Muturra sartzeko aukera

Denboraldiko partida berezienetakoa hartuko du gaur Ipuruak: Eibar eta Realaren arteko derbia. Ligako seigarren jardunaldia da, eta Gipuzkoako bi taldeak zazpina punturekin daude berdinduta. Irabazlerik badu eguerdiko partidak, sailkapenaren goialdera igoko da balizko garailea, eta horrek ere ematen dio gatza eta piperra derbiari.
Hirugarren aldiz jokatuko dute elkarren aurka Eibarren, Lehen Mailan, eta datua eibartarren aldekoa da, aurreko bietan etxeko taldea nagusitu baitzen. Gaur egungo zenbakiak aztertuz, orain arteko bost partidetan, bina garaipen dituzte. Armaginek Valentzia eta Granada menderatu dituzte, eta txuri-urdinek, Osasuna eta Las Palmas; bi garaipenak dituzte berdin banatuak, bat etxean eta bestea etxetik kanpo lortu dituztelako.
Eibarrek jokalari guztiak dauzka jokatzeko moduan, eta Jose Luis Mendilibar bakarrik faltako zaio, entrenatzaileak zigorraren bigarren partida bete beharko baitu harmailan.
Aste honetan jokatuko duten hirugarren partida izango da, eta horretaz aritu zen atzo Mendilibar: «Realak guk baino aldaketa gutxiago egin zituen aste barruko partidan, eta guk, gainera, egun bat gehiago eduki dugu atseden hartzeko. Hala ere, ez da erabakigarria izango egoera hori». Iragarri zuen nolako partida aurreikusten duen: «Irekia izango da, eta biok izango ditugu aukerak irabazteko, irekita jokatzen dugulako bi taldeok».
Ez zion inolako garrantzirik eman aurreko bi denboraldietako emaitzari: «Iraganak ez du axola. Bihar [gaur] da partida, eta biharkoak bakarrik balio du. Reala saiatuko da kontrako estatistika hausten, eta gu eusten; ez dago besterik».
Reala, olatuari eustera
Realak, berriz, erregular izatea du helburu, behingoagatik bederen. Azken bi denboraldiotan horixe izan du bekatu nagusi: segidarik ez diola eman lan onari. Eta, joan den asteazkenean Las Palmasen aurka distira egin ondoren, bide berari eutsi nahiko dio Eusebio Sacristanen taldeak. «Aurkari bakoitzak ezaugarri ezberdinak ditu, eta, Las Palmasen aldean, beste zailtasun batzuk jarriko dizkigu Eibarrek. Halere, gu garena gara, eta horri eutsi behar diogu», adierazi zuen atzo entrenatzaileak. Haren arabera, konfiantza osoa dute euren buruarengan, eta prest daude lehiatzeko. «Jarrera bikaina izaten ari dira jokalariak lehen partidatik, eta jakina zen lehenago edo beranduago ongi jokatuko genuela. Orain, lanean segitu eta zelaian dena ematea geratzen zaigu».
Eusebiok hirugarren aldiz bisitatuko du Ipurua. Joan den sasoian Realaren aulkian eseri zen, baina lehenago ere izana zen. Besteak beste, Bartzelonaren bigarren taldea zuzentzen zuenean, Bigarren Mailan, Eibarren aurka neurtu baitzituen indarrak. Orduan goraipatu egin zuen talde armagina. Nabarmendu zuen indarra eta kemena inork baino gehiago zituela. Ordutik asko hazi da Eibar, baina, Eusebioren ustez, lehengo oinarri berarekin jarraitzen du. «Ipuruak badu zerbait berezi. Zaleen babesarekin, gora etortzen da taldea, eta sekulako intentsitatean jokatzen du. Horrez gain, taktikoki eta kalitate aldetik ere hobea da Eibar lehen baino. Erritmo hori berdindu egin beharko dugu punturen bat lortu nahi badugu».
Hasierako hamaikakoari dagokionez, aldaketak egin beharko ditu. Defentsako lerroko hegaleko bi jokalariak min hartuak ditu: Carlos Martinez eta Yuri. Giharretako arazoak dituzte biek. Beraz, Zalduak eta Hectorrek ordezkatuko dituzte. Gainerakoan ere baliteke aldaketak izatea, egun gutxian partida asko jokatzen ari direlako. Esaterako, baliteke Juanmik hasieratik jokatzea berriz ere, Xabio Prietoren kaltetan. Willian Jose erabat osatu da, eta hasieratik jokatuko du. Hiru gol daramatza bost partidatan.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.