin betiko estatusa luzera negoziatzea ahalbidetzeko, Minskeko hitzarmenean sinatu bezala.

Ordutik, Donetskeko eta Luhanskeko matxinoen buruzagiek askotariko adierazpenak egin dituzte lege horri buruz; zenbaitetan, gutxietsi eta mespretxatu egin dute, eta, bertze batzuetan, neurri onuragarritzat baloratu dute. Andrei Purgin Donetskeko Herri Errepublikaren lehen ministrordeak bietarik egin du; Radak legea onartu aitzinetik, Ukrainaren «barne politikako kontu bat» zela erran zuen, Donetsken «eraginik» ez zuena; handik hilabetera, Poroxenkok legea sinatu zuenean, Purginek erran zuen «gertakari onuragarria» izan zela, baina atzo iritzia aldatu zuen bertze behin. «Kieveko agintariak lehenbiziko aldiz zintzo mintzatu dira Donbassen inguruan. Autonomia legeak ez zuen eduki zehatzik, eta nahita ez dute inoiz indarrean paratu». Donetsk eta Luhansk zatitzat dituen lurralde historikoa da Donbass.

Donetskeko Herri Errepublikaren presidente Andrei Zakhartxenko, berriz, haserre agertu zen Poroxenkorekin. «Ez da irrigarria. [Autonomia] Eman egin zuen, eta orain kendu egin du. Berak egin dezala gogoeta». Hala ere, Zakhartxenko prest agertu da Poroxenkorekin elkartzeko. Ez dirudi, ordea, Ukrainako presidenteak hori onartuko duenik, Zakhartxenkori ukatu dion legitimitatea onartuko liokeelako. Hain zuzen, Zakhartxenkok atzo hartu zuen presidente kargua Donetsken, eta Igor Plotnitskik gauza bera egin zuen Luhansken. Igandean egindako hauteskundeak irabazi zituzten —lehendik ere biak ziren presidenteak—. Ukrainako Gobernuak, AEBek, eta EB Europako Batasunak ez dituzte hauteskundeak onartu; Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak ere erran du «eragin kaltegarria» utziko dutela. Errusiak onartu ditu, eta, horregatik, AEBek eta Alemaniak zigor neurri gehiago hartzearekin egin diote mehatxu.

Armadaren indartzea

Tentsio politikoak arlo militarrean eragina du, ezinbertzean. Poroxenkok armadari agindu dio ekialdeko lau eremutara indar gehiago bidaltzeko. Horietako bi gatazka eremuetan daude: Luhansk iparraldea eta Donetskeko Mariupol hiria. Bertze biak, gatazka eremuetatik kanpo: Azov itsasoko Berdiansk hiria, eta Kharkiv, Ukrainako bigarren hiria. Su-etena sinatuz geroztik, bi aldeek ehunka lagunen hilketak salatu dituzte. Atzo, Luhanskeko hiru hiritan armadak bonbardaketetan hogei zibil hil zituela salatu zuen Oleg Bugrov matxinoen segurtasun buruak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna