Errealitate ziztadak

Tony Ray-Jonesek 1966. eta 1969. urteen artean Ingalaterrako kale, hondartza eta abarretan egindako argazkiak ikusgai daude San Telmo museoan, Donostian
Manplan arkitektura proiekturako egindako argazkiak ikus daitezke erakusketan.
Manplan arkitektura proiekturako egindako argazkiak ikus daitezke erakusketan. MAIALEN ANDRES / FOKU

Mikel Lizarralde -

2018ko apirilak 26
«Nire irudiek ziztatu dezaten nahi dut, pentsarazten dizuten bitartean, gogaitarazten zaituzten Buñuelen filmetakoek bezala. Zorroztasuna eta argitasuna izan dezatela nahi dut, baina baita umorea ere». Lerro gutxi batzuetan laburbildu zuen Tony Ray-Jones argazkilari ingelesak (Wells, 1941-Londres, 1972) bere lanaren funtsa. Gazte, 30 urterekin hil zen Ray-Jones, eta sei urte eskasetara mugatu zen bere argazkilari lana, baina denbora tarte horrek balio izan zion bere herrialdearen, haren nortasunaren, idiosinkrasiaren eta ohituren erretratu fidel, ironiko eta hurbila egiteko. Argazkilariaren obra ezagutzeko aukera dago atzodanik San Telmo museoan, Donostian, Small Pleasures (Plazer txikiak) erakusketaren bitartez.

1966-1969. Hiru urteko tarte laburrean egin zituen Ray-Jonesek San Telmon ikus daitezkeen 62 argazkiak. Horrek, baina, ez zion galarazi askorentzat oraindik ezezaguna den legatu inportantea uztea. Donostian bi ataletan banatu dute ondare hori: batean, Architectural Review aldizkariak sustatutako Manplan sail tematikorako egindako argazki originalak bildu dituzte, eta bestean, berriz, garai hartako gizartea dokumentatzen duten irudiak. Biek ala biek erakusten dute Ray-Jones ez zela izan paisaiaren erretratugile hutsa, eta herritarrak izan zituela beti protagonista. Paisaiari gizatasuna ematen ziotenak.

Ray-Jonesek diseinu grafikoaren alorrean egin zituen lehen urratsak. Ikasketak egin zituen Ingalaterran lehenik eta AEBetan ondoren, eta berehala sartu zen Richard Avedonen estudioan egiten zen Design Club-en. Han, Alexey Brodovitxek ematen zituen eskolak, eta Ray-Jonesen talentuaz jabetuta, kontratatu egin zuen Sky aldizkariko sormen zuzendariorde gisa. 1965ean, ordea, Ray-Jones Ingalaterrara itzuli zen, eta jabetu zen txikitatik ezagutzen zuen herrialdea, berea, aldatzen ari zela. «Aldaketa sozio-ekonomikoa eta politikoa zen, eta erabaki zuen gizarte haren idiosinkrasia eta kultura dokumentatu behar zuela». Maria Millan erakusketako komisarioak dioenez, Ray-Jones jabetuta zegoen kultura estatubatuarrak, Europan oro har eta Erresuma Batuan zehazki, eragin handia izango zuela, eta une zehatz hori jaso nahi zuen bere irudietan. Hala, parkeetara, hondartzetara, musika jaialdietara jo zuen, garaiko langileen aisialdi guneetara, eta une horiek, «bizitza momentu horiek», harrapatu zituen bere kamerarekin. Ez umorerik gabe. «Oso ironikoa eta zorrotza zen. Bera ez zen langile klasekoa, baina ikusten zituen gizarte hartan zeuden ezberdintasunak, eta horiek jasotzen zituen. Ez zituen argazki politak egin nahi, baizik eta bizirik zeuden argazkiak».

Hain zuzen ere, bizitza da Ray-Jonesen lanaren ardatza. Batik bat espazio irekietan egindako argazkiak dira, eta narratiba bat proposatzen dute, sarri Ingalaterrako kultur ohiturei lotutakoa. Hala, argazki sorta batek tea hartzearen erritua jasotzen du. Ageri dira familia oso ak tea hartzen hondartzan, espaloian eserita eta aterkiarekin euriaz babestuta ere tea hartzen duten taldetxoak, eta baita errituari bustita ere segitzen diotenak ere.

Beste argazki batzuek errealitate eta istorio ugari erakusten dituzte. «Bere helburua beti da argazki aspergarriak ez egitea». Horren adibide da, esaterako, Brightoneko hondartzan egindako argazki esanguratsu bat. Irudiaren eskuinaldean peluxezko hartz handi bat daraman gizonezkoa ageri da, eta ezkerraldean, berriz, bizkarra emanda ere, hari begira dagoen mod kuadrilla. 1969a da. Bost urte igaroak dira moden eta rockerren arteko borrokak gertatu zirela, baina Brightonen oraindik nabaritzen da mod-en presentzia.

Hamahiru manamendu

Argazkiekin batera, bada San Telmoko erakusketan atentzioa ematen duen beste elementu bat. Ray-Jonesek eskuz idatzitako hamahiru manamendu ageri dira hor: «Izan zaitez oldarkorragoa»; «Nahas zaitez gehiago (hitz egin jendearekin)»; «Har itzazu argazki sinpleagoak»; «Izan zaitez konposizioaz kontzienteago»; «Ez ezazu argazki aspergarririk egin»; «Hurbil zaitez gehiago»... Millanen arabera, manamenduek erakusten dute Ray-Jonesen lan egiteko modua, baina, era berean, agerian uzten dute izatera iritsi ez zen Ray-Jones ere. «Hil egin zen 30 urterekin, baina hil ez balitz, zinema egiten amaituko zukeen. Izugarri maite zituen Buster Keaton, Marx anaiak...».

Umorea ere ez baita falta haren argazkietan. Adibide bat: edertasun lehiaketa bat, Newquayn, 1967an. Hiru neska ageri dira sari banaketan, eta hizlariaren ahoaren parera iristeko, mikrofonoa oinarritik helduta duen gizon bat ondoan. Ume batzuk enkoadraketaren izkina batean, irribarretsu.

Baina, era berean, argazkiek aldatzen ari den gizarte bat islatzen dute. Batetik, igandeetako ohiturari jarraikiz, soineko dotoreenak jantzi eta piknika egiten duten familiak azaltzen dira, hala langile klasekoak nola goi mailakoak; bestetik, blues festibal batean, auto gainean eserita dauden gazteak.

Jendearentzako arkitektura

Erakusketako bigarren parteak, berriz, proiektu oso zehatz baten berri ematen du. 1969ko irailean Architectural Review aldizkariak Manplan izeneko zortzi ale tematikoko sail bat argitaratu zuen. Helburua zen herrialdeko arkitekturaren eta hirigintzaren egoera aztertzea, proiektuaren sustatzaileentzat garrantzitsua baitzen diseinua erabiltzailearen zerbitzura jartzea eta herritarrek beren inguruneari eragiten zioten erabakietan parte hartzeko aukera izatea.

Proiektu horren barruan argazkilari-kazetariekin lan egitea erabaki zuten editoreek. Azken alea, Housing izenekoa, etxebizitzari eskaini zioten, eta horretan hartu zuen parte Ray-Jonesek, baina arkitektura aldizkarien joerari aurre eginez, bizilagunak ere erakutsi zituen argazkietan. Ziren bezala. «Ez dago posatu bat bera ere. Exhibizionista baten antzera, gabardina bat jantzita joaten zen, eta hura ireki eta kamera zeraman soinean». Ez dira, lehen begiratuan, leku erakargarriak, baina Ray-Jonesek gizatasunez betetzen ditu. «Nabari da kritika sozial bat; ikusten da nola pilatzen zituzten pertsonak etxebizitzetan». Baina, halere, samurtasuna darie argazkiei, erretratatzen duenarekiko goxotasun eta hurbiltasun bat.

Tony Ray-Jones 1972an hil zen leuzemiaz, eta bi urte geroago argitaratu zioten lehen liburua: A Day Off: An English Journal.

ERAKUSKETA

Izenburua: Tony Ray-Jones. Small Pleasures.

Lekua: San Telmo museoa, Donostia.

Noiz arte: Ekainaren 17ra arte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna