Olaizola II.a, 50 aldiz bakarka

Goizuetarra da buruz buruko txapelketan partidan gehien jokatu dituen pilotaria. Hemeretzi aldiz hartu du parte, eta 50 partida jokatu ditu guztira, tartean bederatzi final. Gazteek, baina, berak baino erritmo hobea daramate.

Imanol Magro Eizmendi.
2018ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Aimar Olaizola (Goizueta, Nafarroa, 1979) da buruz buruko txapelketan partida gehien jokatu dituen pilotaria. Halako markak zifra borobiletara iristean hartzen dira gogoan, eta hori da goizuetarraren kasua: Olaizola II.ak manomanistan jokaturiko 50. partida izan zen duela bi aste Beñat Rezustaren aurka irabazitakoa. Marka ezarria du, eta zaila dirudi urte askoan beste inork berdintzea, Oinatz Bengoetxea baita oraindik jokatzen ari direnen eta partida gehien dituztenen artean bigarrena. Leitzarrak 34 partida jokatu ditu, eta 33 urte ditu. Gainera, litekeena da Olaizolak zerrenda pixka bat gehiago luzatzea, aurten ematen ari den maila ikusita ia ziurtzat jo baitaiteke heldu den urtean buruz burukora itzuliko dela.

Olaizola II.ak 2000. urtean hartu zuen parte lehenbizikoz buruz buruko txapelketan; eskubide osoz parte hartu ere, aurreko urtean Bigarren Mailako txapeldun izan baitzen. Lehen partida hartan, 22-7 irabazi zion Iñaki Esaini, Naiaran (Espainia); final hogeita hamabigarrenak ziren. Orduan, egun baino askoz pilotari gehiagok hartzen zuten parte. Hartaz geroztik, urtez urte aritu da txapelketa nagusian, 50 partida jokatu arte, eta horietatik 34 irabazi ditu: %68. Parte hartze horien uzta, nola ez, oparoa izan da. Partida asko jokatu izana txapelketetan urrun iristearen zantzua da. Olaizolak buruz buruko lau txapel ditu guztira, eta bost aldiz izan da txapeldunorde.

Hainbesterako mugarria al da, baina, buruz buruko txapelketako 50 partida jokatzea? Bada, garrantzia kalkulatzeko onena beste izen handi batzuen bidearekin alderatzea da. Ruben Beloki da partida gehien jokatu dituztenetan bigarrena, eta zazpi gutxiago izango ditu larunbatean. Juan Martinez de Irujok, esaterako, 38rekin hartu zuen erretiroa. Iberokoaren kasua gogorra da, Olaizola II.a baino bi urte gazteagoa dela gogoratu behar baita, eta, logika onean, eta arrakasta izan balu, hark gertu izango zuen Goizuetakoaren marka. Aldiz, Julian Retegi da inoizko buruz buruko txapel gehien dituen pilotaria (11), eta hark 33 partida jokatuta lortu zituen. Garai hartan, aurreko urteko txapeldunak finala bakarrik jokatzen zuen. EPELen sorrerarekin, baina, buruz buruko txapeldunak pribilegio hori galdu zuen, eta final-laurdenetan ekiten zion hurrengo urtean. Faktore horrek asko puztu du ondorengo pilotarien partida kopurua, baita 2000. hamarkadako hasieratako txapelketetan ezarri ziren finalerdietako ligaxkek ere.

Ez da erraza zehaztea zein izan den inoizko buruz buruko pilotaririk onena. Zeren arabera neurtu behar da? Txapelak? Partidak? Garaipenak? Retegi da txapel gehien dituena, Hilario Azkarate handiaren aurretik. Elorriokoak sei irabazi zituen, baina zaila da jakitea buruz buruko txapelketako zenbat partida jokatu zituen. Garaipenen batez bestekoa kontuan hartuta, Retegi II.aren (%81,8), Irujoren (%81,5), eta Belokiren (%70) atzetik dago Olaizola II.a. Aurten txapeldun bada, halere, Burlatako latigoa pasatuko luke estatistika horretan. Nabarmentzekoa da Olaizolaren garaipen estatistika itsusten duten faktorea lehen urteak direla; izan ere, parte hartu zuen lehen hiru aldietan final-hamaseirenetan kanporatu zuten. Horietako batean 22-2 galdu zuen, Oier Zerraren aurka.

Alderaketa historikoak egiteko garaian, kontuan hartu behar da aurkarien maila. Izan ere, 50 partida horietan, Olaizolak buruz buruko txapeldun izandako bederatzi pilotariren aurka jokatu du behin gutxienez: Irujo, Xala, Beloki, Eugi, Ruiz, Bengoetxea VI.a, Barriola, Urrutikoetxea eta Irribarria. Ziurra da hori beste inork berdindu gabeko beste marka bat dela, eta, aurtengo emaitzaren arabera, agian are gehiago luzatu daitekeen zerrenda da.

Irujorekin, zortzitik bost

Aurkari zerrenda distiratsua da hori, baina Martinez de Irujo izan zen Olaizolaren aurkari kutuna. Txapel kopuruan Iberokoa dago aurretik —bost—, baita guztira irabazitako partiden batez bestekoak ere; elkarren aurkako partidak aztertuz gero, baina, Olaizola aurretik dago: zortzi partida jokatu zituzten elkarren aurka txapelketan, tartean lau final, eta horietatik bost irabazi zituen Olaizolak, tartean hiru final (2005, 2012 eta 2013). Bien arteko partidek joera nabarmena zuten gainera: lehen urteetan, Irujo zen nagusi, lehen lauetatik hiru irabazita; 2011tik aurrera, baina, Olaizolak irabazi zituen elkarren aurkako azken lau partidak. Aurrenekoa Irujok irabazi zuen, 2004ko finalerdietako 22-1 entzutetsu hura; azkenekoa, aldiz, 2015eko finalerdietan izan zen, eta 22-15 irabazi zuen Olaizolak.

Bengoetxea da, esan bezala, atzetik datozenen artean gertuen duena, eta zaila dirudi hark Olaizola pasatzea. Urrutikoetxeak, esaterako, 22 partida ditu jokatuak, eta 29 urte egingo ditu hilaren 24an. Haren adinean Olaizolak 25 zituen jokatuak, eta hortik aurrera hiru finalera iritsi zen gutxienez. Bere ibilbideak bilakaera logikoa badu, gertu ibil daiteke. Dena den, Jokin Altuna eta Iker Irribarria dira markaren mehatxu nagusiak. Altunak aurtengo txapelketan jokatuko du 11. partida—finala edo hirugarren edo laugarren postukoa—, eta 22 urte ditu. Irribarriak 22 egingo ditu uztailean, eta bederatzi daramatza. Haien adinean, Olaizolak lau partida zeramatzan buruz burukoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.