Azkeneko aukera da

Athleticek sasoia txukundu nahi du Europa ligan urruti iritsita. Erronka zaila da, aurkari indartsua baita Marseilla. Adurizek gripea du, eta zail du jokatzea

Azkeneko aukera da.
haritz gallastegi
Bilbo
2018ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Athletici Europa liga geratzen zaio denboraldia itxuratzeko. Espainiako Ligan parekotasun handia dago, eta matematikoki aukera dauka zazpigarren postua lortu eta sasoia aho zapore onarekin amaitzeko. Baina kontuan izanda zenbat talde dauden sartuta lehia horretan eta, batez ere, Kuko Zigandak zuzentzen duen taldeak orain arte erakutsi duen maila ezinezkoa dirudi lehiaketaren azken laurdenean egoera iraultzeko indarra izango duenik.

Europa liga ere lehiaketa gogorra da. Lehian ari diren talde gehienak maila onekoak dira, horietatik asko talde zuri-gorria baino hobeak. Baina bi partidara erabakitzen da irabazlea, eta gisa horretako kanporaketetan parekatu egiten dira indarrak. Xehetasunek erabakitzen dute zein taldek egiten duen aurrera, eta zein geratzen den bidean. Bada, Athleticek sarri erakutsi du ondo moldatzen dela gisa horretako borroketan.

Egungo Athletici jokoa falta zaio. Joko barik oso zaila da helburuak lortzea. Baina sasoi txarretan garrantzitsua da sufritzen jakitea. Egoera konplexuei buelta emateko oso lagungarriak izaten dira eskarmentua eta lehiakortasuna. Bata zein bestea sobera ditu Athleticek. UEFA kopa Europa liga bihurtu zenetik, Athletic bigarren da lehiaketa horretan partida gehien jokatu dutenen zerrendan: 59 lehia. Vila-real dago lehen postuan, bi partida gehiagorekin. Zuri-gorriak ohikoak izan dira Europa ligan azken urteotan, eta tarte horretan final bat jokatzeaz gain, final-laurdenetara ere iritsi dira. Tarte horretan bolada gozoak eta latzak bizi izan ditu.

Jakinekoa da Zigandaren jokalariak ez direla dohatsuenak. Talde asko daude gaitasun handiagoko futbolariak dituztenak. Baina ez dira talde asko egongo une erabakigarrienetan euren onena emateko gai direnak: Adurizek, Raul Garciak, De Marcosek, Susaetak eta enparauek ez dute sekula amore ematen. Horregatik nabarmendu dira azken urteotan. Horregatik da belaunaldi hau onena Athleticek ligak irabazi zituenetik. Zaleen errespetu guztia merezi du.

Baina taldearen inguruan zalantzak daude. Sasoi honetan ez du azaldu aurreko urteetako sendotasuna. Gainera, Europa ligako final-zortzirenetako aurkaria ez da nolanahikoa. Olympique Marseilla Frantziako Ligako hirugarren sailkatua da. Futbolari onak ditu, eta etxean indartsua da oso: denboraldion partida bakarra galdu du Velodromen. Paris Saint-Germain eta Monako ere ez dira kapaz izan bertan irabazteko. Defentsan, Steve Mandanda atezaina da nagusia. Garrantzi handia du taldean eta jarraitzaileen artean. Defentsaren erdialdean Espainiako Ligan aritutako bi futbolari daude: Adil Rami eta Aymen Abdennur. Eta aurrera begira, Dimitri Payet eta Florian Thauvin dira futbolari erabakigarrienak. Azkena da izar nagusia. Hegalean aritu arren, hamasei gol sartu ditu, eta hamar asistentzia eman.

Azken orduko hutsunea

Mikel Balentziagak izan lezake Thauvin zaintzeko ardura. Ezker hegaleko atzelaria min hartuta egon da azken bi hilabete pasatxoan, baina deialdian dago. Aritz Aduriz ere zerrendan dago, baina zail du jokatzea, gripeak jota baitago. Berri oso txarra da, hura izan baita onena orain arte: hamar gol sartu ditu sasoi honetan Europa ligan jokatutako hamabi partidatan. Zigandak, beraz, aldaketak egin beharko ditu hamaikakoan. Hala, litekeena da Iñaki Williamsek ordezkatzea Aduriz, Markel Susaetak Williams, eta Iñigo Cordobak Susaeta.

Adurizen gaixotasunaren berri izan aurretik hitz egin zuen Zigandak. Haren iritziz, «erronka zaila da Marseilla kanporatzea, baina gogoz gaude. Luxua da egoera honetan egotea». Aurkariaz, berriz, esan zuen «talde orekatua eta eskarmentuduna» dela.

Rudi Garciak, berriz, «funtsezkotzat» jo du Europa liga. «Oso lehiaketa garrantzitsua da guretzat. Aurrera egin nahi dugu, baina aurkari zaila dugu, Athletic talde handia baita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.