«Nazionalismo frantsesa Europako nazionalismo itsusienen eredu da»

Joxe Azurmendik zalantzan jarri du nazio kontzeptu frantses zibikoaren eta aleman etnikoaren arteko ohiko bereizketa 'Historia, arraza, nazioa' saiakeran
Joxe Azurmendi, atzo, Donostian, <em>Historia, arraza, nazioa</em> liburuaren aurkezpenean.
Joxe Azurmendi, atzo, Donostian, Historia, arraza, nazioa liburuaren aurkezpenean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Juan Luis Zabala -

2014ko azaroak 19
Nazioaren kontzeptu frantsesaren eta alemanaren arteko bereizketaz eta kontrajarpenaz gaur egun zabaldua eta onartua dagoen iritzia zalantzan jarri du Joxe Azurmendik Historia, arraza, nazioa. Renan eta nazionalismoaren inguruko topiko batzuk saiakera (Elkar) osatzen duten 626 orrialdeetan. Iritzi zabaldu eta onartu horren arabera, nazioaren kontzeptu frantsesa «liberala izango litzateke, demokratikoa, subjektiboa, nahizkotasunean oinarritua…», Azurmendik azaldu duenez. Nazioaren kontzeptu alemana, aldiz, «hizkuntzan, tradizioan, kulturan eta azkenean beti arrazan» oinarritua legoke. «Beraz, horren arabera, egongo litzateke nazioaren kontzeptu demokratiko bat, frantsesa, Espainian PPk, PSOEk eta denek defenditzen dutena edo errepresentatzen omen dutena; eta egongo litzateke nazioaren kontzeptu arrazista bat, etnikoa, erromantikoa eta abar…». Egun ezarria dagoen ikuspegi edo eskema horren iturria 1870 urtetik aurrera, gerra franko-alemanen garaian, izandako eztabaidetan dago, Azurmendik dioenez; Alsazia eta Lorrena alemanak edo frantsesak diren eztabaidatu zen garaiko eztabaidetan. Horregatik, Azurmendik garai horretako egileen lanak aztertu ditu liburuan, bereziki Ernest Renan pentsalariarenak (Landreger, Bretainia, 1823-Paris, 1892).

Ernest Renani ospe handia eman zion Zer da nazioa? hitzaldiak (Qu'est-ce qu'une nation? jatorrizkoan; euskaraz Euskal Herriko Unibertsitateak Limes bilduman 2004an argitaratua, Esteban Antxustegik itzulpenean, itzultzaileak egindako sarrera batekin). 1882an eman zuen hitzaldi hura Renanek Sorbonan, eta harrezkero erreferentzia garrantzitsua izan da beti —eta hala da oraindik ere — nazio kontzeptu frantses zibikoaren eta nazio kontzeptu aleman etnikoaren arteko bereizketaren aldezleentzat. «Renanek arrakasta handia dauka, gaur egun ere, frantses identitatearen autore gisa».

Liburuan, Azurmendik, «errepaso historiko bat» eginez, «zein izan den Renanen beraren eboluzioa nazioaren kontzeptuan» aztertu du, «eta baita ere zein izan den nazioaren kontzeptuaren eboluzioa Frantziaren historian, Errenazimentutik hasi eta gaur arte». Hortik abiatuta, Historia, arraza, nazioa-n Frantziako nazionalismoaren azpildurak erakutsi ditu, Espainiaren arimaz saiakeran (Elkar, 2006) Espainiako nazionalismoarenak erakutsi zituen bezalatsu. «Frantsesek berek ideializatu eta edertu egin dute beren nazionalismoa, baina nazionalismo frantsesa Europan egon diren nazionalismo itsusienen eredu da». Espainiako nazionalismoaren eredu ere bai neurri batean, Azurmendiren ustez.

«Faltsifikazio hutsa»

Azurmendik ez du inondik ere bat egiten nazio kontzeptu frantsesaren goresmenerako eta nazio kontzeptu gaitzespenerako erabili ohi diren argudioekin. Alain Finkielkraut eta beste hainbat intelektualek bultzatu duten bereizketa horri «faltsifikazio hutsa» irizten dio. Onartutako eskema horren arabera zibikotzat, laikotzat eta demokratikotzat jotzen den nazionalismoak zapalkuntza, kolonialismoa eta inperialismoa jorratu eta indartu ditu urte askoan, Azurmendiren iritziz, eta gaur egun ere oinarri nagusi inposizioa eta zapalkuntza dira oraindik ere.

Eskema «faltsu» horrek «segurantzia absolutu batekin» funtzionatu badu ere, Azurmendik aitortu du ez dela bera izan horren zuzentasuna ukatzen lehena: «[Tzvetan] Todorovek, nazio zibikoak eta etnikoak bereizita, esaten zuen nazio zibikoa dela kriminala, gerrak egiten dituena, eta sekula santan ez duela nazio etniko batek nazio zibikoek adinako txikiziorik egin. Nazio etniko batek nahi duena da bere burujabetasuna, bere kultura garatu eta abar... Baina nazio zibiko batek nahi duena da bere fronterak ezarri, bere ekonomia defenditu, aldamenekoari eraso… Beraz, arrisku handia eta desastre handia nazio zibikoak dira, eta ez nazio etnikoak; nazio etnikoek, lehenik, ezin dituztelako beste herri batzuk konkistatu, edo kolonialismora jo; eta, bigarrenik, nazio etnikoek horretarako asmorik ere ez dutelako. Hori da Todorovek zioena». Azken urteetan idazle askok ukatu dute, Todorovek bezala, ezarritako eskema, batez ere Kanadan eta AEBetan.

Euskal Herriko idazleen artean ere nazionalismo zibikoaren eta etnikoaren arteko bereizketak indarra izan duela —eta duela—, dio Azurmendik, eta Jean-Claude Larronde aipatu du adibide gisa, Sabino Aranaren biografoa, Aranaren nazionalismoa nazioaren kontzeptu alemanarekin lotu baitzuen. «Beti ari gara esaten: 'Bai, gure nazionalismoa eredu alemanekoa da, baina ez gara arrazistak'. Baina zergatik demostratu behar dugu beti ez garela arrazistak? Eskema horrek obligatzen gaituelako». Arana arrazista zela aitorturik ere —horretaz ez du dudarik—, Jose Ortega y Gasset ere arrazista zela dio Azurmendik, baina nazionalismo espainiarrari ez zaiola eskatzen arrazista ez dela froga dezan euskal nazionalismoari eskatzen zaion neurri berean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna