«Partida ezberdina da»

Irujok eta Urrutikoetxeak nabarmendu dute joko puntu hobean daudela ligaxkan elkarren aurka jokatu zutenean baino.Ez da arazorik egon pilotekin

Mikel Urrutikoetxea eta Juan Martinez de Irujo, elkarri eskua ematen, atzoko pilota aukeraketan. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2015eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Partida guztiak ezberdinak direla esatea kirolariek erabiltzen duten topiko zabalduenetakoa da. Aurkakoa esatea, era berean, absurdoa litzateke. Igandeko lau t'erdiko finala, nola ez, partida ezberdina izango dela esan zuten atzo Juan Martinez de Irujok eta Mikel Urrutikoetxeak. Haien kasuan, baina, topikotik haratago doan analisia da, ligaxkako lehen jardunaldian elkarren aurka jokatu zutenean emaniko mailarekin alderatu baitzuten biek euren burua. Biak, gainera, ondorio berera iritsi ziren: biek hobera egin dute, hala jokoz nola sasoiz.

«Txapelketa guztietan bezala, hobera egin dut; bestela, ez nengoke hemen eserita», aletu zuen atzo Irujok, finalerako pilota aukeraketaren ondoren. «Bion jokoak egin du gora. Ni ligaxkan ez nintzen ondo aritu, baina finalerdietan maila ona eman nuen. Fisikoki ere hobeto nago. Eta Mikel... Mikel ikaragarri dago. Bengoetxearen kontra, finalerdietan, erakustaldia eman zuen. Orduan nire aurka baino hobeto jokatu zuen». Urrutikoetxeak ere antzeko analisia egin zuen. «Partida ezberdina izango da, biok hobeto gaudelako, freskotasun handiagoa dugu. Final batean, gainera, tentsio handiagoa dago. Dena izango da ezberdina».

Partida hura oso bitxia izan zen. Irujo 3-10 eta 9-16 aurreratu zen, eta Urrutikoetxeak hiru falta egin zituen saketik. «Besoa uzkurtu zitzaidan, eta huts asko egin nituen. Pilotari onek bezala, Mikelek ondo baliatu zituen huts horiek. Finalean nire maila ematen badut, irabazi edo galdu egin dezaket; hori bai, ematen ez badut, ziur galdu egingo dudala», azaldu zuen Irujok. Aurrekari deigarria izan arren, apustuak Iberokoaren alde irtengo dira:100-70i. «Ez nago ados; duela hilabete eta erdi, berak irabazi zidan. Nire ustez, %60-40 dago partida, baina bere alde». Urrutikoetxeari, berriz, grazia egin zion aurkariaren aurreikuspenak. «Nik ez dut horrela ikusten. Bera da faboritoa, bera da iazko txapelduna, eta hor du bere palmaresa. Zortzi final jokatu ditu lau t'erdian».

Urrutikoetxeak gogoratu bezala, Irujo oso ohituta dago finaletara. Zaratamokoak, aldiz, bigarrena du. Aurkariaren ustez, hori nabaritu dezake. «Buruz buruko finala jokatu zuenean, ordezko gisa sartu zen, eta ez zuen ezer galtzeko. Orain, aldiz, bera sailkatu da, meritu osoz, eta zer galdu gehiago du. Presio hori sumatu dezakeela uste dut». Urrutikoetxeak, berriz, ondo erantzun zion beteranoak jarritako puntuari. «Ekainean asko nuen galtzeko, orain dudan adina. Txapel bat. Irujok eta biok berdina dugu galtzeko igandean». Zaratamokoak lasai dagoela esan zuen, eta, haren jarrera ikusita, sinesteko modukoa da. Are gehiago, bere patxada arrazoitu eta guzti egin zuen. «Niretzat, partida polita da. Jokatuz gozatzen saiatu behar dut. Asko gelditu dira bidean hona iristeko ahaleginean».

Partidari dagokionez, oso bizia izango dela uste dute biek. Urrutikoetxea: «Irujo pilotari oso oldarkorra da, eta berak beti ematen dio abiada pilotari. Hari aurre egiteko, haren jokatzeko modura egokitu behar duzu; bestela, galduta zaude». Irujok, berriz, ez dio beldurrik partida luzeari. «Oso pozik nago fisikoki eman dudan mailarekin. Horretarako entrenatzen gara. Baina, tira, nire ardura ez da Mikel; nik eman dezakedan mailak arduratzen nau ni».

Antzeko pilotak

Pilota aukeraketari dagokionez, lasaia izan zen. Irujok 105,2 gramoko bat eta 105,9ko bat aukeratu zituen; Urrutikoetxeak, berriz, 104,6 eta 105 gramokoak. «Juan ni baino indartsuago dago», esan zuen pisuak entzutean. Kanpotik ikusita ez zirudien alde handirik zegoenik, baina lau t'erdian ez da hain erraza horrelako xehetasunak nabaritzea. Zaratamokoak berretsi egin zuen uste hori. «Ez dago alde handirik; onak dira lau pilotak. Nireak txapelketa osoan erabili ditudan modukoak dira». Irujok, ohikoa den bezala, ez zuen pilotei buruz hitz egin.

Finalerako bi egun gelditzen dira, eta nahi duenak oraindik badu sarrera lortzeko aukera. Atzo 300 inguru gelditzen ziren, gehienak merkeenetakoak, 40 eta 50 eurokoak. Dena den, litekeena da denak saltzea. Atzo jende ilarak ikusi ziren Bilboko pilotalekuko txarteldegian, eginiko erreserbak hartzeko. Harmailetan ere jendetza bildu zen, finalak ikusmin handia sortu duen seinale.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.