«Onenekin lehiatzera»

Asier Garitanok «beldurrik gabe eta ilusioz» hartu du Realeko entrenatzaile kargua. Aperribaik eta Olabek ez dute argitu posturako lehen aukera ote zen. Bideoa albistearen amaieran.

Roberto Olabe, Asier Garitano eta Jokin Aperribai, elkarri eskua emanda, atzo, Zubietan egindako aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
Donostia
2018ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Helburu batekin ailegatu da Asier Garitano Realeko aulkira. Atzo azaldu zuen aurkezpen ekitaldian: «Helburua ez da onenekin egotea bakarrik, haiekin nor baino nor gehiago lehiatzea baizik. Badakit oso zaila dela, liga honetan sekulako taldeak baikaude. Saiatuko gara, hala ere. Gutxienez haiengandik gertu egon nahi dugu. Talde ona dugu, eta gaia badago. Daukaguna mantentzea eta hobetzea da asmoa».

Jokin Aperribai presidentea eta Roberto Olabe futbol zuzendaria izan zituen alboan Garitanok aurkezpenean. «Beldurrik gabe» hartu du kargua. «Ez dut ustekabeetan sinesten. Beti nahi izan dut Reala entrenatu. Aukera orain suertatu da, eta aprobetxatu egin nahi dut. Ilusio handia dut, eta irrikaz nago lanean hasteko. Erronka polit eta eder bat dut aurretik. Zaleak beren taldeaz harro egotea nahi dut».

Lehen egun hauetan ikusitakoarekin pozik dago: «Klub handi eta moderno bat da, eta ditugun baliabide guztiak erabili behar ditugu onenen artean egoteko». Realak izango duen joko moldeaz galdetuta, argi erantzun zuen: «Ez dut estiloetan sinesten, denboraldi osoan modu berdinean jokatzean. Garrantzitsuena da partida bakoitzean jakitea eta asmatzea nola jokatu behar duzun aurkariari irabazteko. Kontrario bakoitza ondo aztertu behar dugu». Hortik harago, ondorengo zertzelada eman zuen: «Talde orekatu bat nahi dut, eta partida bakoitza irabaztetik gertu egongo dena».

Fitxaketen inguruan, garrantzitsuena Realaren balioei eustea dela nabarmendu zuen: «Taldea ona da, eta hortik aurrera ikusiko dugu daukaguna nola sendotu, eta zein neurriraino hobetu dezakegun. Pixkanaka joango gara ikusten, eta erabakiak hartzen». Gabriel Pires Leganeseko jokalariaren izena aipatu zioten: «Hiru denboralditan zuzentzeko aukera izan dut, eta argi dago maila handiko jokalaria dela. Baina aurreko sasoian kontratua berritu zuen. Hortik aurrera, ezin dut gehiago esan». Olabek argi utzi zuen: «Ez dugu eskaintzarik egin hura fitxatzeko».

Hiru sasoirako kontratua sinatu du Garitanok, Jokin Aperribai presidente denetik entrenatzaile batek sinatu duen luzeena. Baina Bergarakoa errrealista da: «Futbol munduan kontratuak emaitzen arabera daude. Ez dut horretan pentsatu nahi». Ez zuen zehaztu izango duen lan taldea, nahiz eta azken egunetan zabaldu den Cultural Leonesa taldeko entrenatzailea, Ruben de la Barrera izan daitekeela haren laguntzailea: «Onenak nahi ditut ondoan, eta Ruben oso ona da. Talentu handia dauka. Etorriko balitz asko lagunduko liguke».

Olabek eta Aperribaik ez zuten argitu Garitano izan al zen hasieratik taldea zuzentzeko lehen aukera: «Lehen, bigarren edo hirugarren aukera ziren pentsatu gabe, prozesu honetan hainbat entrenatzailerekin hitz egin dugu, proiektu honekin zuten identifikazioa ikusteko», esan zuen Aperribaik. Ondorengoa gaineratu zuen Olabek: «Garrantzitsuena ez dira pertsonak, baizik eta klubak ezarri dituen helburuak. Horren arabera, hurrengo urratsa horiek lortzeko pertsona egokienak aukeratzea etorri da. Oso pozik gaude Asierrekin. Gure lemazainik onena izango da». Zergatik aukeratu zuten azaldu zuen futbol zuzendariak: «Nortasuna eta lidergoa duen entrenatzaile bat nahi genuen, kluba ondo ezagutzen zuena, eta gu guztiongandik onena aterako duena. Ondo ulertzen du zer nahi dugun, eta partekatu egiten du guk proiektuaz dugun ikuspegia».

Kontratu mugagabe bat egin nahi izan diotela jakinarazi zuen Aperribaik. «Nahi genuen Asierrek lan egitea pentsatuz bizi osoa hemen egongo dela. Baina horrek ekarriko lituzkeen baldintzak eta ondorioak aztertu ditugu, eta ezinezkoa da. Dena den, egonkortasuna nahi dugu».

Uda «luzea eta bizia»

Olabek adierazi zuen hemendik aurrera hasiko direla datorren denboraldiko fitxaketekin pentsatzen: «Baina postu zehatzetatik harago, nahi duguna da ahalik eta talde onena egitea, eta Asier pozik egotea. Dagoeneko, gainera, oso talde ona dugu: Illarramendi, Oiartzabal, Wiliam Jose, Elustondo, Zubeldia... Maila handiko jokalariak ditugu postu guztietan. Ez dugu ahaztu behar».

Egun taldean dauden jokalarien etorkizunaren inguruko zurrumurruak egon dira azken egunetan. Alvaro Odriozolari buruz hitz egin da, adibidez. Zenbait komunikabidek kaleratu dutenez, Real Madrilek jokalaria fitxatzeko asmoa du. Aperribaik azaldu duenez, inor ez da haiekin kontaktuan jarri. Horregatik ez zuen gaiaren inguruan argibide gehiago eman nahi izan. Bestalde, William Joseren eskubideen jabetzaren %30 duen funtsarekin ez dute hitz egin, erabat erosteko: «Nahi duguna da hemen jarraitzea. Munduko Kopa izanda, merkatua geldirik dago. Lasai gaude». Olabek ez du datarik jarri taldea osatuta edukitzeko: «Onena litzateke denboraldi aurrea hasterako dena lotuta izatea. Asierrek zenbat eta lehenago eduki jokalari guztiak, hobeto. Baina hori ez dago soilik gure esku. Denok dakigu udak luzeak izaten direla».

[youtube]https://youtu.be/TVJgAoyzVHM[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.