Txerriei nola, pertsonei hala

Gaur estreinatuko dute zinema aretoetan 'Txarriboda' 'thriller'-a, euskaraz filmatua.Javier Rebollok eta Alvar Gordejuelak zuzendu dute lana, eta Mikel Losada eta Itziar Atienza dira aktore nagusiak

Txarriboda filmeko zuzendariak aktore taldearekin batera, atzo, aurkezpen ekitaldian. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2015eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Adi irakurle, spoiler bat irudi lezake ondorengo esaldiak, baina ez da spoiler bat: Fran izeneko pertsonaia da Txarriboda filmeko hiltzailea. Izan ere, hori da Javier Rebollo eta Alvar Gordejuela zuzendariek beren buruari ezarri dieten erronka: hilketen misterioa lehen segundotik argitu, eta,halere, tentsioari ordu eta erdiz eustea. Lehen planotik erakusten dituzte Mikel Losada aktoreak jokatzen duen pertsonaia nagusiaren bi aurpegiak, eta argi dago lehen-lehen sekuentziatik bera izango dela hiltzailea. Tratu zail bat ixteari buruz hitz egin ahal izateko sakelako telefonoa darama ezkerreko eskuan, eta txerribodan erabiliko duen labana zorrotza eskuinekoan. Enpresa gizon eta senar saiatua itxuraz, munstro odoltsua barrutik. Franek justiziari ihes egiteko asmatu dituen amarruak desegitea izango da Itziar Atienza aktoreak jokatutako ertzainaren lana, eta hortxe pelikulako benetako misterioa. Euskaraz errodatu zuten filma iazko udan, eta euskaraz estreinatuko dute gaur zinema areto komertzialetan.

«Egin ditudan azken filmei begiratu eta ohartu naiz beti nabilela itxuraz normalak diruditen pertsonen alderdi iluna erakutsi nahian». Konstante hori igarri du bere lanetan Rebollo zuzendariak, eta Gordejuelarekin batera zuzendu duen Txarriboda ez da salbuespena. Lana eta familia galtzeko zorian dagoelako lehertzen da protagonista oraingoan. Amildegiaren ertzean ikusten duelako bere burua. Banaketa eskatu dio emazteak eta bere finantza planak pikutara joatear daude horregatik. Orduan hartzen du erabakia: hil egingo du. Hotzean prestatuko du poliziari izkin egiteko plana, eta lortu ere, erraz lortzen du kasua ixteko desiratzen dagoen Igartua ertzainburua konbentzitzea (Patxo Telleria). Zailago izango zaio, ordea, egia aurkitzen tematuta dagoen erritu krimenetan espezializatutako Klara izeneko polizia gainetik kentzea (Itziar Atienza). Eta bilaketa horretan joango da thriller-a thriller bilakatzen. Borroka eszena, erlijioarekin obsesionatutako psikopata, eta umore tanta eta guzti.

Iluna da atmosfera orokorra, bai eta oso iluna ere uneren batean. Maria Eugenia Salaberri gidoigile eta ekoizleak azaldu duenez, ordea, saiatu dira erabateko iluntasunari izkin egiten. Horregatik, pelikulako umore puntuak, eta, horregatik, istorioa kontatzeko hautatutako kokapenak ere. «Bizkaiko paisaiarik ederrenetariko batzuk hautatu ditugu horretarako». Eta, hain zuzen ere, Zugaztieta, Gaztelugatxe, Bakio eta Gordexola dira Salaberrik aipatutako argi puntu horietariko batzuk. Argi azaldu du gidoigileak, halere, zein zen bere asmo nagusia. Esaldi bakarrean: «Denbora neraman saileko euskal hiltzaile batekin zerbait egiteko gogoz».

Aktoreen lana azpimarratu du Gordejuelak. Eta Losadaren lana aipatu du adibide gisa. Aldi berean seme adeitsu eta hiltzaile hotz den pertsonaia jokatzen duen aktorearena, alegia. «Fran ez da hitz askoko pertsonaia bat. Ordenagailuan gauzak ikusten ageri da maiz pantailan, barne pentsamendutan murgilduta. Aktorea hautatzeko egiten diren proba laburretan oso zaila da inori hori ateratzerik eskatzea. Konfiantza handia izan dugu, horregatik, aktoreongan, eta, gure ustez, oso lan ona egin dute». Losada eta Atienzaz gainera, Aitziber Garmendia, Patxo Telleria, Ramon Agirre, Zorion Egileor eta Loli Astoreka dira pelikulan parte hartzen duten beste aktoreetariko batzuk. Eta guztiei eman dizkie eskerrak zuzendariak.

Zinemaren malkarra

Finantzaketa lortzea izan da pelikula egiteko zailtasun nagusia zuzendariek eta gidoigileak azaldu dutenez, eta pozik agertu dira,horregatik, azkenean aretoetara heldu ahal izango direlako. Latz irudikatu du Rebollok momentua: «Ikaragarri zail da gaur egun pelikula bati eustea. Oso gordina da egoera». Gordejuelak ere, ildo beretik: «Filmatzen diren lan guztiak ez dira aretoetaraino heltzen. Hori da errealitatea». Eta,horregatik, pelikulako lantaldearen poza. Salaberrik jarri du baikortasun puntua: «Aktoreak euskaldunak diren ala ez diren kontuan hartu behar da hautaketa egiterakoan, baina ez dugu inolako arazorik izan euskaraz egiteagatik. Badira urte batzuk euskal zinema industria oso indartsu bat daukagula».

Bilbon, Portugaleten, Getxon eta Euskal Herriko beste hainbat herritako aretotan emango dute filma aurrerantzean. Euskara hutsean zenbaitetan, bai eta erdarazko azpidatziekin ere beste batzuetan. Txarriboda Madrilen, Barcelonan, Sevillan eta beste hainbat hiritan ere proiektatuko dute gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.