«Dolu dut Xabier Lete gehiago gurutzatu ez izana»

Kantariaren poemak musikatu ditu Pier Paul Berzaitzek 'Egunsentiaren kantak' lan berrian.Bere ibilbideko klasiko batzuei ere lekua egin die, atzera begira

Pier Paul Berzaitz, disko berriaren aurkezpenean, Baionan. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2016ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
50 urteko ibilbidea ospatzeko bere buruari egin dion opari gisa aurkeztu du Egunsentiaren kantak lan berria Pier Paul Berzaitzek (Muskildi, Zuberoa, 1951). Joxan Goikoetxea musikariarekin batera osatu du obra, hark kudeatzen duen Aztarna ekoizpen etxearen zigilupean. Hamahiru kantu ditu bildumak, eta Berzaitzen ibilbidea biltzen dute.

Xabier Leteren Egunsentiaren esku izoztuak liburuari erreferentzia zuzena egiten dio diskoaren izenburuak, eta ez da begi-kliska soil bat, Leteren bost poema musikatu baititu Berzaitzek.

Letek berak eskatu zion bere letrei musika emateko; hitza hitz. Kasik bi urtez osatu duten lanean aurkitzen dira Esku hutsik hiltzen gira, Hiri maiteak, Imanol Larzabal lagunari agurra, Eternitatea eta Nere aita zenari eskaintza poemak, Berzaitzek sortu doinuen harmonian emanak.

Atzera begirako ariketa batean, bere ibilbideko klasiko batzuei lekua egin die Berzaitzek, Guk taldearen garaian kantatu zituen Geroa esperantzaz beterik eta Eki eder berriz hartuz. «Beñat Sarasolarekin hasi nintzen kantuan. Hari zor diot euskararekiko atxikimendua. Hark esplikatu zidan altxor bat zela gure eskuetan; guk ere zor geniola gizarte honi zerbait». Paueko unibertsitatean zen garaian, «arrunt Frantziako mundu batean». Sarasola entzunez «bide bat» hartu zuela dio, geroztik utzi ez duena.

Klasiko unibertsalak ere bildu ditu Egunsentiaren kantak bilduman: Denborareki, Leo Ferreren Avec le temps klasikoaren bertsioa; eta Gerezien denbora. Jean Louis Davanten Jakobe olerkiari musika gehitu dio, eta Nemesio Etxanizen Euskal Herri maitea —sekula grabatu gabekoa— ere bildumaratu du. Xalbadorren heriotzean kantaren bertsio berritu bat eta Giusseppe Ungaretti poeta italiarraren Non gridate Piu dira Berzaitzen lana osatzen duten azken kantuak.

Kolaborazio andana izan du. Maddalen Dorronsorok, Estitxu Pinatxok, Olatz Pratek, Magali Zubillagak eta Arin koruak jarri dute ahotsa, Berzaitzenaren ondoan.

Arrakasta lortzeko elementu guziak biltzen baditu ere, Berzaitzek argi utzi nahi izan du lan berri hau ez dela «marketin produktu bat». «Zergatik disko berri bat, nire adinean, merkatua beherantz doanean?», galdetu du. Haren hitzetan, luzera begira egindako lana da: «Lan honek herriaren nahia gurutzatzen badu, hainbat hobeto. Nire adinean ez da marketin obra bat, kontserbatze helburu bat duen lan bat baizik».

1975ean ezagutu zuten elkar Letek eta Berzaitzek, Hernaniko Galarretan elkarrekin egin zuten kontzertu batean. Donibane Garazira gomitatu zuen Berzaitzek kantatzera, eta ondotik ere usu gurutzatu izan dira. Berzaitzek dio, Hego Euskal Herrian pastoralak ematen aritu izan denean, Lete ikustera joaten zela aldi oroz. Geroztik, harreman iraunkorra izan zuten.

«Obra miresgarri bat» utzi du Letek, zuberotarraren hitzetan. «Munduko poeta onenetakotzat» dauka, baina «dolu da», Euskal Herrian ez egonagatik,gehiagotan gurutzatu ez izana. «Biziki urte txarretan ibili da; bakartasuna izan du lagun anitzetan. Nik, haren poemak musikatzea hitzeman nion, eta jainkoak nahi badu, bide horretan jarraitzea espero dut, haren poesiak merezi duelako».

Hala, artista zuberotarraz Letek izandako hitzak oroitu ditu Goikoetxeak: «Hi melodista ona haiz», erran omen zion, bere poemak musikatzeko enkargua emanez. «Ordurako bere zirkunstantziak zirela eta, nekea eta gaixotasuna zirela eta, ez zuen bere burua ikusten musika horiek egiteko indarrarekin», esplikatu du Goikoetxeak. Berzaitzek «leialtasunez» erantzun duela ebatzi du.

Etapa berri baten hasiera

Egunsentiaren kantak izenburua Xabier Lete gogoan hautatu badute ere, Berzaitzen ibilbidean aro berri baten hasiera markatzen duen lana ere izan liteke. «50 urtez, Euskal Herriko kantari handienak ezagutu ditut, Imanolekin, Lertxundirekin zein Leterekin gurutzatu naiz. Denen artean, beste garai bat bizi izan dugu; kantua lotuago zen gizarteari. Kantaldi anitz egin ditugu, teknikoki baldintza txarretan usu, baina publikoarekin lotura zuzenean beti» zioen Berzaitzek.

Atzera begira egin duen lan berri hau, Joxan Goikoetxearekin abiatuko duen etapa berri bati hasiera emateko parada da. «Musikari handia da, baina teknikaria ere bai. Nehoiz ez nuen eginen lan honen erdia ere, bera gabe», esplikatu du Berzaitzek.

Egunsentiaren kantak diskoaz gain, ikusgarri berri bat prestatzen ari direla jakinarazi zuten, atzo, Bilboko Loraldia festibalaren kari estreinatuko dutena apirilaren 23an. Maiteka izena duen ikuskizunak Euskal Herriko sei emazteren istorioak aipatzen dituela esplikatu zuen, modu sinbolikoan. Sei emanaldi izanen dira Euskal Herri guzian zehar, eta Donostia 2016ko egitarauan ere sartu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.