Bi botereren artean harrapatuta

Lev Tolstoiren 'Hadji Murat' nobela 1912an argitaratu zuten, hura hil eta bi urtera. Josu Zabaletak euskarara itzuli du, eta Meettokek argitaratu. Tolstoiren idazkera «modernoa» nabarmendu du

Josu Zabaleta itzultzailea, Hadji Murat nobelaren aurkezpenean, hilaren 14an, Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2017ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Beste hamaika libururekin egin bezala, «gustuz» hasi zen Josu Zabaleta Lev Tolstoiren Hadji Murat nobela historikoa itzultzen. Kritika «oso onak» ditu liburuak, eta kritikari ezagun batek esandakoak jarri ditu adibide gisa: «Harold Bloomek esan zuen bere bizitza guztian irakurri dituen kontaera guztietan, onena ez bada, gutxienez kontaera laburretan onena dela; dena ez zaio sinistu behar, baina Bloomek esaten duenean liburu bat ona dela, irakurri egin behar da». Meettokek argitaratu dio itzulpena.

Hadji Murat «buruzagi militar inportante bat» izan zen Kaukasoko gerretan. Tolstoik ez zuen ezagutu, baina hari buruzko istorio asko entzun zituen gerrara joan zenean. Bi botere kontrajarriren artean harrapatuta gelditu zen Murat. Shamil zegoen alde batean, islamiar erresistentziako buruzagi nagusia, eta errusiarrak zeuden bestean. Zabaletak azaldu duenez, errusiarren alde jokatu zuen Muratek hasieran; Shamilek «modu faltsuan» salatu zuen, ordea, errusiarrei esanez Shamilen alde ari zela. Hala, Murat gaizki tratatzen hasi ziren errusiarrak, eta Shamilengana pasatu zen. Bien arteko desadostasunak tarteko, Shamilek Murat hil nahi zuela ikusita, errusiarrengana pasatu zen berriro, baina ez zuen esperotako laguntza jaso. «Azkenean, bai Shamilen aldekoak, bai errusiarrak kontra jarri zitzaizkion, eta bataila batean akabatu zuten». Lepoa moztu zioten, gorputza lurperatu zuten, baina haren burua Txetxeniako herri guztietatik pasatu zuten, hil zutela erakusteko: duela bi urte lurperatu zuten burua gorpuarekin, ordura arte San Petersburgoko museo batean eduki ostean.

Liburuak bere istorio propioa du: izan ere, 1904an bukatu zuen idazten, baina ez zuen argitaratu, ordurako Errusiako estamentu guztiekin haserre zegoelako. «Elizak eskumikatu egin zuen, Bibliari buruz eta Jesu Kristoren bizitzaz ematen zuen interpretazioagatik; gobernuarekin ere gatazkan zegoen, eta bazekien ez ziotela argitaratuko, edo zentsurak erabat aldatuko zuela».

Gaztetan irakurri zuen lehenengoz Hadji Murat Zabaletak. «Oso interesgarria» iruditu zitzaion orduan; hura itzuli ostean, nobela bat nola egiten den ikasteko eskuliburu bat dela iruditzen zaio. Zabaletaren esanetan, flashback-ak erabili zituen Tolstoik, eta garai hartan ez ziren batere ohikoak: «Joko hori oso modernoa da Tolstoiren garaian; maisua zen kontakizunak sortzen».

«Zehatza» eta «modernoa»

Hala, idazlea hil eta bi urtera argitaratu zuen liburua haren idazkariak, 1912an. Zentsuraren balizko atzaparkadari izkin egiteko, bi lekutan argitaratu zuen, aldi berean: Moskun eta Berlinen. Eta asmatu ere, asmatu zuten: Moskun argitaratutako edizioa zentsuratu egin baitzuten. «Kapitulu bat, luzeena, zentsurak esaldi bakarrera laburtu zuen, eta beste bat osorik kendu zuen: eskerrak Berlinen argitaratutakoan dena zegoen».

Zabaletak azaldu duenez, bi etapa bereizi ohi dituzte kritikariek Tolstoiren ibilbidean. Lehenengoan, bere bizitzan oinarritutako gauzez idatzi zuen, Zabaletaren esanetan. «Gaztetan noblea zen Tolstoi; diru beharrik ez zeukan». Aldi horretan leudeke, besteak beste, Gerra eta bakea eta Anna Karenina, esaterako. Lehenengo eta bigarren etaparen arteko mugarria gerran parte hartu izanak markatu zuen, hain zuzen ere. Kaukasoko gerretara joan zen, eta bost bat urte egin zituen han. «Gero, Krimeako gerran ere parte hartu zuen, eta, horren ostean, gerrak eta bizitza militarra baztertu zituen».

Beste faktore bat ere aipatu du Zabaletak: burgesiak langileak behar zituen hirietan, eta 1861ean deuseztatu zen joputza Errusian. «Tolstoik ordura arte ezagutzen zuen mundu tradizional hori erori egin zen, desagertu egin zen erabat: krisi handi batean sartu zen, eta, poliki-poliki, idazketa artistikoari utzi, eta filosofatzen hasi zen». Itzultzaileak azaldu duenez, ordurako kezkatuta zegoen Tolstoi nekazarien bizitzarekin, eta eskola batzuk jarriak zeuzkan bera bizi zen lekuan.

Bigarren etapan, Tolstoi «oso dokumentatuta» hasi zen idazten «bere nobela handiak», eta «estilo propioa» hartu zuen: «Zehaztasun oso handikoa zen, detaileetan eta...». Hadji Murat idaztea harentzat zer izan zen azaltzeko, Anna Karenina-rekin alderatu du Zabaletak: «Sei urte behar izan zituen Anna Karenina idazteko, eta Anna Karenina hau baino zortzi aldiz handiagoa da: hau idazteko, berriz, zortzi urte behar izan zituen, zortzi aldiz txikiagoa izanda».

Tolstoik «are gehiago» idealizatu zuen «mundu ideal hura», eta erlijioaz eta historiaz saiakera «mordo bat» idatzi zituen. Baina salbuespenak egin zituen, eta Hadji Murat da horietako bat. «Esaten zuen gizartea aldatu behar zela; literaturak ez zuela ezer aldatzen ere esaten zuen, baina ematen du ezin zuela etsi literatura idatzi gabe». 1896an hasi zen nobelarekin, Kaukason egondako garaietan ezagututakoaz.

Oharra itzulpengintzaz

Zabaletak «mikroirakurlego bat» kontuan hartuz itzultzen ditu liburuak. «Iruditzen zait badagoela euskal irakurlego bat oso kontuan hartzen ez dena, eta idazleak dira: idazle asko ari dira esaten ezin dela idatzi ezer euskaraz itzulpenik irakurri gabe». Izan ere, Zabaletaren esanetan, itzulpenek ereduak ekartzen dituzte. «Euskal literatura bultzatu nahi badugu, ereduak ekarri behar ditugu». Gainera, kexu azaldu da itzultzen diren lanek gehienbat mundu anglosaxoia dutelako jatorri. «Euskal literaturak munduko literaturan egon behar du, eta ez literatura anglosaxoiaren mundu bakar horretan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.