«Batzuek gora egin dute, eta nik, behera»

Lau eta erdiko txapelketan «lan eskasa» eginda, autokritikarik ez du falta Artolak. Lesioak gainditu eta konfiantzaz zenean, kale egin du. Halere, hori aldatzeko gogotsu eta ilusioz dago.

jon eskudero
2017ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Koska bat gora egin nahia eta ezina. Aspaldian sentipen horrekin bizitzen ohitua dagoIñaki Artola (Alegia, Gipuzkoa, 1994). 2014ko ekainean debuta egiterako erakutsi zuen puntako pilotaria izateko aukera handiak zituela. Ezbairik gabe, goi mailako partidak ere jokatu ditu hiru urte eta erdiotan. Haatik, oraindik ez du lortu onenen artean egonkortzerik. Urrutira joan gabe, lau eta erdiko txapelketan ere aurrerapauso bat eman ezinda geratu da. «Emaitzak ez ezik, emandako itxura eskasak ere mindu nau». Hala, beste pilotari batzuek aurrera egin duten heinean, hura atzeraka joan dela iruditzen zaio. «Ezeren gainetik, ni naiz errudun nagusia, baina lesioek ere ez didate asko lagundu». Ilusiorik galdu ez duela eta, itxaropentsu dago binakako txapelketarako Asegarcek hura hauta dezakeela eta.

Gutxik egin izan dutena lortu zuen Artolak orain hiru urte, debuta egin eta urte erdi eskasera txapela eraman baitzuen buru gainera. Bigarren Mailako lau eta erdikoa irabazi zuen, finalean Altuna III.a 22-8 menderatuta, Donostiako Atano III.ean. «Erarik onenean abiatu nuen profesional ibilbidea, baina alde handia dago maila horretatik onenen artera». Ondo merezita eskuratu zuen Lehen Mailan jokatzea, baina neurria hartzea kostatzen ari zaio. «Pentsa, duela hiru urte Altuna III.ari irabazi nion, eta orain ikusi besterik ez dago bakoitzak izan duen garapena». Alegiarraren esanetan, debuta egin zuenean baino dezente pilotari hobea da orain, baina hori ez da aski ganorazko zerbait lortu ahal izateko. «Banakako txapelketetan lortzen dut zortzi onenen artean egotea, baina hurrengo koska gaindiezin bihurtzen ari zait. Pauso bat edo bi falta zaizkit. Buruak jaten zaitu halako ezinak sentitzean».

Besteak beste, ilusioz gainezka zegoen lau eta erdiko txapelketan hainbeste desiratutako jauzia emateko. Ordea, amildegian behera joan zaio helburua. «Joan den ekainera bitarte lesioekin hainbeste sufrikario igarota, nahiko uda ona izan dut, eta pentsatzen nuen garai egokia zela laueta erdikoan ere lan ona egiteko. Ez nuen arazo fisikorik eta konfiantza faltarik». Ilusioak bere horretan geratu zaizkio. Joan den urteko lau pilotari berberak aritu dira finalerdietan: Urrutikoetxea, Altuna III.a, Bengoetxea VI.a eta Olaizola II.a. Lau horiengandik hain urrun sentitu izanak mindu du alegiarra. «Ezkurdiaren eta Urrutikoetxearen kontra hainbestean aritu nintzen, baina Altuna III.ak irentsi egin ninduen Eibarren. Sakea egiten eta eramaten oso gaizki sentitu naiz txapelketa osoan. Badago zer hobetua».

Ilusio eta motibazio faltarik ez du, behintzat. «Sarritan, bizpahiru detaile hobetuta onenen pare joka dezakezula sentitzen zara, eta epe laburreko etorkizunari begira horixe lortu nahi dut». Banakako txapelketetan lau onenen artean ez bada ere, haiek estutu ahal izateko. «Victorrek eta Elezkano II.ak aurpegia eman dute lau eta erdian, eta erakutsi dute gai direla edozein unetan finalerdietarako sailkatzeko. Niri horixe falta izan zait».

Iraganari begiratzea alferrikakoa dela eta, aurrerantzean emango duen mailari soilik erreparatu nahi dio Artolak. Jada ahaztua du lau eta erdian eginiko lan eskasa. «Kaiolatik kanporatu eta berehala, Gernikako jaialdian jokatu nuen. Albisurekin batera, 22-12 irabazi nien Irribarriari eta Zabaletari. Oso pozik etxeratu nintzen partida ona jokatu nuelako. Halako gehiago jokatzea tokatzen zait orain berriro ere neure buruarengan etengabe sinesteko». Horretarako, presioak eta antzerakoak alde batera utzi beharko ditu. «Badakizu zer gertatzen den? Ni bezalako pilotariok ez dugula izaten asteburu oro goi mailako neurketak jokatzeko aukera, eta, tokatzen zaigunean, ondo aritu behar izaten dugula derrigor, berriro ere enpresak gugan konfiantza izan dezan. Egoera horretan zailagoa da ondo jokatzea, presioa eta tentsioa izaten dituelako gorputzak. Halere, ez dago aitzakiarik. Horretarako entrenatzen gara».

Binakakorako itxaropentsu

Bada, binakoan parte hartuko duen ez badaki ere, lanean gogor ari da Asegarcekoa. «Lehiakortasun handia daukat enpresan, eta badirudi binakako txapelketarako Victorren eta nire artean egongo dela postu bat jokoan. Lau eta erdian maila izugarria eman du hark, konfiantzaz gainezka dago, baina nik ere sinesten dut nigan». Enpresak erabakia hartua izango duela pentsatzen du. «Ez dut uste azken bi asteen baitan egongo denik erabakia. Urtero lehian egon izan gara biok, eta ni hautatu naute. Ea zer gertatzen den oraingoan. Hirutan jokatu dut binakakoa, eta bitan sartu naiz finalerdietan. Emaitzak onak dira. Parte hartzen ez badut, lanean segitu beharko dut aurrera begira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.