Ildo beretik, eta berrituz

Sarako Idazleen Biltzarrak bi egun izanen ditu 35. aldian ere, eta apirilaren 1ean eta 2an eginen dute. Auxtin Zamora eta Jean-Claude Larronde sarituko dituzte

Iazko Sarako Idazleen Biltzarreko irudia. ISABELLE MIQUELESTORENA
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2018ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Sarako Idazleen Biltzarraren xarmaren parte dateke. Hasteko, hor dago estetika. Afixatik hasita. Betiko liburu ireki hori, oinez ari dena irria ezpainetan. Kaikou zakurraren marrazkiaren asmatzaile Patrice Rouleauk egina. Kaikouk aurten 40 urte beteko dituelako poztu da, hain zuzen, Jean-Michel Garat. Garat, preseski, Sarako Biltzarraren hasieratik hor dago orobat, sortzaile eta arduradun. 35. aldia dutela aurtengoa. Eta beti Sarako kiroldegian. Kiroldegia, hori ere estetikaren parte. Hori ere hasierako lekua dutela. Koloretako baloiak desagertuz joan dira azken urteetan, landare eta zurezko murruek ordezkaturik. Baina murruko frontoi marraztua hor dago beti.

Hortxe pausatuko du, beraz, bere aingura idazleen Lapurdiko hitzordu nagusiak, apirilaren lehenean eta 2an. Hau da, Pazko astelehenean eta bezperan. 120 idazle, 25 argitaletxe eta hamabost elkarte iragarri dituzte. Aldaketa nagusia horixe: iaz estreinatu bi egunak, aurten ere berretsiak. Kanpoan jarri karpa batean hitzaldiak aldizkatzeaz gain, iaz bezala, haurrentzako txoko berezia antolatzekoa dute, besteak beste, Kiribil konpainiaren animazioak lagun. Eta aitzineko urteetan abiatu Sara eta inguruko ikastetxeekin hasi lanak ukanen du oihartzunik aurten ere.

Gaineratekoarentzat, usaiako martxan. Bi urtean behin bezala, aurten ere Biltzarrak bere sariak banatzekoak ditu. Batetik, Auxtin Zamora olerkaria, Hatsa poesia egitasmoaren eramailea, dute saritzekoa, eta bestetik, Jean-Claude Larronde historialaria. Sari banaketa astelehenarekin eginen dute, 12:30ean.

Sariak «Hatsari oihartzun handiagoa» emanen dion esperantza du Zamorak. «Balioztatze hori jende askoren balioztatzea da. Ni bitartekari bat naiz. Animatzaile bat». Hatsaren poesiari dagokionez, preseski, hainbat olerkariren lanak biltzen dituen 20. bilduma dute ospatuko aurten. Apirilaren 8an izanen du besta nagusia, Senperen (Lapurdi).

Sariaz bestalde, berritasun zenbait argitara emateko ere baliatzekoa dute Biltzarra. Horien artean, bat aipatzekotan, Koldo Zuazo hizkuntzalariarena dago.

Sarako euskararen hiztegia

Sarako euskara izenburupean, Sarako euskararen inguruko hiztegia ekarriko du Zuazok Biltzarrera, gramatika batez osatua, Euskal Herriko Unibertsitateari esker argitaratu duena. Bost urteko lana eskatu dio. Lanbide anitzeko zazpi saratarrekin mintzatu da ikerketarako, besteak beste, Jean Fagoaga medikuarekin. Horra bi adibide, hiztegiaren doinua azal dezaketenak: batetik, hemorroidea, Saran fikua deitzen dutena; eta bestetik, zona, Saran basandrea dena. Orotara, 4.236 hitz ditu bildu Zuazok: «Horrelako hiztegirik ez da Iparraldean. Eta Hegoaldean ere lau ezagutzen ditut. Sarak XVII. mendean euskarari anitz eman zion, eta nik uste dut XXI. mendean ere zerbait emango diola». Haren lanari nolabaiteko oihartzuna eginez, Senpereko (eta Lapurdiko) euskara XVIII.mendean liburua aurkeztekoa du Xabier Elosegi ikertzaileak, Lapurdi 2009 elkartearekin.

Hori eta gehiago ezagutaraziko du Sarako Biltzarrak. Xede nagusia idazleen topagune izatea baita beti. Liburuen egileak zuzenean ezagutzeko, ideia horrekin abiatu zuen, hain zuzen, Biltzarra Garatek duela 36 urte. Horrek esplikatzen du hasiera batean idazleek berek zituztela mahaiak atxikitzen. Hori aldatuz joan da denborarekin. Azken urteetan, gero eta gehiago argitaletxeak eta elkarteak dira bereziki presente. Halere, idazleek segitzen dute beren presentzia segurtatzen. Bereziki argitalpen berriekin datozenak.

Beste aldaketatxo bat antolaketan egon daiteke. Hasiera batean Sarako turismo bulegoa zen antolatzaile. Baina azken hiru urteetan, berriz, elkarte berezia sortua dute espresuki horretarako. Halere, horrek ez du funtsezko aldaketarik ekarri. Hasieratik bezala, Sarako herriko langileek segitzen dute antolakuntza lanetan, inguruetako herriek beren laguntza ekartzen dietelarik, bereziki materiala prestatuz.

Langile bat gutxiagorekin

Aurrekontu aldetik, «20.000 eurotik nonbait han» daukatela azaldu du Sarako auzapezak, Jean-Baptiste Laborde-Lavignettek. Aurrekontu hertsia, ororen buru, bereziki Sarako herriak duena atxikitzen, eta Euskal Kultur Erakundeak 3.000 euro dituematen.

Aurrekontu horrekin ezin izan diotela kontratua luzatu azken bi urteotan enplegatu langileari; horren damu agertu dira, hain zuzen, antolatzaileak. CAE deritzon lanpostu lagundua baitzuen bi urtez langileak, hilabeteko sariaren %95 Frantziako Estatuaren gain zela, eta, gainerakoa, Sarako Herriko Etxearen esku: «Maluruski, Macronek CAE kontratu guztiak kendu dizkigu. Alta, lan bikaina egin du», Garaten esanetan. Ez ote litzatekeen beste diru iturririk galdetzean, Euskal Elkargoa, adibidez, «behi esneduna» dela, «baina hein batean» bakarrik, ihardetsi du Sarako auzapezak: «Egon trankil, galdeginak ditugu galdegin beharrekoak. Baina ez zait iruditzen bakarrak garenik galdegiten dutenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.