«Abagunerik aproposena da»

Realeko zuzendaritzak espero du igandean Anoetan jokatuko den derbia beste bultzada bat izatea emakumeen taldearentzat. Etorkizunean nahiko lukete bertan norgehiagoka gehiago jokatzea
Igandean estreinakoz jokatuko du Realaren emakumezkoen taldeak Anoetan.
Igandean estreinakoz jokatuko du Realaren emakumezkoen taldeak Anoetan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Ainara Arratibel Gascon -

2018ko maiatzak 10
«Zuzendaritzan denbora generaman emakumeen taldeak Anoetan partida bat jokatzeko aukera aztertzen, eta uste dugu hau dela horretarako abagunerik aproposena: ligako azken partida da, derbi bat izatea egokitu da, Espainiako Koparako sailkapena dugu jokoan, obrak azken txanpan sartu aurretik Anoetan jokatuko den azken partida da...». Alex Uranga Realeko zuzendaritzako kideak hala azaldu zuen atzo igandeko Athleticen aurkako partida Anoetan jokatzeko hartu duten erabakia. Garbiñe Etxeberria kirol zuzendariak nabarmendu zuen jokalariak «ilusio handiarekin» daudela: «Denbora asko pasatu da Anoetako ateak taldeari irekitzeko. Baina oso albiste ona da, eta garrantzi handia ematen diogu. Ziur nago taldeak erantzun egingo duela».

Partida 16:00etan jokatuko da. Bazkideak doan sartu ahal izango dira, baita 14 urtetik beherakoak ere. Gainontzekoek hamar euro ordaindu beharko dute. Anoetako beheko eraztun guztia egongo da irekia. Hara joateko, ohiko autobus zerbitzuak eskainiko dituzte. «Zuzendaritzako eta klubeko langile guztiak gogor ari gara lanean eguna betea izateko».

Zenbat ikusle bil daitezkeen galdetuta, aurreikuspen bat egitea «oso zaila» dela esan zuen Urangak: «Ez naiz ausartzen kopuru bat ematera. Ez dugu mugarik jarri nahi». Zubietan, halako partida batean, 2.000 ikusle inguru biltzen dira: «Kopuru hori erraz gaindituko dugu. Dena den, zenbakietatik harago, guretzat oso garrantzitsua da jendea etortzea, eta taldeari eta emakumeen futbolari bultzada ematea. Hala, ikastetxeekin eta hitzarmena dugun taldeekin hitz egin dugu, eta gonbidapenak jarri ditugu haien esku».

Etxeberriak nabarmendu du Anoeta «festa bat» izatea nahi dutela. Palkora gonbidatu dituzte orain dela hamalau urte Realaren lehen taldea osatu zuten jokalariak. Gainera, txuri-urdinekin hitzarmena duten taldeen ekarpena ere eskertu nahi dute, eta talde bakoitzeko ordezkari bat zelaian izango da lehiaren aurretik: «Haien ekarpena funtsezkoa izan da Realak gora egiteko, eta ezinbestekoa iruditzen zaigu egun historiko horretan dagokien aitortza edukitzea» .

Etxeberriak uste du igandekoak lehen urratsa izan behar duela Anoetan partida gehiago jokatzeko: «Uste dut horra iritsi behar dugula. Guk lanean jarraituko dugu hala izan dadin. Hori da gure esku dagoena».

Hortik harago, partidari erreparatu nahi izan zion. Garaipena lortzeko, norgehiagoka hasten den unetik aipatu berezitasun horietaz ahaztu behar dutela gogoratu zuen: «Ezin dugu arreta galdu, eta partida serioa jokatu behar dugu. Hala eginez gero, gure helburua lortzeko aukerak izango ditugu. Izan ere, sailkapenean Athletic gure aurretik egon arren, azken denboraldietan gutxitu egin da bion arteko aldea». Partida «lehiatua» espero du: «Xehetasun txikiek erabakiko dute. Derbietan izaten diren emozioak hoberen kudeatzen eta zaintzen dituenak asko izango du irabazita». Ligako lehen zazpi partidak erreskadan galdu eta gero, Etxeberriak onartu du «ahalegin handia» egin behar izan dutela Espainiako Kopa jokatzeko aukera eskura izateko. «Sasoia oso gogorra izan da horren erruz».

Bigarren taldea sortuko du

Realak jakinarazi zuen datorren sasoitik aurrera bigarren talde bat izango duela. «Urteetan zalantzak izan ditugu sortu edo ez. Baina txapelketaren lehiakortasunak eta Gipuzkoako futbolak eskatzen zuten zerbait zen. Taldeekin egiten genuen teknifikazioarekin ez zen nahikoa, Lehen Mailarako saltoa oso handia baita». Taldea hemezortzi jokalariz osatuko dute, Realak hitzarmena duen 11 taldetik etorritakoak. «Gazte mailakoak izango dira, baina kadeteak eta seniorrak ere egongo dira».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna