Laugarrena prest

Ipar Euskal Herriko Xilaba bertso txapelketako finalera etortzeko gomita egin dute bertsolariek.Baionako Laugan iraganen da, azaroaren 15ean, 17:00etan

Odei Barroso, Sustrai Colina, Xumai Murua, Ramuntxo Christy eta Eneritz Zabaleta finalistak; Maddalen Arzallus eskas da hor, baina finalean izanen da. S.SENCRISTO.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2014ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Gauza bat segurua da: Ipar Euskal Herriko Xilaba bertso txapelketak txapeldun berria izanen du. Aitzineko txapelak Amets Arzallusek irabazi zituen, eta aurten ez du parte hartzen. Izan ere, 2008. urtean izan zuen lehen aldia Xilabak. Geroztik, bi urtetik behin antolatu dute. Eta aurtengoa, beraz, bihar zortzi izanen da: zehazki, azaroaren 15ean, 17:00etan, Baionako Lauga kiroldegian; duela bi urtekoa izan leku berean, funtsean. Sarrerak jadanik salgai daude usaiako saltokietan, edo bestela Interneten bidez, bertsosarrerak.eu helbide elektronikoan.

Finalerako panoramari hurbilagotik begiratuz geroz, aitzineko aldiei begira, erran daiteke aurtengo finalista gehienek jadanik ezagutua dutela Xilabako finaleko oholtzako giroa. Maddalen Arzallusek lehen aldikoa zuen dastatu, eta ondotik txapelketan parte hartu gabe egona da. Aurten berriz parte hartzeko gogoz etorri, eta finalera iritsi da.

Bat bada, haatik, lehen finala duena; hau da, Ramuntxo Christy aihertarra. Lehen Xilaban ez ezik, gainerateko bietan parte hartu zuen. Batean, lehen kanporaketa egin eta kanpoan gelditu zen. 2012koan, berriz, finalaurrekoetarako sailkatu zen. Aldi honetan, finaleko bidea ere eman dio epaimahaiak.

Lekurik «egokiena»

Bildu esperientzia eta jendeen aitzinean kantatzeko lasaitasuna emeki-emeki lortu duelako esplikatu du Christyk aukera berri hori. «Kentzen bada geure buruari guhaurek ematen diogun presioa, zinez txapelketa izan daiteke lekurik egokiena bertsotan ontsa hartzeko», hala iruditzen zaio. «Jendea hor dugu guri beha. Isil-isilik. Ez da ostatuan, kantuz ari, edo musean. Gaiak ere luzaz prestatuak izan dira. Mikroak baditugu funtzionatzen dutenak».

Hasteko, 2.000 ikusleren belarriak adi izanen dituela, esperantza horrekin dago Xilaba antolatzen duen elkartea, Bertsularien Lagunak. Besta giroa nagusitzea espero dute: «Goza dezagun eta goxa gaitezen!», hasieratik elkarteak azpimarratu duen leloaren haritik. Txapelketak lehen aldia izan zuenetik bere bidea egin eta egiten ari dela erakusteko parada ere badute, Eneritz Zabaletak laburbildurik: «Finala hitzordu bat bilakatzen ari dela iruditzen zait. Iparraldeko agenda kulturalean orain hitzordu bat gehiago da. Eta leku hori fite atzeman du. Sei urte guti da leku horren atzemateko. Kanporaketetan ere beti beteak dira gelak. Eta oraindik handitzen segituko du. Badira gazte anitz oraindik nerabe direnak, hurrengo hamar urteetan plazetara jinen direnak».

Ez hain gazteak, beraz, aldi honetako finalean entzungai direnak, «topikoa ez den» hori emateko prest: «Asmo gorena da egun horretan oso saio ona egitea. Badakit topiko bat ematen duela. Badakit ematen duela beste gauza batzuk ez esateko esaldi egin bat. Baina uste dut egia dela», adierazi du Sustrai Colinak.

Horiek erranik, guztiak datoz talde giroan «zurikeriarik» gabe, eta Odei Barrosok gaineratu du: «Ni txapelketara noalarik, desio dut zinez nire ondoan denak ahal duen hobekien egitea. Eta ez gaizkiago egitea ni haren aitzinetik pasatzeko. Ongi egiten badu eta bikain, ea nik lortzen dudan hobeki egitea». Eta gaineratekoak bezala, lehia baino gehiago, ekitaldiaren kolektibotasuna du baloratzen, hasiz finalistetatik: «Oholtza bat konpartituz, konpartitzen ditugu presio momentu horiek ere. Eta horiek taldean bizi ahal izatea polita da, txapelketa bat izanik».

Dena dela, txapela izan izanen da, eta Txomin Ezponda bertsolariak (1937, Jatsu) dio eskainiko irabazleari. Antolatzaileek proposamena egin ziotelarik, baietza eman zuen segidan, gazteak sustatzeko beharragatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.