Sinfonikoko gazte musikarien udaleku

Euskal Herriko Gazte Orkestra udako egonaldia egiten ari da egunotan Eibarren. 86 musika ikasle ari dira aurtengo programa prestatzen: Rimski Korsakoven 'Scheherezade' eta L. Bernsteinen 'West Side Storyren dantza sinfonikoak'.

itziar ugarte irizar
Eibar
2017ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Eibarko unibertsitate ingurua lasai dago uztailean. Hutsik ia, baina ez guztiz. Astelehenetik, Euskal Herriko Gazte Orkestrako (EGO) ikasleak dabiltza bertan, beren instrumentuekin batetik bestera. Hurrengo astean aurkeztuko duten programa —Scheherezade eta West Side Storyren dantza sinfonikoak— entseatzen ari dira lehen egunetan, urteroko udako egonaldian. 86 ikasle batu dira aurten, Euskal Herri osotik eta inguruetatik etorritakoak; Errioxatik, kasurako.

«Askok aurretik ezagutzen dugu elkar, eta giro ona dago gure artean.Jotzea ia elkarrekin egoteko aitzakia baino ez da bihurtzen», esan du Ainhoa Garaiarrek (Zarautz, Gipuzkoa, 1996). Duela bost urte hasi zen EGOn, eta ordutik ez du huts egin egonaldirik, ez udan, ezta neguko egonaldietan ere.

Goizean entsegua, bazkalostean atsedenaldia, berriz entsegua, eta, iluntzetik aurrera, libre. Halakoa da kontzertuekin hasi aurreko egunen dinamika, Garaiarrek azaldu duenez. Unibertsitateko ikasle egoitzan gelditzen dira lotan. «Hamabi egunez eta 24 orduz gaude batera», dio musikariak. Han daude, halaber, Juan Jose Ocon EGOko zuzendaria (Donostia, 1968) eta zortzi irakasleko taldea: Catalin Bukataru (biolina), Irene Etxebeste (biolina), Paul Cortese (biola), Misael Lacasta (biolontxeloa), Gabriel Leon (kontrabaxua), Herve Michaud (egurrezko haize-tresnak), Alberto Urretxo (metalezko haize tresnak) eta Jorge Pacheco Francisco Escudero (perkusioa).

Obra bikoitza

Aurten 20. urtemuga du EGOk, eta programa «berezia» gertatu dutela nabarmendu du zuzendariak; batik bat, bi obra joko dituztelako programa bakarrean. Batetik, Nikolai Rimski Korsakov konpositore errusiarraren Scheherezade; lau zati ditu, eta Mila gau eta bat gehiago Sortaldeko ipuin bilduman oinarrituta dago. Eta, bestetik, Leonard Bernstein konpositore estatubatuarraren West Side Storyren dantza sinfonikoak joko dute, 1956an estreinatutako West Side Story obraren gainean autore berak lau urtera egindako bertsioa.

«Obren bertsio ofiziala da joko duguna; musikariak dira, eta ez dira engainatu behar bertsio programa infantil batekin. Erronka bat da, baina garrantzitsua da orkestra profesional batera aurkezten direnerako gertatuta egon daitezen», gehitu du. EGOk hogei urte beteko ditu aurten, eta hamazazpi beteko ditu Oconek zuzendari lanetan. Talaia horretatik, orkestraren ibilbidea «goranzkoa» izan dela dio.

Scheherezade Garaiarren obra «kuttuna» da aspalditik. Egonaldira joan-ez joan zegoen, baina obra hori ikustean, ziztuan argitu zitzaion duda. Kontzertu bitan biolin soloaz arduratuko da.

Garaiarrekin batera, duela bost urte sartu zen EGOra Nora Lopez(Bilbo, 1966). Txeloa jotzen du 7 urte zituenetik: «Txeloak beti ematen dio oinarria orkestrari; baxuak ez badaude, melodia ez da ondo entzuten. Bi obra hauetan baditugu solo batzuk, baina txeloak lagundu egiten du gehiago», dio. Egun hauek «politak baina zailak» direla dio, gozatzeaz gain kontzentrazio handia behar delako, hasieran batez ere. Instrumentu familia bakoitza bere taldearekin hasten da entseatzen, eta apurka juntatuz joaten dira taldeak, denak batu arte: tutti.

Parte «sekzionala» nabarmendu du egonaldien abantaila gisa Irene Etxebeste biolin irakasleak (Irun, Gipuzkoa, 1981): «Musika familia bakoitzak bere ahotsa bateratzeko lan egiten du, eta hori zortea da. Bizitza profesionalean, denak batera jotzen dugu: ez dago aukerarik taldeka entseatzeko». Gaur irakasle lanetan dabil Etxebeste, baina EGOko «ikasle» izan zen duela hogei urte, egonaldien lehen urtean. «Mundu sinfonikoarekin izan nuen lehen esperientzia izan zen EGO; sekulakoa iruditu zitzaidan halako orkestra handi batean jotzea», gogoratu du. Ikasle batzuek lehen aldia badute ere, ohituago ikusten ditu gaurko musikari gazteak orkestretara: «Aukera gehiago dituzte lehenagotik orkestra sinfonikoetan aritzeko».

Euskadiko Orkestra Sinfonikoan egiten du lan Etxebestek. Azpimarratu duenez, «auditoriumak ia beteta daude beti, eta hori hemengo auditoriumak handiak direla». Interesa egoteaz gain, musika ikasketek prestigio handiagoa dutelakoan da.

Garaiarrek eta Lopezek datorren urtean amaituko dute gradua Musikenen, eta jada kanpoan jarria dute begia, euren formakuntzarekin jarraitzeko. «Guk ez dugu unibertsitatea begiratzen; gure instrumentuko irakaslea aukeratu behar dugu, ondo konponduko zaren norbait».

Lau kontzertu lau egunean

Hurrengo astean aurkeztuko dute jende aurrean egonaldiaren emaitza. Astearteatik hasita, lau kontzertu emango dituzte, lau egunez jarraian: Hondarribiko (Gipuzkoa) Itsas Etxea auditoriumean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, Bilboko Euskaldunan eta Gasteizeko Principal antzokian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.