Warholen itzulerako itzalak

Guggenheim museoan Andy Warholen 'Itzalak' obra jarri dute ikusgai.102 serigrafia panel dira, bi itzal eta 17 kolorez osaturik.1979an estreinatu zuen artistak obra, lau urteko geldialdiaren ostean

Emakume bat Bilboko Guggenheim museoan Andy Warholi eskainitako erakusketa ikusten. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2016ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
«Erakusketari buruzko kritikak txarrak izango dira; egiten zaizkidan kritikak beti halakoak dira. Baina inaugurazio festaren inguruko kritikak bikainak izango dira». 1979ko urtarrilaren 30ean Itzalak erakusketa estreinatu zuen Andy Warholek New York hiriko Soho auzoko arte galeria batean. Eta handik sei egunera New York Magazine egunkarian erakusketari buruzko iruzkin bat egin zuen, eta esaldi hori idatzi zuen. Orain, Bilboko Guggenheim museoan jarri dute Warholen Itzalak, eta erakusketa zabalik egongo da urriaren 2ra arte.

1979an aurkeztu zituen irudien harira, inaugurazio festarako dekoratu bat besterik ez zela ere aipatu zuen iruzkin horretan. Ez zituen, beraz, arte kontsideratzen. Baina gonbidatuetako batek, inaugurazio egunean, «obra dekoratiboa besterik ez zela» esan zionean, Warhol amorratu egin zen, eta zarataka hasi zitzaion. Gerora, elkarrizketa batean, damutu egin zen egun hartan izan zuen jarreraz: «Gorritu egin nintzen, eta errieta egin nion… jende guztia harrituta zegoen ni hain haserre eta hari errieta egiten ikusteaz. Lotsagarria izan zen; han zeudenek benetan naizen bezala ikusi ninduten egun hartan». Horrelakoa zen Warhol, neurrigabea, probokatzailea. Eta horrelakoa zen haren artea ere.

1975. urtean, pintura egiteari utzi zion, eta geldialdi luzea egin zuen. Halere, tarte horretan ez zuen aspertzeko astirik izan: zinemagintzan aritu zen, eta Interview izeneko aldizkarian ere lanean jarraitu zuen. Bere erakusketa guztietara Interview aldizkariaren ale mordoa eraman ohi zuen, eta han zeudenen artean banatu, bere kazetari lanaz harro.

Geldialdi luze horren ostean, 1979an berriz itzuli zen margolari gisa, 50 urte zituelarik, eta Itzalak izan zen estreinatu zuen lehenbiziko obra. Horrela bada, inaugurazioa ospakizun bihurtu zen, eta ospakizuna festa itzela. «Garai hartako pertsona garrantzitsu asko bildu ziren, eta hedabideetan oihartzun handia izan zuen», argitu du Lucia Agirre Guggenheim museoan antolatu den erakusketako komisarioak.

Koloreen indarra

Erakusketan formatu handiko 102 serigrafia panel daude ikusgai, denak elkarren segidan jarrita. «Erakustokiaren espazioaren arabera modulatzen den obra da. Estreinatu zutenean, 83 margolan bakarrik jarri zituzten ikusgai. Eta horietatik sei galeriako alde pribatuan zintzilikatu zituzten, lekurik ez zegoelako», adierazi du Agirrek. Baina kasu honetan, Guggenheimek espazio zabal bakarrean jarri ditu irudi guztiak, horma eta oztoporik gabe. Modu horretan sorkuntza bere osotasunean erakutsi nahi izan dute, ikusleak haren tamaina eta perspektiba antzeman ditzan. Dena den, begi kolpe bakarrean ez da erraza egiten 102 margolanen desberdintasunez jabetzea. Agirreren ustetan, erakusketa gelara sartzean obrak errepikakorra badirudi ere, aurrera egin ahala xehetasunez konturatuko da ikuslea: «102 pieza horietako bakoitza bakarra da, desberdina».

Warholen obra gehienetan irudi ikonikoak dira bereizgarri nagusia. Eta kolorea nahiz teknika bigarren plano batean daude. Aldiz, Itzalak-en, kolorea eta teknika lehen planora pasatzen dira. Agirrek azaldu duenez, obra honetan deigarria da artistak koloreak nola baliatzen dituen. Baita pintura akrilikoarekin oihal zuriaren gainean egiten dituen marrak ere.

Warholek esponjazko mopa bat erabili zuen pintzel modura. Hori horrela, teknika lakar hori begien bistakoa bihurtzen da, eta aplikatzen duen kolorearen arabera, are nabarmenagoa egiten da. «Margo kolpeek eta isuriek artistaren keinuak azpimarratzen dituzte».

Pintura geruza horren gainean bi irudi serigrafiatu zituen: The peak, positiboa eta The cap, negatiboa. Eta inprimaketa positiboak eta negatiboak txandaka agertzen dira aretoko paretetan, apropos kokatu dituzte horrela. Irudi serigrafiatu horien jatorriaren inguruan asko eztabaidatu izan da, baina Warholek bere garaian esan zuenez, bere estudioko objektu baten itzalak dira.

Itzalek beti garrantzi handia izan dute artista estatubatuarraren ibilbidean, bai margolanetan, bai filmetan, baina obra honetan zutarri bilakatzen dira. Hortaz, bi itzal lauso eta hamazazpi kolore dirdiratsu, elkar loturik eta elkarren kontra. Agirrek eman du azalpena: «Gaur egun kolore arruntak dira, ohikoak, baina 1979an guztiz berritzaileak eta zirraragarriak ziren: bioleta zeharrargia, ur-itsaso berdea, klein urdina, lima...».

Pertsona bakoitzak kolorea haren garunaren bidez hautematen du, eta horren jakitun izanik, Warholek modu berezian erabiltzen zituen, tonalitate eta kontraste bitxiak sortuz. «Warhol liluratuta zegoen koloreekin, mezuak eta datuak aditzera emateko eta horietan eragina izateko ahalmena zutela uste zuen».

Agirrek nabarmendu duenez, Guggenheim museoak bere bilduman dituen eta hirugarren solairuan ikusgai dagoen Warholen Ehun eta berrogeita hamar Marilyn koloretsu obrarekin lotura zuzena dauka Itzalak obrak. «Batak bestea hobeto ulertzen laguntzen digu. Biak 1979koak dira».

New Yorkeko Dia Art Foundationek antolatu du erakusketa. Harenak dira 102 margolanak. Halere, guztira 108 dira. Beste seiak esku pribatuetan daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.