Merkatua, arteen bilgune

Kulturan aritzen diren profesionalen eta eragileen elkargunea izango da '948 Merkatua' deituriko azoka. Azaroaren 15 eta 16an egingo da Iruñean; 400 artista eta profesionalek hartuko dute parte
Irudian, Perez, Herrera, Beloki eta Perez Jurio atzo, 948 Merkatuaren aurkezpenean.
Irudian, Perez, Herrera, Beloki eta Perez Jurio atzo, 948 Merkatuaren aurkezpenean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Naiara Elola -

2017ko urriak 4
«Astinaldi bat» eman nahi dio Nafarroako Gobernuak kulturaren sektoreari. Denbora luzez «ahaztuta» egon den sektorea dela iritzita, 948 Merkatua deituriko azoka egingo dute azaroaren 15 eta 16an, Iruñean. «Kultura Departamentuarentzat, legealdi honetako proiektu estrategikoetako bat da 948 Merkatua», onartu du Ana Herrera Kultura kontseilariak. Ekinbide hau Nafarroako Gobernuak abian duen 2016-2020 Espezializazio Adimendunerako Estrategia planaren barruan dago jasoa. Azoka elkargune bat izatea nahi dute. Batez ere, kulturaren arlo ezberdinetan aritzen diren Euskal Herriko eragileentzat da, baina Aragoiko eta Errioxako (Espainia) profesionalak ere erakarri nahi dituzte. Oraindik, programazioa erabat itxi gabe duten arren, dagoeneko 400 artista eta profesionalek parte hartuko dutela baieztatu dute antolatzaileek.

Arte diziplina guztiek izango dute tokia 948 Merkatuan. Hainbaten artean, zineman, telebistan, arte eszenikoetan, arte plastikoetan, musikan, liburuen edizioan eta diseinu digitalean zertan ari diren ezagutu ahal izango da. Hain zuzen ere, hori da heldu den hilabetean bi egunez egingo den merkatuaren berritasuna: merkatuen merkatua izango dela. Izan ere, ez dute arte adierazpen bakarrean jarriko fokua, askotan baizik. Baikor daude antolatzaileak, eta apurka proiektua egonkortzen joango delakoan daude. «Denbora luze joan gabe, azoka sendotzea da gure asmoa, sektorean erreferente bilakatzea, proiektuak eta ezagutzak trukatu ahal izateko», adierazi du Herrerak.

Proiektua abian jarri aurreko lana nabarmendu du, bestalde, Fernando Perez Nafarroako Gobernuko Kultura zuzendariak. Sektorearen errealitatea ezagutzeko, profesionalekin bildu dira. Denbora luzea eman dute zeregin horretan, eta «ahalegin berezia» egin dutela onartu du. Horri esker, ikuspegi «errealistagoa» eskuratu dutela dio. Hain zuzen ere, sektoreko profesionalen eta erakundeen arteko komunikazioak izan ditzakeen eragin positiboak nabarmendu ditu.

Zentzu berean mintzatu da Maider Beloki Iruñeko Udaleko Kultura zinegotzia ere. Gobernuarekin batera proiektua garatzeko lanean aritu da udala ere. 948 Merkatuari esker, sektoreko eragileen artean sor daitezkeen harreman eta sinergia berriak nabarmendu ditu. Izan ere, kulturaren eremuan lanean dihardutenen egoera «txarra» dela uste du Belokik. «Kulturan aritzen direnen profesionalizazioak dituen zailtasunak arintzen laguntzea da gure asmoa». Ziur agertu da neurri batean behintzat, proiektuak zailtasunak arintzen lagunduko duela. Gainera, pozik dago 948 Merkatuari esker, hiri espazioa kultur erabilerarako irekiko delako. Baluarte jauregiaz gain, ekintzak eta emanaldi andana izango dira, besteak beste, Ziudadelan, Nafarroako Filmotekan, Gaiarre antzokian, Geltokian eta Nafarroako Museoan.

Goizak profesionalentzat

Laster abiatuko den lehen ekitaldiaren programazioak bi bloke nagusi izango ditu. Goizak profesionalentzat egongo direla adierazi du Dori Perez Jurio Kultura Departamentuko Zerbitzuko buruak. Baluarte PRO deituriko programa, goizez garatuko dute. Ekonomia, kultura eta berrikuntza mintzagai dituzten hiru hitzaldi, artisten proiektuak aurkezteko gunea, formakuntza laborategia eta sarean lan egiteko txokoa izango dira, besteak beste. «Kultur eremuan aritzen diren 300 profesionalen lantoki eta bilgune izango da Baluarte bi egunez», esan du Lopez Juriok.

Arratsaldez, aldiz, publiko zabalarentzako emanaldiak izango dira. 948 Merkatuaren antolatzaileek egindako hautaketa izango da ikusgai. Egitarau oparoa prestatu dute: 33 kontzertu, hamar antzezlan, 11 film eta hamazazpi erakusketa izango dira ikusgai. Helburua, Nafarroako arte sorkuntza herritarren artean ezagutaraztea eta ikusgarri egitea dela azaldu du Lopez Juriok.

Horrez gain, Geltokian, Iruñeko autobus geltoki zaharreko leihatilan, liburu edizio, disko eta beste euskarrien lehenengo azoka izango da azaroaren 15etik 19ra. Perezek azaldu duenez, 948 Merkatua ekinbidearen barruan egin duten beste «apustu estrategiko» bat da. Ez dutela inolaz ere Durangoko Azokarekin lehiatu nahi argitu du. Nafarroako argitaletxe eta diskoetxeek kaleratutako azken lanak izango dira salgai.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna