Ihes egin nahiak batuta

Bere laugarren ipuin liburua kaleratu du Juan Luis Zabalak: 'Ospa'. Erabat «autonomoak» dira 23 ipuinak, azken hamar urteetan banan-banan idatziak

Juan Luis Zabala idazlea, Ospa ipuin liburuaren aurkezpenean, atzo, Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2017ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
2007az geroztik idatzitako ipuinak liburu batean bil zitzakeela otu zitzaion Juan Luis Zabalari 2013an, eta, ordenagailuan ez ezik, USB giltza batean ere gorde zituen. «Nahiz eta orduan liburua nolabait osatuta eduki, utzi nuen denbora pasatzen: aurretik ezarritako ezaugarririk gabe idazten diren ipuinen kasuan, irekiak egoten dira, eta ez dakizu oso ondo noiz itxi». Zenbait urteren ostean, ordea, itxi du liburua, eta Ospa izenburupean atera du, Susa argitaletxearekin; molde horretako laugarrena du.

Inon izatekotan lana (Susa, 2006) argitaratu zuenetik duela gutxi arte idatzitakoak dira ipuinak, Zabalak azaldu duenez. «Banan-banan eginak dira, liburu jakin baterako pentsatu gabe; guztiz autonomoak eta independenteak dira». Dena den, «beharbada estiloan, beharbada kezketan», badute batasun bat, eta izenburuarekin batasun horren alde egin du: «Ipuin gehienetan badago ihes egin nahi duen norbait, edo iheserako gogo bat. Horregatik Ospa». Izenburuari tiraka, irakurleren batek pentsa dezake bizitza ospatzeko aldarria egiten duela liburuak, Zabalaren esanetan: berari «kosta» egingo litzaiokeen arren, hori bera ere zilegi dela dio. «Esan nahi dut liburuak baduela batasun bat, baina batasun hori oso lainotsua, oso lanbrotsua edo oso irekia dela».

Kultur arloko pertsona ezagunak agertzen dira ipuin askotan: Benito Lertxundi, Jorge Oteiza, Eduardo Txillida eta Mikel Laboa, besteak beste. «Seguru asko, Txistu eta biok nobelan [Algaida, 2016] baino gutxiago: han nolabaiteko esajerazioa zegoen, eta hemen neurritsuagoa da kultur munduaren agerpena». Horrekin lotuta, sorkuntzari buruzko kezka ageri da ipuin askotan: protagonistak idazleak, artistak edo zinemagileak dira, eta arte sorkuntza da ipuin horien gaia.

Idazle izateaz gain, 25 urte luzez kultur kazetari aritu da Euskaldunon Egunkaria-n eta BERRIAn, eta kazetaritzak ere presentzia nabarmena du liburuan. «Kasu batzuetan, kazetari batek fikzioan idazten dituen artikulu batzuk dira nagusi, fikziozko edo egiazko hedabideetan argitaratuak. Eta, beste batzuetan, kazetariak ez du artikulurik idazten, baina bera da kontalaria eta protagonista».

Nobelagile isila deitu duen ipuineko protagonistaren gisara idatzi ditu ipuinak, azaldu duenez: «Hitzaurre moduan ere jar zitekeen, nire idazteko modua islatzen duelako, neurri batean». Izaskun du izena protagonistak, eta «behar duena edo barruak eskatzen diona» idazten du,«nahiz eta jakin literatura txarra idazten duela eta ezin dela argitaratu; berak hala uste du». Idatzitakoa gorde eta aldean eramaten du, indarra ematen diolako: «Sentitzen du, literatura izan edo ez, idatzi duen horretan dagoela bera, eta lagundu egiten dio bizitzan, edo horrelako zerbait».

Distantzia nahi, eta ezin

Orain arteko lanei begiratuta, egin dituen nobelak bere «bizitzako egoeraren isla» direla dio Zabalak: «Ahanzturaren artxipielagoa, esaterako, aitaren heriotzaren ondorio da neurri handi batean, baita nerabezaroko zailtasunen isla ere». Agur, Euzkadi eta Txistu eta biok, berriz, helduaroaren islatzat ditu: «Kezka berrien eta dezepzioen isla dira». Ipuinetan ez da hain lotua sentitzen, eta pertsonaiekiko duen distantzia «handiagoa» dela dio, nahiz eta «ezin» duen saihestu pertsonaiak bere oso antzekoak izatea. «Liburu honetan, nire oroitzapen autobiografiko batzuk daude, eta, aparte, pertsonaiak nik nahi baino antzekoagoak ditut». Distantzia hartzen saiatu arren, «zaila» egiten zaiola aitortu du. «Nire asmo zintzoa da hemendik aurrera zientzia fikzioa idazten hastea [barreak], horrek nahitaez behartuko nauelako distantzia handiagoa hartzera».

Ospa ipuingintza helduago baten isla da, Zabalaren esanetan, «edo, behintzat, ipuingintza modernoaren ezagutza osoago batetik egina da». Azken ipuin liburua Sakoneta zuen orain arte (Susa, 1994), eta bien artean «salto handia» dago; esaterako, idazteko orduan eragin dioten autoreen aldetik. Lehenengo haietan, Europa erdialdeko idazleen arrastoa nabariagoa da, «batik bat, Franz Kafkarena eta Peter Handkerena». Ospa-n Julio Cortazar, Anton Txekhov eta Jorge Luis Borgesen eragina izan du, baita euskal ipuingintza modernoko hainbat idazlerena eta «beste hizkuntza batzuetan idazten duten gertuko idazle batzuena» ere.

Sorkuntzaz eta kritikez

Liburuan, sorkuntzaz gogoetatzeaz gain, berak izandako sentipenez ere hitz egin du Zabalak: «Nahiko libre sentitu naiz; beharbada, nahiko nuke idatzi artista plastikoek bezain libre, eta saiatzen naiz, edo hori da bilatzen dudana». Ildo horretatik, pasadizo bat ekarri du gogora: «Aurreko batean norbaitek Facebooken komentatu zuen musikan ez dela kritika txarrik egiten, eta literaturan, aldiz, bai». Ibon Egañaren tesia aipatu du: euskal literaturan kritikagileak «onberak» direla eta «oso kritika zorrotz edo gaitzesle gutxi» egiten direla. «Arte munduan dena onartzen da: erakusketen inguruko komentarioak beti dira 'askatasun handiz jokatu du artistak' eta antzerakoak, eta oso-oso gutxitan irakurtzen ditut kritika negatiboak».

Zabalaren ustez, artista plastikoari «laudatu» egiten zaio daukan askatasuna: «Merkatuari edo lanak erakusteko izan ditzakeen zailtasunei begiratu gabe, bere bulkadei erantzuteko duen askatasun hori ia-ia modu erromantiko batez laudatzen da, normalean, arteari buruzko iruzkinetan». Ontzat du hori; are, idazleentzat ere nahi luke harrera hori: «Idazleok ez daukagu sekulako merkatua hain zorrotz begiratuak izateko ere, baina iruditzen zait ez daukagula gureganatua edo zorrotzago begiratzen zaigula».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.