Primaderako kultur liliak

Bihar hasiko da, Bilbon, Loraldia jaialdia, eta hilaren 24ra bitarte euskarazko 30 ikuskizun eta 60 sortzaile baino gehiago batuko ditu. Diziplinartekotasuna izango da ezaugarri nagusietako bat
Dantza, musika, bertsolaritza, literatura eta artea biltzen ditu Loraldiak, eta diziplinak uztartzera jotzen du maiz. Irudian, iazko une bat.
Dantza, musika, bertsolaritza, literatura eta artea biltzen ditu Loraldiak, eta diziplinak uztartzera jotzen du maiz. Irudian, iazko une bat. LORALDIA

Iñigo Astiz -

2016ko apirilak 8
Euskal kulturak Durangon udazkena baduela pentsatu, eta Bilbon udaberria sortu nahi izan diote Loraldia jaialdiaren antolatzaileek. Asteburu bateko programa prestatu zuten horretarako iaz, lehen aldian, eta sendotu egin dute proposamena aurten. Sendotu, eta baita nabarmen handitu ere, iaz izandakoaren hirukoitza izango baita jaialdia aurten. Hor daude datuak. Bihartik apirilaren 24ra bitarte iraungo du jaialdiak, eta 16 egun horietan 30 emanaldi baino gehiago eskainiko dituzte 60 sortzailek baino gehiagok. Dantza, bertsolaritza, artea, musika, literatura eta antzerkia hartzen ditu egitarauak, eta euskaraz izango dira saio guztiak. Azkuna zentroan emango duten pastoralarekin hasiko da bihar dena: Joxemiel Bidador.

«Lore joko modernoak». Hala izendatzen dute antolatzaileek jaialdia, eta Anton Abadia XIX. mendeko lore jokoen asmatzailea hartu dute horregatik erreferentziatzat. Haren rolean eman zion ongietorria jaialdiari iaz Aitor Mazo aktoreak, eta aurten Mikel Martinez aktorea arituko da Abadiaren ahotsean. Euskal kulturgintzari prestigioa ematea zen hasierako lore joko haien helburua, eta xede bera dute gaur egungoek ere. Berritasuna da Loraldiak horretarako hautatu duen bidea. Izan ere, sorta bat dira jaialdirako propio sortutako ikuskizunak, eta jaialdian izango den estreinaldi kopurua ere bada horren froga, guztira zortzi ikuskizun eskainiko baitituzte lehenengoz egunotan.

Babes ekonomikoa handitu izanak ere lagundu du jaialdia handiagoa bilakatzen. Zenbaki zehatzik ez dute eman Loraldiaren antolatzaileek, baina, azaldu dutenez, 360.000 euroren bueltan dabil aurrekontua. Izan ere, 120.000 euro inguru izan zen iazko aurrekontua, eta, antolatzaileek azaldu dutenez, aurten «hirukoiztu» egin da. Eta hortik, beraz, 360.000 euroko kalkulua. Josune Ariztondok zuzentzen duen Bilbao 700 fundazioa da babesle nagusia, baina Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak eta beste hainbat enpresa pribatuk ere laguntzen dute jaialdia.

Hamahiru espazio izango ditu jaialdiak: Azkuna zentroa, Arriaga antzokia, Campos antzokia, Cafe Bar Bilbao kafetegia, Ribera kafetegia, Rekalde aretoa, 7 kaleak aretoa, Guggenheim museoa, Kafe Antzokia, La Fundicion aretoa, Arte Ederren Museoa eta Itsasadarra itsas museoa.

Diziplinartekotasuna da Loraldia jaialdiaren ezaugarri nagusietariko bat, baina balio dezake diziplinaz diziplinako zerrenda batek jaialdiaren neurria eta nondik norako orokorra erakusteko.

MUSIKA

Diziplinak uztartzekoa ez da kasualitatezkoa; hori da Loraldiaren marketariko bat, eta joera horren ikur izan daiteke Garden Alos Quartet hari laukoteak, Oreka Tx txalapartariek eta Aukeran dantza taldeak igande honetan eskainiko duten emanaldia. Garden izendatu dute Alos Quartet taldekoek; Harkaitz Canok idatzi dizkie hitz guztiak, eta txalapartarien laguntza izan dute perkusioarekin. Gainera, zuzenekoan, dantzariak ere izango dituzte oholtzan. Campos antzokian eskainiko dute ikuskizuna, eta estreinaldia izango da.

Laboa Jazz izango da jaialdiko beste estreinaldietariko bat. Mikel Laboaren kantak jazzaren esparrura eramango dituzte Iñaki Salvador pianistak, Angel Unzu gitarra jotzaileak, eta Ainara Ortega eta Maria Berasarte abeslariek. Campos antzokian izango da saioa, 16an.

BERRIA egunkariak ere hartuko du parte jaialdian, Badok Geroa izeneko kontzertuen bidez. Hiru dira saioak. Bat: Agustin Alkhat musikariak Erriberako merkatuan 14an eskainiko duen kontzertua. Bi: Anari eta Maddi Oihenart musikariek eskainiko dutena, 15ean, Campos antzokian. Musikarietako bakoitzak bere tartea izango du, baina bi abeslariak tartetxoren batean elkarrekin arituko direla ere aurreratu dute antolatzaileek. Eta hiru: Enkore eta lagunak Kafe Antzokian apirilaren 16an.

Gehiago ere bada. Hip hop emanaldiak izango dira bihar Azkuna zentroan; Mixel Etxekopar eta Beñat Axiarik saioa eskainiko dute 20an, Ribera kafetegian, eta Bilboko Arte Ederren Museoko artelan barrokoen artean eskainiko du Khantoria taldeak Errenazimentuko eta Barrokoko musika 12an. Eta luza liteke jaialdian izango diren musikarien zerrenda: Beira (13an) eta Anne Etxegoien (21ean).

BERTSOLARITZA

Bertsolaritzarekin lotutako bi ekitaldi nagusi izango dira jaialdian. Apirilaren 16an egingo den Europa Bat-batean topaketa izango da haietariko bat. Mintzola Fundazioaren eta Donostia 2016ren eskutik, Kurdistango, Sardiniako eta Euskal Herriko bina inprobisatzaile batuko ditu oholtzan. Itzultzaileak ere izango dira, eta horrek erraztuko du batzuen eta besteen lanaren ulermena.

Bertsolaritza, musika eta literatura uztartuko ditu beste ekitaldiak. Izan ere, Anjel Lertxundi idazleak sortutako etorkizunari buruzko testu bat izango dute oinarri Maialen Lujanbio eta Miren Amuriza bertsolariek kantuan aritzeko. Igelaren Banda taldekoek ere parte hartuko dute, gainera, emanaldian. Guggenheim museoan egingo dute ikuskizuna, apirilaren 24an.

ANTZERKIA

Bada pisu berezia izango duen beste diziplina anitzeko ikuskizun bat ere jaialdian: Pier Paul Berzaitzek Joxan Goikoetxea musikariarekin, Kukai Dantza taldearekin eta Juhane Dasconekin batera sortutako Maite#k pieza, hain zuzen ere. Kantu, doinu, irudi eta dantzaren bidez zazpi emakumeren bizitza pasarteak plazaratzen ditu ikuskizunak, eta Loraldian egingo dute estreinaldia, apirilaren 23an, Campos antzokian.

Estreinaldi gehiago ere izango dira. Muxua antzezlana aurkeztuko du Tanttakak hilaren 20an, Arriaga antzokian, eta Horman Poster taldeak Lehergailuaren teoria antzezlana jokatuko du lehenengoz, Arriagan, egun berean. Amagoia Lauzirika aktoreak, Eneko Olasagastiren zuzendaritzapean, Kitto. Nik utzi egingo dut kafe teatroa emango du 11n Cafe Bar Bilbaon, dohainik.

LITERATURA

Letrek ere pisu handia izango dute Loraldian. Uztartuta joango dira musika eta literatura, kasu gehienetan. Shane MacGowanen gibela emanaldia estreinatuko dute Kafe Antzokian 22an Unai Elorriagak eta Gibelurdinek musika taldeak. The Pogues taldeko abeslari eta poetaren bizitza izango du oinarri ikuskizunak, eta talde haren kanten bertsioak eskainiko dituzte Fredi Paia, Josu Aurrekoetxea, Ekain Iurrebaso eta Katxo Larrazabal musikariek.

Ez da estreinaldi bakarra izango. Blas de Otero, Gabriel Aresti, Gabriel Celaya eta Angela Figueraren poemak oinarri hartuta, Poeta gorri horiek! emanaldia eskainiko dute Azkuna zentroan 22an. Poesiaz gain, musika eta gastronomia ere hartuko ditu ikuskizunak bere baitan.

Porto ikuskizuna taularatuko dute Mursegok eta Harkaitz Canok 15ean, eta Urari ostutako poemak emanaldia Pako Aristi eta Itziar Gomezek Bilboko Arte Ederren pintura modernoen gelan, 12an.

ARTEA

Iaz egin bezala aurten ere Okela Sormen Lantegiak arte erakusketa kolektibo bat prestatu du jaialdiak iraungo duen egunetarako. Zumarraga kaleko 9. eraikinean egongo da ikusgai oraingoan, eta bederatzi izan dira bertan parte hartu duten artistak: Iago Rey, Leire Muñoz, Txuspo Poyo, Jon Otamendi, Lorea Alfaro, Carlos Garcia Pelaez, Patxi Araujo, Matxalen Oñate eta Maite Velaz. CadaVre Exquis deitu dute erakusketa, eta joko modura osatu dute bilduma. Izan ere, artista batek lana hasi, eta egindako hori ezkutatuta pasatu dio hurrengoari, hark itsuan jarraitu, eta hurrengoari pasatzeko.

DANTZA

Aukeran dantza taldearen Maurizia da Loraldiak estreinatuko duen dantza ikuskizun nagusia. Maurizia Aldeiturriaga Arratiako pandero jotzailearen figura du oinarrian lanak, eta hari eskainitako koreografia bat da emanaldia. 17an plazaratuko dute lehenengoz Campos antzokian. Bestetik, Irrintzi ikuskizuna eskainiko du Organik dantza taldeak apirilaren 18an, Campos bertan, eta Solasean pieza emango dute euskaraz La Fundicion aretoan Miren Gaztañaga eta Gabriel Ocina dantzariek.

IBILBIDEAK

Juan Bautista Bilbao Batxi kronikagile aritu zen I. Mundu Gerran, eta, haren testu historikoak oinarri hartuta, ibilbide gidatua antolatu du Edorta Jimenez idazleak Bilbon, hilaren 17rako. Plaza Barrian abiatuko da paseoa, eta Bilboko Itsasadarra Itsas Museoraino helduko da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna