Astebetez belztuko dute

Astelehenean abiatuko da (H)ilbeltza, Baztango nobela beltzaren astea. Ernesto Pratek eta Pierre Mestrotek aurkeztuko dituzte lanak, hainbaten artean
(H)ilbeltzaren antolatzaileek atzo arratsaldean aurkeztu zuten jaialdia, Iruñean eginiko agerraldi batean.
(H)ilbeltzaren antolatzaileek atzo arratsaldean aurkeztu zuten jaialdia, Iruñean eginiko agerraldi batean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Naiara Elola

2018ko urtarrilak 11
Gizartearen estoldak edo ezkutuan dauden alde ilunenak mintzagai dituzten nobela, antzerki eta beste izango dira heldu den astean Baztanen egingo den (H)ilbeltzan, euskal nobela beltzaren astean. Laugarren aldia izango da urtarrilaren 15etik 21era bitarte egingo dena. Elurre Iriartek, (H)ilbeltzako kideak, hasmentako zikloa gainditutzat eman du, eta etorkizunari begira, erronka berriei aurre egiteko prest eta gogoz agertu da. Liburu aurkezpenak, idazleekin eginiko solasaldiak, film emanaldia, mahai ingurua eta ipuin antzeztuak izango dira, besteak beste, aurtengo (H)ilbeltzaren funtsa.

Iriartek adierazi du datorren astearen bitartez leiho bat ireki nahi diotela euskal nobela beltzak munduan «merezi» duen tokiari. Izan ere, haren iritziz hori da (H)ilbeltza, «aitortza txiki bat, ez bertzerik». Aurreko aldietan bezala, idazle batekin solasean ekingo diote asteari. Hala, astelehenean, Ernesto Prat idazleak iragan maiatzean kaleratu zuen Telleria eta gero, zer? nobelaz hitz egin ahal izango dute Arizkungo medikuaren etxeko liburutegi beltzera joaten direnek. Euskal nobela beltzaren asteko antolakuntza taldeko kidea da Prat, gainera. Haren azken lana Baztanen bertan dago kokatua. Eskualdeak duen irudi bukolikoaz harago, hirigintza proiektu erraldoi baten inguruko misterioaren bitartez, bestelako Baztan batzuk badirela erakutsi du lan horretan.

Baina fokua ez dute soilik jarriko ia-ia labetik atera berriak diren liburuetan. Izan ere, urtero, gutxienez saio bat idazle klasikoei eskaintzen diete, Mariano Izetari eta Gotzon Garateri, esaterako. Txomin Peillen idazlea euskal nobela beltzean aitzindari izandako idazleen inguruko argibideak ematen aritu izan da (H)ilbeltzaren aurreko aldietan. Baina, heldu den asteazkenean, berritasun modura, lehengoak alboratu, eta bere ibilbideaz mintzatuko da Amaiurko Gaztelu elkartean. Iaz, 50 urte bete ziren Gauaz ibiltzen dana haren lehen nobela beltza argitaratu zela. Hain zuzen ere, nobela horretako hiru atal eta beste bost ipuin berrirekin Zaldi beltzak zeruan liburua osatu du, eta bihar aurkeztuko du, Donostian. «Efemeride borobil hori aitzakia modura hartu dugu, Peillenek bere ibilbidearen berri emateko». Kontakizun horretan, Jose Angel Irigarai euskaltzain eta idazlea izango du lagun.

Aurten izango den beste berrikuntzen artean, Chinatown filmaren emanaldia nabarmendu du Iriartek. Orain arte ez bezala, nobela beltza eta zinema batuko dituzte. Izan ere, Iriartek nabarmendu duen bezala, sarritan izaten da literatura zinemagintzaren inspirazio iturri. Chinatown 1974. urtean filmatu zuen Roman Polanskik. Kritikari askorentzat, AEBetako zinemagintzako pelikularik onenen artean dago. Hala, ostiralean, jatorrizko bertsioan ikusi ahal izango da, euskarazko azpidatziekin, Elizondoko Arizkunenea kultur etxean.

Larunbatean, Arizkuenean bertan, Arantxa Iturbe idazle eta kazetariak gidatuta, Beltzaren estereotipoak literaturatik ikus-entzunezkoetarat izenburua duen mahai ingurua izango da. Iratxe Fresneda EHUko irakaslea eta Irati Jimenez idazlea ariko dira hizlari. «Aspalditik dugu nobela beltzetako estereotipoen inguruko kezka, eta horregatik antolatu dugu mahai ingurua», azaldu du Iriartek. Hala, generoaren barrunbeez ariko dira, beltz izaerak dituen ezaugarriez.

Arratsaldean, berriz, Erratzuko elkartean bazkaria egin ondotik, Jon Arretxeren Arrutiren banda, Pierre Maestroten Bihotz ebatsiak eta John Anduezaren Danba! eleberriak eta Morbus operandi antzezlanaren gidoia (Galder Perez) aurkeztuko dituzte. Iriartek aitortu du larunbateko aurkezpenen modukoek eragiten dutela kezka gehien antolatzaileen artean. «Beldur izaten gara bilaketak emaitzarik emanen ote duen. Baina gero beti agertzen dira gauzak, eta arras interesgarriak, gainera». Baina aurkezpenetan ezin izaten dira nahi beste liburu aurkeztu. «Alberto Ladron Arana gonbidatu genuen Jainkoen zigorra liburua aurkezteko, baina bere erabakia da jende aitzinean ez aurkeztea».

Iganderako ere egitarau oparoa prestatu dute antolatzaileek. Goizez, kontakizun antzeztu bat egingo dute Anizko mendietan barrena egingo duten ibilaldi batean. «Trama beltz baten berri emango digu kontalari batek, eta irudimena astinduko digu». Arratsaldez, Iruritako Jauregiarten, Hama(H)iru ate ikuskizuna egingo dute. 1985. urtean kartzelan zeudela, Mitxel Sarasketak eta Joseba Sarrionandiak umore beltzaren adierazle diren zenbait idazleren testuak itzuli eta Hamairu ate liburua kaleratu zuten. Liburu hori izango da (H)ilbeltza elkarteko kideek Iñigo Beltzunegi musikariaren laguntzaz eskainiko duten ikuskizunaren oinarria.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria