Aukera baliatu behar du

Europa liga une kritikoan helduko zaio Realari, baina Eusebio baikor da Salzburgo gainditzeko. Zaleen eta jokalarien arteko giroa sortu nahi du klubak

Jon Eskudero

2018ko otsailak 15
Asteak igaro ahala, gero eta ezkorrago bihurtzen ari da Realaren ingurua. Joan den larunbatean Real Madrilen zelaian eskainitako irudi tamalgarria azken bolada txarraren adibide besterik ez zen izan, eta etsipenetik gertu dira jarraitzaile txuri-urdinak. Ez da harritzekoa; besteak beste, jokoan izandako azken 60 puntuetatik soilik hamazazpi lortu baititu Eusebio Sacristanen taldeak. Denboraldiri txukun ekin arren, azken lau hilabeteetako gainbeherak ez du izan etenik, eta Jokin Aperribai buru duen zuzendaritza batzordea bera ere zalantzan jartzen hasita egon daiteke Eusebioren lana. Horregatik, aste honetan bere etorkizunean giltzarri izan daitezkeen partidak zuzenduko ditu. Lehenbizikoa gaur, eta ez edonolakoa, gainera. Egoera zailean izan arren, Europako final-zortzirenetara sailkatzeko ilusioz gainezka ariko da Reala, Anoetan, Salzburgoren aurka.

Horretarako, kanporaketa «osoa» jokatu beharko du Realak, Eusebioren esanetan. Defentsan orain arteko egindako akatsak ezingo dituzte errepikatu, eta erasoan ere sakontasun eta mugimendu gehiago beharko dituzte. «Urtarrila benetan izan da txarra, eta gaizki pasatu dugu, baina gugan sinesten jarraitzen dugu, eta Europako liga amu polita da egoerari buelta ematen hasteko». Orain arte ez bezala, hitzak ekintzez josi beharko ditu entrenatzaileak. «Garrantzitsua izango da lerroen kokapenei ongi eustea, eta oreka ez galtzea».

Kontraerasoan azkar eta ongi jokatzen duen taldea da Salzburgo. Eusebioren ustez, estilo erabat ezberdineko bi talde lehiatuko dira, eta berea ondoen egitea lortzen duenak asko izango du irabazita. «Zailtasunez beteriko kanporaketa izango dugula badakigu, baina hasi eta buka indartsuak izatea lortzen badugu, gertu egongo gara garaipenetik. Zorionez, orain arte eginiko partida txarrek ez dute ezertarako balio». Errespetu osoa dio Salzburgori. «Harritu egin nau haien joko azkarrak eta ausartak. Presio itogarria egiten dute, ia denak jokalari gazteak dira eta ez dira behera etortzen epaileak azken txistua jo arte. Halere, nire jokalariengan sinesten dut. Ez dut zalantzan jartzen haien jarrera. Sinetsita nago aurrera egingo dugula».

Berisha, etxean

Aspaldian Realeko zaleen ezinegona begi bistakoa izanagatik, klubak gau magiko horietako bat bizi ahal izateko eginahal osoak egingo ditu. Haren helburua da jokalarien eta jarraitzaileen artean atmosfera berezi bat sortzea, eta horretarako Realeko banderak egongo dira eserleku guztietan, partida hasieran mosaiko bat sortu asmoz. Zaleen babes osoa espero du Eusebiok. «Hamabost urte dira Reala ez dela sailkatzen Europako final-zortziren batzuetara, eta harritzen nau zaleak ilusio gabe egoteak. Pentsatzen dut sinetsiko dutela kanporaketa gaindituko dugula».

Hasierako hamaikakoari dagokionez, aldaketak egingo ditu Eusebiok. Ondo bidean, Hector Morenok debuta egiteko aukera izango du, deialdian sartu baitu Raul Navasen ordez. Januzaj eta Zurutuza ere jokatzeko prest izango dira; ez, ordea, Willian Jose. Bautistak ordezka dezake oraingo honetan.

Salzburgok ere jokalari garrantzitsuak faltako ditu. Besteak beste, Valon Berisha taldeko jokalari onena Austrian geratu da, min hartuta baitago. Haren oinetatik sortu ohi du jokoa Salzburgok, eta itzulerako partida jokatzea ere zail izango du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna