Izena ere aldatu diote

Berrikuntza asko izango ditu aurtengo Itzuliak, eta nabarmenena 'Euskal Herriko Itzulia' izan beharrean 'Itzulia Basque Country' izango dela. Gainsariak egongo dira helmugan eta tarteko esprintetan, eta erlojupekoa aurreratu dute

Julian Eraso Itzuliako zuzendaria, hirugarrena eskuinetik, antolakuntzako kideekin. Tartean Roberto Laiseka, Aitor Galdos eta Pedro Horrillo txirrindulari ohiak. M.R. / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
Eibar
2018ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Berrikuntzak izango ditu 2018ko Euskal Herriko Itzuliak. Batzuk ezagunak ziren, erlojupekoa laugarren etapara aurreratu dutela, adibidez; eta, beste batzuk, atzo aurkeztu zituen antolakuntzak. Besteak beste, lasterketaren izen ofiziala aldatu dute, eta Itzulia Basque Country izango da aurrerantzean; eta gainsariak egongo dira. Erlojupekoan ez beste etapetan, segundoak banatuko dituzte esprint berezi eta helmugetan.

Euskal Herriko Itzulia zena Itzulia Basque Country izango da aurrerantzean. Itzuliaren aurkezpenean azaldu zuen aldaketaren zergatia Julian Eraso Itzuliko zuzendariak. «Lasterketa, lehen, nazioartean, Vuelta al Pais Vasco-Euskal Herriko Itzulia zen. Etxeko hedabideetan, baina, gero eta gehiago erabiltzen zen Itzulia hitza, ondo erabilia gainera, azkenean gure izena baita. Hori finkatzeko, Itzulia jarri diogu, eta beste bi abizen: Basque Country jarri dugu. Horrela, ingelesez eta euskaraz, logoa ikusten duenak jakingo du Itzulia zein den eta non jokatzen den». Hori da izen ofizial bakarra, orain ez da gaztelaniazkorik ageri.

Izen eta irudi mailako aldaketez gain, kirol mailakoek ere lasterketari zirrara gehitzea dute helburu. «Blokeatuta zihoan lasterketa zela entzuten genuen. Oilarrek blokeatzen zutela eta mugimendu gutxi zegoela. Aldaketa hauekin lehiakortasuna handitu nahi dugu», azaldu zuen Erasok. Aldaketa handiena erlojupekoa laugarren egunera aurreratzea izan da, azken etaparako utzi gabe. Erlojupeko laua da, «plater bat». Lodosa-Sartaguda-Lodosa, 19 kilometro. «Ikusiko dugu emaitza duen ala ez. Taldeek beste mugimendu taktiko batzuk egin beharko dituzte. Orain arte, lasterketako gakoa kontrola azken egunera arte mantentzea zen. Orain, bi etapa gogor geldituko dira, eta lan egin beharko da erlojupekoan lorturikoa mantentzeko edo galdurikoak berreskuratzeko», azaldu zuen zuzendariak.

Gainsariek ere baldintza dezakete sailkapena. Helmugetan sei, hiru eta segundo bat banatuko dira, eta esprint berezietan, hiru, bi eta bat. Etapa bakoitzean bi esprint berezi egongo dira. «Lehiakortasuna» sustatu nahi dute antolatzaileek gainsariekin. Nabarmentzekoa iaz Alejandro Valverdek (Movistar) hamazazpi segundoren aldearekin irabazi zuela itzulia, Alberto Contadorrek (Tinkoff) hamabikoarekin 2016an; eta Joaquim Rodriguezek (Katuxa) hamahirukoarekin 2015ean.

Koskak helmugen aurretik

Itzulia apirilaren 2tik 7ra jokatuko da, Pazko astean. Irteera eta helmugak ezagunak ziren, eta atzo ibilbidearen xehetasunak ezagutarazi zituzten. Erlojupekoa ez beste guztiak gorabeheraz beteriko etapak dira. Aurrenekoa Zarautz-Zarautz da (162 km) —antolakuntzak arazo handiak izan zituen irteera puntua zehazteko—. Bost mendate igoko dituzte, tartean Jaizkibel eta Aia. Irabazlea, baina, ondo bidean, Elkano gainean erabakiko da. Helmugatik zazpi kilometrora dagoen igoera piko bat da (268 metro, 2,4 km eta %9), eta inbutu moduko sarrera du.

Bigarren etapa antzekoa da, kostaldetik Bermeoraino (152 km). 37 urte geroago, Itzulia Bermeora itzuliko da. Lau mendate igoko dituzte, tartean Almika-Sollube, baina azken galbahea San Pelaio koskak egingo du (302 m). Helmugatik zazpi kilometrora dago, eta 4,6 kilometroko igoera da, %6,5eko pendizarekin. Gaztelugatxe du alboan.

Hirugarren etapa lauagoa eta luzeagoa izango da, Uribarri Gaubearantz (184, km). Laugarrena erlojupekoa da, eta bosgarrena, Gasteiz-Eibar (164,7). Gipuzkoan, Debagoienetik sartu eta Urola Kosta gurutzatuko du Eibarrerako bidean. Hiru mendate daude ibilbidean, eta Azurki (678 m) mendatea sartuko da berriz Itzulian. 5,5 kilometroko igoera da, %7,6ko pendizarekin. Aurretik Endoia igoko dute. Bukatzeko, azken etapa klasikoa izango da: Eibar-Arrate (122,2). Zortzi mendate izango ditu, Izuako bueltarekin, eta Matsariatik egingo dute Arraterako azken igoera (3,1 km eta %12,7).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.