Katalunia

Zilegitasuna eta eraginkortasuna

Zenbait komunikabideren arabera, Bruselan ahalmen exekutiboko gobernu bat eratzea negoziatzen ari dira JxC eta ERC, baita Bartzelonan gobernu eragile bat edukitzea ere, 155.a etete aldera
Carles Puigdemont, atzo Bruselan, Lluis Puig eta Clara Ponsatiren erdian, JxCko diputatuekin bilera hasi aurretik.
Carles Puigdemont, atzo Bruselan, Lluis Puig eta Clara Ponsatiren erdian, JxCko diputatuekin bilera hasi aurretik. STEPHANIE LECOCQ / EFE

Igor Susaeta -

2018ko otsailak 6
Carles Puigdemont Kataluniako presidente inbestitzeko eta, aldi berean, Katalunian gobernu eraginkor bat edukitzeko JxC Junts Per Catalunyaren eta ERCren arteko negoziazioak «bide onetik» doaz. Eduard Pujol JxCko diputatuak hori aurreratu zuen atzo, alderdikideekin eta Puigdemontekin Bruselan bildu eta gero —bezperan batzartu ziren ERCko ordezkaritza batekin—. Kataluniako zenbait komunikabide areago joan dira, eta kaleratu dute, bi indar subiranista nagusietako iturriak aipatuz, bi aldeak ahaleginean ari direla joan den astean Oriol Junquerasek (ERC) planteatutako bi gobernuen formula adosteko. Informazio horien arabera, asmoa litzateke erbestean gobernu legitimo ahalmen exekutiboko bat eratzea, eta Bartzelonan beste gobernu eragile bat edukitzea, helburu duena Espainiako Gobernuak Katalunian ezarritako 155. artikulua kentzea eta, bide batez, instituzioak berreskuratzea. Sergi Sabria ERCko bozeramailearen iritziz, «itxura ona» du proposamenak.

Prentsaren aurrean egindako agerraldian, Pujolek ez zuen eman JxC eta ERC lantzen ari diren proposamenaren nondik norakoen berri, baina berretsi zuen inbestidura bakarra egongo dela —«Puigdemont presidentearena»—, eta, filtratutako formularen harira, zehaztapen bat egin zuen: «Okerreko bidea hartzen da demokraziari eta ekintza politikoei adjektiboak jartzen zaizkienean». CUPeko ordezkariekin ere elkartu ziren JxCkoak atzo, eta Maria Sirvent diputatuak jakinarazi zuen, haserre, berriro negoziatzen hasi beharko dutela «inbestidura sinboliko bat edo Generalitateko presidentetzarako beste hautagai bat proposatuz gero».

Hedabide batzuek argitaratutakoa aintzat hartuta, hautetsien batzarrak modu sinbolikoan inbestituko luke Puigdemont, erbestean. AMI Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteak sortu zuen batzarra, 2016aren amaieran, eta prozesu subiranista gauzatzen laguntzeko tresna bat da. ERCk azken astean hainbatetan adierazitakoa bideratzea izango luke asmo maniobrak: Puigdemont inbestitzea eta horrek, ustez, ondorio judizialik ez eragitea Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteari; eta prozesu subiranistaren harira behin-behinean espetxean daudenen egoera ez okertzea.

Puigdemont presidente izendatzeko berme juridikorik ez zuela argudiatuz Torrentek joan den asteartean inbestidura saioa atzeratu zuenetik, inbestidura «eraginkor» bat eskatzen ari da ERC, eta, informazio horien arabera, Kataluniako Parlamentuan beste inbestidura saio bat egingo lukete Puigdemont ez den beste hautagai subiranista batekin. Jordi Sanchez aipatzen dute kinieletan. ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidente ohi eta JxCk hauteskundeetarako aurkeztutako zerrendako bigarrena kartzelan dago iragan urriaren 16tik, eta arazoak izan ditzake parlamentura bertara joateko. Jordi Turull Presidentetzarako kontseilari ohiaz ere hitz egiten ari dira.

Parlamentuan eratutako gobernuak funtzio eragilea edukiko luke, baina harreman zuzena mantenduz erbestean eratutakoarekin, ahalmen exekutiboa ere edukiko luke eta. Sabria ERCkoak ere ez zuen mintzatu nahi izan negoziazioen mamiaz, eta «diskrezioz» jokatu beharra dagoela nabarmendu zuen. Hori bai, ez zuen zalantzan jarri Puigdemonten zilegitasuna: «Hautagai bakarra dago, eta hori Puigdemont da. Parlamentuan gehiengo bat dago hori gauzatu ahal izateko». Pujol, berriz, apur bat zehatzagoa izan zen epeez hitz egiterakoan: «Datozen egunetan lortuko dugu akordioa».

Eta Kataluniako Parlamentuko Mahaia gaur da biltzekoa (10:00) presidente bat inbestitzeko epeez hitz egiteko. Horri guztiari buruzko txosten bat dira osatzekoak legebiltzarreko abokatuak. Izan ere, lehengo astean inbestidura saioa atzeratzeak zalantzak eragin zituen. Parlamentuak bi hilabete ditu inbestidura bozkatzeko, eta ez dago argi denbora joan den asteartean korritzen hasi zen edo oraindik ez den atzerako kontua hasi, azkenean ez baitzen egin osoko bilkurarik. Sabria ERCkoarentzat, oraindik ez da korritzen hasi.

Sanchez eta Cuixart

Jordi Sanchezek eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidenteak beren kartzelatzeen kontra jarritako babes helegiteak tramiterako onartu ditu Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak. Matxinada eta sedizioa leporatuta, joan den urri erdialdetik daude kartzelan —Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak eman zuen haiek kartzelatzeko agindua—, eta azaro bukaeran aurkeztu zuten helegitea.