«Triste noa, baina ulertzen dut»

Josu Urrutiak jakinarazi du Jose Angel Zigandak ez duela karguan jarraituko datorren denboraldian. Teknikariak esan du ez duela nabaritu zaleen eta klubaren babes faltarik, eta «futbolaren legea» dela
Josu Urrutia Athleticeko presidentea eta Jose Angel Ziganda entrenatzailea, atzo, Lezaman emandako prentsaurrekoaren momentu batean.
Josu Urrutia Athleticeko presidentea eta Jose Angel Ziganda entrenatzailea, atzo, Lezaman emandako prentsaurrekoaren momentu batean. MIGUEL TOÑA / EFE

Haritz Gallastegi -

2018ko maiatzak 11
Jose Angel Zigandak ez du Athletic entrenatzen jarraituko. Kukok eta haren lantaldeak ez dute beteko klubarekin adostua zuten bigarren denboraldia. Albisteak ez du inor ezustean harrapatu. Jokoa eta, batez ere, emaitzak ez dira onak izan, eta taldeak norabide aldaketa bat behar du. Futbolaren legea da. Gura baino lehenago amaitu da Zigandak luzaroan itxaron duen ametsa. Josu Urrutia presidenteak astelehenean eman zion zuzendaritzak hartutako erabakiaren berri. Bere ametsa egia bihurtzeko aukera eman zion lagunak eman zion inoiz entzun gurako ez zuen berria. Baina bai Urrutiak eta bai Zigandak argi dute Athleticen interesak «pertsonen gainetik» daudela. Sekula ez dute hori ezbaian jarri.

Lezamako prentsa aretoan eman zuten erabakiaren berri. Bi lagunak elkarren ondoan jarrita. Presidentea erdian, eta entrenatzailea haren ezkerretara. Bakoitza bere rolean. Aretoa gainezka zegoen: lehen lerroan zeuden zuzendaritzako kideak, eta atzerago entrenatzailearen lantaldeko kideak, jokalariak eta kazetariak. Ordubete eskaseko argibideak eman ostean, txaloz agurtu zuten guztiek Ziganda. Helburuak bete ez dituen profesional baten agur ekitaldian ohikoa ez den argazkia izan zen. Gauzak ondo atera ez diren arren, teknikaria estimatua dela erakusten duen agerraldi bat izan zen. Zigandarentzat «oparia» izan zen. «Klubak babes handia eman dit. Bestalde, jokalarien profesionaltasuna ez dago ezbaian jartzerik». Zigandak errotik eten gura izan zuen taldean giro txarra dagoela zabaldu gura dutenen mezua. Argitu zuen kazetari batzuek «nahieran» erabili dituztela bere esanak, eta ez zaiola «ondo iruditu».

Zigandak astelehenean jakin zuen presidentearen ahotik lehenagotik susmatuko zuena. Sasoia amaitzeko falta diren bi partidak zuzenduko ditu, eta, ondoren, maletak egin beharko ditu bere entrenatzaile ibilbidearekin beste nonbait jarraitzeko. «Bi arrazoi daude gure erabakiaren berri orain emateko. Batetik, Zigandarekin hitz egin ostean, horrela egitea erabaki dugulako. Bestetik, gaurtik aurrera entrenatzaile berria aukeratzeko lanari ekingo diogulako. Profila zehaztuta dago, eta, orain, teknikaria aukeratzea falta da», esan zuen Urrutiak.

Egungo futbolak nola funtzionatzen duen aintzat hartuta, beste edozein klubetan Zigandak ez zuen denboraldi osoa beteko. Baina klubak pazientzia izan du, eta aukera bat baino gehiago eman dio. Horregatik, Larraintzarkoak azkenera arte izan du egoera iraultzeko itxaropena. «Duela hilabete bat arte, uste nuen esperantza zegoela helburuak lortzeko. Deportivoren eta Levanteren kontrako partiden ostean galdu nuen fedea. Emaitzak ez dira onak izan, askotan sentipen txarrak izan ditugu, eta ez gara kapaz izan une gozoei segida emateko». Egoera horretaz jabetuta, Zigandak «ulertu egin» du zuzendaritzak hartutako erabakia. «Indarra neukan jarraitzeko. Jokalariak hobeto ezagutzen ditut, baina, era berean, argi dut babesa galdu dudala. Abuztuan egoera honetan hastea oso arriskutsua izan zitekeen», esan zuen entrenatzaileak. «Une gogorra eta tristea da. Ez gara gai izan ilusioa igortzeko. Entrenatzaile berriak babesa behar du», gaineratu zuen.

Kopako «kolpea»

Athleticeko zaleentzat, denboraldiak gehiago izan du gazitik gozotik baino. Zigandak berak ere espero baino gehiago sufritu du. Bada, ez zen tarte handirik egon lehen taldeko entrenatzaile izan den hilabeteetan izan duen une latzenetik gozoenera. «Une gogorrena Kopako porrota izan zen. Onena, aldiz, egoera gaitz horretan taldeak emandako erantzuna izan zen. Nekeari, lesioei eta partida pilaketari aurre egin, eta aurrera egin zuen. Jokalariek konpromisoa erakutsi zuten». Bestalde, San Mamesen bere kontrako oihuak entzutea ere «gogorra» izan dela iritzi arren, eman dioten babesa handia izan dela nabarmendu zuen. Baloratua sentitu dela, alegia.

Sasoi guztian egin duen legez, porrota zuritzeko ahaleginean aitzakiak jartzen ibili beharrean, autokritika egin zuen. «Jokalariei gehiago atera ez izana aurpegiratzen diot neure buruari». Hori bai, azken emaitza ikusita, esan zuen gauzak «aldatuko» zituela atzera egiteko aukera balu.

Athleticen egun dagoen exijentziak eraman du zuzendaritza Ziganda kentzeko erabakia hartzera. «Athletici onena emateko gaude. Taldeari lehen baino gehiago eskatzen zaio, eta, urte txar baten ostean, indar berria behar dugula uste dugu. Goiko postuetara itzultzeko asmoa daukagu. Lehen arrunta zena egun ez da onartzen. Hamasei urtez izan nintzen jokalari, eta lautan lortu genuen helburua», azpimarratu zuen Urrutiak.

Zigandaren aroa amaitua, zuzendaritzako kideak euren agintaldiko laugarren entrenatzailearen bila ari dira. Marcelo Bielsa, Ernesto Valverde eta Ziganda izaera ezberdinekoak izan arren, klubak gustuko duen profila dute. Hurrengo teknikariari ere aurrekoei eskatutako ardura bertsua jarriko dio Urrutiaren lantaldeak: «Taldea goiko postuetara eramango duen teknikari bat nahi dugu. Lezamara etortzeko gogoa izan, entrenatzaile gisa hazi eta jokalarien maila hobetu gura duen entrenatzaile bat gura dugu». Eduardo Berizzo omen da hautagai nagusia, baina ez da zerrendan dagoen bakarra.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna