Hauts azpian gordetzen denari adi

Jacques Derrida filosofoak emandako hauntologiaren kontzeptuaren barruan gordetzen dena azaleratuko du Ertz jaialdiak gaur hasi eta hilaren 19ra bitartean Beran, Donostian eta Arantzazuko santutegian. Musika, soinua eta mamuak.
Jean-Luc Guionnet, 2008an Artelekun egindako egonaldian.
Jean-Luc Guionnet, 2008an Artelekun egindako egonaldian. ASIER GOGORTZA

Xabier Erkizia -

2014ko irailak 12
Mamuaren izaera paradoxikoa, izaki dena eta aldi berean ez dena» definitzeko proposatu zuen hitza Jacques Derrida filosofoak: hauntologia. Dekonstrukzioaren pentsalari polemikoak XX. mende amaieran usaintzen zituen Marxen mamuak erakusteko erabili zuen termino hori, eta Marxek berak hamarkada batzuk lehenago egindako aipu batean zuen jatorria hitzak: «Europa osoan zabaltzen ari zen komunismoaren mamua». Hortaz, mamuaren mamua erakutsi nahi zuen Derridak, izan ez zenaren presentzia.

Zenbait hamarkada geroago, etengabeko nostalgiak gaixotuta bizi den XXI. mendeko Europan marxismoa pizten ari den interes berrituak arrazoia eman die biei. Etorkizunik ez dagoenean, mamuak berpizteko joera dugu. Baina krisi ekonomikoak eta kapitalismoaren autodestrukziorako joera nabarmenagoak eragindako ideologien berrirakurketez gain, zineman, literaturan eta bereziki musikan gero eta erabiliagoa den kontzeptua da hauntologia. Mende berriaren hasierak erakutsi duen retromania nostalgikoaren azken fasea balitz bezala, hauts artean gordeta geratu diren lehenaldi utopiko eta etorkizun distopikoak besarkatu ditu hainbat artistak.

Alor artistikoen artean, musikagintza, soinua bera, jatorriz beti izan da hauntologikoa, beti izan da mamu. Mikrofono zehatzenek ere ez dute sekula jaso, ezta jasoko ere, soinuaren benetakotasuna. Gehienez ere, garaian garaiko teknologiek baldintzatutako eta behinola gertatu ziren soinuen mamu gisako testigantzak biltzea baino ezin dute amestu grabaketek. Entzun ditzagun XX. mende hasierako grabaketak: ahots-tonu arraro horretan kantatzen al zuten gure arbasoek? Hezur-haragizkoak al ziren? Zer entzuten dute zehazki gure XXI. mendeko belarriek? Ahotsa, hitza, soinua edo soilik euskarria?

Teknologia zaharkituek, akastunek, kamutsek, zehaztasunik gabekoek, hautsez betetakoek bizi izan ez genituen garaietako oroitzapenak pizten dituzte, ia-ia bizi izan bagenitu bezala. Hautsez betetako binilozko disko bat tokadiskoaren orratzaren azpian jartzerakoan sortzen den karraska entzutea bezalakorik ez dago hortaz konturatzeko. Karraskak berak, musikaren beharrik gabe, sortzen du mamua; hark entzunarazten dizkigu igarotako (ez beti bizitako) denborak, gertatu ez ziren etorkizunen desioak. Ghosts of my Life (Zero Books, 2014) liburuan, Mark Fisher idazleak azaltzen duen bezala, «Hauntologia ez da musika estilo jakin bat, sentsibilitate bat baizik. Erreferentzia nostalgikoak baino gehiago, teknologia zaharkituek oroimena gauzatzeko duten moduen inguruko kezka agertzen dute musikari horiek». Mamuak agerrarazten dituzte musikaren bidez.

2013an, Donostiako (eta Berako) 1813ko setioaren urteurrenaren aitzakian, gerrako soinuak hartu zituen hizpide Ertz jaialdiak. Aurten, 15. aldian, hautsa aitzakiatzat hartuko duela gehituz, bertzelako mamuak berpiztu ditu. Teknologia zaharkituen erabilera —Cucinemak 16 mmko pelikula erabiliko du; Diana Combok, binilo zahar eta hondatuak; Jean-Luc Guionnetek, organoa—, existitzen ez diren edo behin izan eta betiko joan ziren herrialdeetako folk musika imajinazioak —Iñigo Ugarteburu, Ghedalia Tazartes...—, edo gure lehenaldi ahaztuaren interpretazio berriak —Inaxio Lopez de Arana, Mixel Etxekopar & Pierre Vissler— osatzen dute Ertz jaialdiaren aurtengo egitarauaren bizkarrezurra. Ez da nostalgia, ez da revival-a, ez da beldurra sortzeko ahalegina, ez da hauntologia ere. Gure belarrietan garraiatzen ditugun mamuei adi jarriz, gure izaera marrazteko ahalegina baizik. Mamuekin ere esperimentatu daitekeelako. Nostalgiarik gabe.

@ Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.ertza.net.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna