Sarrionandia filmatzea

Joseba Sarrionandiaren literatura oinarri hartuta, 90 minututik gorako film luze bat filmatzen ari dira hamabi zinemagile. Udazkenean estreinatuko dute lana

Hainbat teknika baliatuko dituzte zinemagileek filman. ADABAKI EKOIZPENAK.
Inigo Astiz
Bilbo
2018ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Pantaila handietara ere helduko da Joseba Sarrionandiaren literatura. Euskal Herriko zein kanpoko hamabi zinema zuzendari ari dira idazlearen unibertsoa film luze bilakatzeko lanetan, eta udazkenean egin nahi dute estreinaldia. Adabaki ekoizpen etxea dabil proiektua sustatzen, eta, pelikula oraindik erabat bukatuta ez badago ere, proiektuaren berri ematea erabaki dute Hibai Castro, Lutxo Egia eta Mikel Arredondo ekoizleek, azaldu dutenez, aski pozik baitaude orain arte egindakoarekin. Egia: «Ikusi genuen Sarriren obra eta iruditeria aberatsa eraman dela kulturaren hainbat diziplinatara; besteak beste, hamaika kanta sortu dira haren poemetatik, egon da antzerkian, dantzan, saiakeran, eta baita ikus-entzunezkoetan ere, zeharbidez. Baina beharbada, falta zen hau, eta, horregatik, gogo batetik abiatuta, Sarriren literaturatik abiatuta film bat osatu nahi izan dugu». 90 eta 100 minutu arteko film kolektiboa sortzea da azken helburua, eta titulua ere erabakia dute jadanik: Gure oroitzapenak.

Kuban hasi zen dena, ekoizleek aipatu dutenez. Gaur egun han du bizitokia Sarrionandiak, eta han sortu zen film luzea egiteko lehen ideia ere. «Sarri jakinaren gainean egon da hasieratik, eta eman du bere nolabaiteko oniritzia, baina ez du parte hartu sorkuntzan», azaldu du Castro ekoizleak. Idazlearen gertuko sortzailez osatutako talde bat eratu zuten lehen une horretan, eta, geroztik, lantalde horretara jende gehiago batzea izan da Adabaki ekoizpen etxekoen egitekoa, harik eta, azkenean, hamabi zuzendariko talde definitiboa osatu duten arte.

Euskal Herrikoak dira zinemagile batzuk, baina badira kanpoko beste batzuk ere, eta izen ezagunak ere badaude tartean. Azaldu dutenez, kolektiboa izaten ari da sortze prozesua, eta, izen batzuk nabarmentzen hasi beharrean, alfabetikoki ordenatuta eman dute ekoizleek parte hartzaileen zerrenda. Hortaz, Oskar Alegria, Ozcan Alper, Asier Altuna, Mireia Gabilondo, Eugene Green, Itziar Leemans, Josu Martinez, Fermin Muguruza, Ane Muñoz, Maider Oleaga, Carlos Quintela eta Maialen Sarasua dira Sarrionandia pantaila handira eramango dutenak.

Osotasun estetikoa

Oraindik ere bukatzeko asko falta zaien arren, pozik daude ekoizleak orain arte jasotako materialarekin. «Film honek unibertso bat erakutsiko du, eta hori izango da Sarriren mundua, betiere zinemagile horien begietatik ikusita», azaldu du Egiak.

Erabat aske aritu da zinemagile bakoitza. Haiek erabaki dute, beraz, nondik abiatu eta nola abiatu, baina filmak batasun estetiko eta tematiko orokor bat izango duela ere zehaztu dute ekoizleek. Testuak izan dituzte abiapuntu zinemagileek, eta nork bere begirada eskaini die gero. Fikzioa izango da nagusi pelikulan, baina izango dira dokumental itxurako pasarteak ere, eta baita musikal formatuko txatalak eta animazio pasarte batzuk ere. Egiaren hitzetan, ordea, guztiek emango dute Sarrionandiaren unibertsoaren berri. «Egile gutxi batzuen unibertsoak oso-oso identifikagarriak dira, eta hori da Sarrionandiaren kasua. Horretan saiatzen ari gara gu ere, eta unibertso horren barruan sartuko dira Sarriren gai asko: itsasoa, portua, haurtzaroa, deserrotzea, ihesa, fantasia, mina, maitasuna, deserria, tortura... Sarriren unibertso horretan dagoen guztia».

Euskal Herriko egileez gainera, badira nazioarteko hainbat izen ere zuzendarien artean. Turkian bizi da Alper zinemagile armeniarra, esaterako; AEBetan bizi da Green frantziarra; eta Kuban bizi da Quintela. Eta filmak izango dituen kokapenetan ere ikusten da lantaldearen ezaugarri hori. Besteak beste, Kurdistango Amed hiria, Paris, Dunkerque, I. Mundu Gerrako Baigorri (Nafarroa Beherea) eta80ko hamarkadako Bilbo ere erakutsiko ditu pelikulak. Castrok eman du azalpena, kasu honetan: «Ateratzen ari da pelikula bat Sarriren unibertso askotariko horretan murgilduko gaituena, eta eramango gaituena hemendik hona. Asko bidaiatuko dugu».

Arredondoren hitzetan, Sarrionandiaren lana aldi berean da bertako eta unibertsal, eta idazlearen literaturaren ezaugarri hori ere igarriko da pelikulan. «Mundu osoko jendearentzat eskuragarri dagoen unibertsaltasun bat du Sarriren lanak. Ez da bakarrik tokian tokiko elementu bat, nahiz eta baden hori ere. Gainditu egiten du muga hori. Haren testuak hartu, eta armeniar batek oso ondo interpretatu eta produzitu ahal du pelikula bat; baita oñatiar batek zein Habanako lagun batek ere. Hor ikusten da Sarrionandiaren lana unibertsala dela».

Plazera aipatu du Arredondok. «Igartzen da zuzendariek gustura egindako lana izan dela», aurreratu du. «Oso ariketa polita egin dute, eta fikziora ekarri dituzte bakoitzak zituen Sarriren erreferentziak. Emaitza oso-oso polita izan da. Oso lan fina, profesionala, eta, gure ustez, benetan, maila handikoa. Beraz, Sarriren erreferentzia literario horiek zinemara ekartzea bada posible, eta zuzendari hauek hala egin dute».

Fikziozko kaleidoskopioa

Asier Altuna zinemagileak, esaterako, aurrez ere eramana du zinemara Sarrionandiaren ipuin bat, eta, Gure oroitzapenak proiektuaren webgunean zehaztu duenez, «plazer hutsa» iruditu zaio ariketa errepikatzea. «Sarrionandiaren ipuin motzak beti egin zaizkit oso erakargarriak. Borobilak dira. Eliptikoak. Zuzenak. Beti iruditu zaizkit oso zinematografikoak. 2004an, Ahari talka ipuinean oinarritutako Topeka filma osatu nuen; kasu hartan, gizakiak animalia bihurtzen ziren azkenean. Leiho argia ipuinarekin osatu dudan filmean, berriz, ehiztaria ehizatua izango da».

Zuzendari bakoitzaren esaldi bat bildu dute ekoizleek Interneteko atarian, eta, bertan, Greenek dio Europako luma garrantzitsuenen pare dagoela Sarrionandia, eta Leemansek aurreratu du«fikziozko film luze kaleidoskopiko bat» izango dela proiektua.

Aurrekontu txikiarekin ari direla esan dute ekoizleek, baina, zehaztu dutenez, propio sentitu dute proposamena zinemagile guztiek, eta inplikazio pertsonal eta auzolan horri esker egin ahal izan dute aurrera. «Dela Sarrionandia ezagutzen dutelako, dela haren literatura maite dutelako, edo dela beste edozein arrazoirengatik, jendeak oso bere egin du proiektu hau», azaldu du Arredondok. Bere talde tekniko propioarekin aritu da lanean zuzendari bakoitza. «Oso jarrera positiboa eta emankorra izan dute guztiek. Hau ez da izan enkargu bat. Ehun pertsona ingurura ailegatuko da lantaldea, eta guztiek egin dute proiektua bere».

Proiektuaren «ezohikotasuna» nabarmendu du Castrok ere. «Ez diogu jarraitu zinemaren eskema klasikoari, zeinetan ekoizleak ekartzen duen lantaldea eta gero gonbidatzen diren zuzendariak eta abar. Ez. Talde zabala ari gara lanean, eta espero dugu hori ere islatuko dela emaitzan».

Adabakikoak ez daude bakarrik, halere. Hasieratik izan dituzte bidelagun Bilboko Zenbat Gara elkartea, Gastibeltza zinema ekoizpen-etxea eta Elkar argitaletxea, esaterako, eta, horrez gainera, Eusko Jaurlaritzaren eta Iurretako Udalaren diru laguntza batzuk jaso dituzte. Laguntza bide gehiago irekitzea da orain ekoizleen asmoa.

Gure oroitzapenak izango du titulua pelikulak, baina, ekoizleek esplikatu dutenez, beren asmoa ez da iraganera begira jartzea. Beste bat da ideia, Castroren hitzetan: «Konpartitzen dugun iruditeria kolektibo bati egin nahi dio erreferentzia izenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.