Oteiza harrapatzeko kutxa bat

Jorge Oteiza eskultorearen lan guztiak biltzen dituen katalogo arrazoitua kaleratu du Oteiza museoak.Txomin Badiola artista eta eskultorean adituak egin du bilketa, sailkatze eta ikerketa lana

Jorge Oteizaren Laborategi esperimentala, eskultorearen Altzuzako etxean, 1980ko hamarkadan ateratako argazki batean. PATXI SAEZ.
Inigo Astiz
Altzuza
2016ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
«Tresnarik konbentzionalena erabili dut artistarik ezohikoena aztertzeko, eta tresnak huts egiten duen lekuetan dago Oteizaren konplexutasuna». 2007an hasi zuen Txomin Badiola artistak Jorge Oteizaren katalogo arrazoitua egiteko lana, eta orain urte batzuk bukatu zuen. Oteizaren ondarearen inguruko korapilo legalek atzeratu egin dute haren argitalpena, ordea. Orain arte. Atzo aurkeztu zuten Oteizaren katalogo arrazoitua, Altzuzako Oteiza museoan (Nafarroa). Oteiza osoa dago bertan. 2.752 obra hartzen ditu kontuan, guztira, ia mila orri dituen lanak, eta Orioko artistaz aritzeko erreferentziazko lana izango da. Mugarri bat. Ez da erraza izan, ordea. Badiolak azaldu duenez, Oteizaren lanaren neurrira sortu behar izan du Oteizaren katalogoa, eta ikuspegi artistikoa ere txertatu behar izan dio horregatik. Izan ere, zail da Oteiza esplikatzea ohiko ikuspegi akademiko soilaz bakarrik. Eta izan, hori da argitalpenaren helburu nagusia: Oteiza esplikatzea.

Bi liburukitan antolatu du katalogoa Badiolak. Lan abstraktuei eskaini die haietariko bat, eta lan figuratiboei bestea. Ohiko piezaz piezako azalpen eta inbentarioarekin batera, Badiolaren lau testu kritiko luze ere badakartza katalogoak. Garaiko artegintzarekin harremanetan jartzen du Oteizaren lana bertan katalogogileak, baina baita haren bizitzaren eta asmo artistikoekin ere. Espezialistentzako erabilgarri izango da lana ondorioz, baina katalogoa Oteizaren zale ororentzako eskuragarri izatea ere nahi zuten museoko arduradunek. Gainera, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez argitaratu dute liburua.

«Nire erantzuna ezezko borobila izan zen». 2005ean jo zuen lehenengoz Badiolarengana Pedro ManterolaOteiza museoko zuzendari zenak, baina ezetz esan zion argi artistak. Ez zuela gogorik, ez eta prestakuntza akademiko nahikorik ere. Adituengana jotzeko iradoki zion, eta hala egin zuen Manterolak. Oteizaren aditu nagusietariko bat da, ordea, Badiola, eta ezin enkarguari ihes egin. Badiolak antolatu zuen Oteizari eskainitako lehen erakusketa antologikoa, 1988an, eta Badiolak antolatu zituen Margit Rowellekin batera New Yorkeko eta Bilboko Guggenheim museoetan eta Madrilgo MNCARSenartistari eskainitako atzera begirakoak ere. Bueltan etorri zitzaion enkargua horregatik. «Manterolak akademiko horiei deitu zien, baina akademikoek niri deitzen zidaten», azaldu zuen atzo Badiolak. Eta hala bihurtu zen baiezko, 2007an, hasieran ezezko borobil zena. Bigarrenez eskatu Manterolak, eta baietz Badiolak.

Oteizaren baitako Oteizak

Hor aldatu zuen ikuspegia Badiolak, eta hor erabaki zuen katalogoak artistikoa ere izan behar zuela. «Pentsatu nuen, neurri batean, akademia proiektu horretatik erretiratu egin zela, eta akaso nik hutsunetzat nuen prestakuntza akademiko hori ez zela hain hutsunea, eta akademiak agian ez zuela lan honi buruz esateko hainbeste ere. Pentsatu nuen agian lan hura ikuspegi artistikotik lantzea zela niretzat lan horri aurre egiteko modu bakarra». Oteizaren eskultura guztien inbentarioa egin zuen lehenik. Horraino ohiko alderdi akademikoa. «Oteizak datu base hori gainditzen zuen lekuetan dago Oteizaren berezitasuna». Hor Oteizarik Oteizena, eta hori ere katalogora txertatzeko baliatu du Badiolak ikuspegi artistikoarena.

Baina zein da Oteizaren berezitasuna? «Oteizaren baitan Oteiza asko daude», Badiolak; «Oteiza ezberdin bat da bere ibilbideko une bakoitzean». Zerrendan izendatu ditu katalogogileak. Lehen Oteiza. Arteak gizakiarentzako baliagarri izan behar zuela zioen 50eko hamarkadako Oteiza esperimentala. Bere arte langintza burututzat eman eta bere burua artista hiltzat aurkezten zuen 1959 osteko Oteiza. Bigarren laborategi esperimentala abiatu zuen 70eko hamarkadako Oteiza berpiztua. Bere eskultura ia ahanzturan erorita ezagutu zuen 80ko hamarkadako Oteiza polemista. Eta 1988 osteko Oteiza arrakastatsua.

Eta, hain zuen ere, azken bi Oteiza horiek ezagutu zituen gertuen Badiolak: artistikoki gutxietsitakoa lehenik, eta komertzialki arrakastatsua ondoren. «Une horretan mundu guztia hasi zitzaion piezak eskatzen, noiz eta bere lan guztia Nafarroari eman zionean. Halakoak dira Oteizaren kontraesanak. Piezarik eskura ez zuenean heldu zitzaizkion pieza eskaera gehien».

Baina katalogoan bada Oteiza berririk ere liburuan. Amerikako Oteiza, esaterako. «Aurrez sekula ikusik gabeko Oteiza franko dago hor». Han egin zituen 1935etik 1948ra arteko urteak artistak, baina ia ezezaguna izan da han egin zuena orain arte. Katalogo arrazoiturako, han sortutako pieza sorta bat deskubritu ditu Badiolak, eta han sortutakoak hobeki kokatzen lagunduko du katalogoak. «Sekula ez zuen estudiorik izan han. Lan egiteko modu oso-oso kaotikoa izan zuen. Zer langintzatan aritzen zen aztertu dut horregatik. Ahal zuenean egiten zuen eskultura, ahal zuenean eta ahal zuen moduan, ahal zuen materialarekin». Aurrez sekula aztertu gabeko pieza mota batzuk ere biltzen ditu, adibidez, katalogoak. Egunkarietarako egiten zituen karikatura estetiko moduko batzuk: minutogramak.

«Oso harreman anbibalentea zuen bere obrarekin 80ko hamarkada bukaeran. Beretzat, hondakin moduko bat baino ez ziren obrak, barruan duen guztia edan ostean botatzen duzun lataren moduko zerbait, baina, era berean, pieza horiek ziren bere planteamenduari zentzua ematen ziotenak». Bere buruarekin gatazka bizian deskribatu zuen Oteiza Badiolak atzokoan. 1988an Madrilen antolatu zion atzera begirakoan gertatutakoa jarri zuen frogatzat. «Erakusketa inauguratu behar zen egunean bertan heldu zen Oteiza hegazkinean, goizez. Lagun bat bidali nuen aireportura haren bila, eta, erakusketara iritsi zenean, zoro baten pare etorri zitzaidan. 'Oteizak bidaia guztia pasatu du esaten soilik etorri dela erakusketa bertan behar uztera». Tira. Bale. Haserre bizian sartu zen Oteiza erakusketara, baina, bere lana aurrez aurre topatzean, kolpean eman zuen amore». Oteiza Oteizak gainditurik. «Une horretan berak ere onartu behar izan zuen pieza haien atzean zegoen artista bazela nor».

Elkarlanaren garaia

Oteizaren autoa izandakoa museo atarian jarri zuten atzo okasiorako, eta haren bufanda gorria ere eraman zuten prentsarentzako aurkezpenera. Keinu horrekin nabarmendu nahi izan zuen Gregorio Diaz Ereño Oteiza museoko zuzendariak egunaren garrantzia. Azaldu zuenez, bikoitza izan da haien asmoa. Zorroztasunari eutsi nahi zioten, batetik, baina ez zuten egin nahi adituentzat soilik izango zen liburu bat. «XX. mendeko artearen historian, kulturan eta pentsamenduan funtsezkoa den sortzaile honen lana eskuragarri jarri nahi genien haren zale guztiei, eta baita bera pertsonalki maite zutenei ere».

Argazki zabalagoan kokatu zuen Ana Herrera Nafarroako Kultura, Kirol eta Gaztedi kontseilariak katalogoaren argitalpena. Azpimarratu zituen liburuaren bertuteak, noski. «Oteizari buruz orain arte egin den lanik zorrotz eta osoena da». Baina keinua ere egin zion katalogoaren argitalpena oztopatu duen lege korapiloari. Izan ere, zailak izan dira orain gutxira arte Pilar Oteiza artistaren oinordekoaren, Nafarroako Gobernuaren eta Oteiza fundazioko kideen arteko harremanak, eta horrek trabatu du argitalpena. Atzo aurkezpen ekitaldian izan ziren, ordea, gatazkaren hiru erpinak: Nafarroako Gobernuko goi ordezkariak, Rafael Moneo Oteiza fundazioko patronatuko lehendakaria eta baita Pilar Oteiza ere. Eskertu zuen denen presentzia, eta etorkizunera begirako keinu gisa aurkeztu zuen. «Horrek erakusten du zer borondaterekin egiten diogun aurre patronatuaren sasoi berriari; elkarlanean egindako lanaren sasoi honi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.