Eskultore «enblematikoak», erakusketa berean elkarturik

Hamasei artistaren eskulturak bildu dituzte Donibane Lohizuneko Dukontenia eta La Rotonde aretoetan. Lanok agorrilaren 19ra bitartean egongo dira ikusgai
Askotariko eskulturak daude ikusgai Donibane Lohizuneko Dukontenia eta La Rotonde aretoetan nahiz hiri barneko hamabost saltegitan.
Askotariko eskulturak daude ikusgai Donibane Lohizuneko Dukontenia eta La Rotonde aretoetan nahiz hiri barneko hamabost saltegitan. ISABELLE MIQUELESTORENA

Nora Arbelbide Lete -

2018ko ekainak 14
«Eskulturaren historiak aitzina segitzen duela gogoratzeko; horregatik ditugu elkartu Donibane Lohizunen bizirik diren euskal eskultore handienak». Hala aurkeztu zuen Sculpteurs basques a Saint Jean de Luz (Euskal eskultoreak Donibane Lohizunen) erakusketa Michel Jauregiberrik. Erakusketaren komisarioa izan da, Ines Jauregiberrirekin batera. Agorrilaren 10a arte, Dukontenia, La Rotonde eta hiri barneko hamabost saltegitan izango da ikusgai erakusketa.

Hamasei eskultoreren lanak jarri dituzte ikusgai: Edouard Solorzano, Ricardo Ugarte, Juan Gorriti, Zigor, Jose Ramon Anda, Aitor Mendizabal, Mikel Lertxundi, Jose Zugasti, Iñaki Ruiz de Egino, Vicente eta Fernando Roscubas, Koldobika Jauregi, Iñaki Olazabal, Dora Salazar, Marijose Rekalde eta Koko Ricorenak. Eta horiekin, «artearen historiaren 50 urte» dira ikusgai: «Beren obraren bidez, artearen historiaren kronologia eta koherentzia estilistikoa ikus daiteke», segurtatu du komisarioak. Elkartu guztiak «enblematikoak eta ezagutuak» dira Jauregiberrirentzat. «Bizirik diren eskultorerik handienei egin omenaldia da. Niretzat, handienak dira. Egia da arras subjektiboa dela, baina, aldi berean, iruditzen zait ez naizela tronpatzen».

Katalogo bat soilik ez izatea, horixe izan da erakusketa prestatzean antolatzaileek beren buruari finkatu xedeetako bat. «Helburua da pieza gutxi batzuen bidez erakusketa bere osotasunean koherentea izatea. Ideia ez da izan bakoitzaren ibilbidearen huste bat egitea». Artista bakoitzaren hiruzpalau obra dituzte ekarriak. Artistekin elkarlanean egin dute hautaketa. «Bakoitzaren unibertsoa, pertsonalitatea hain da indartsua», Jauregiberriren ustez, oroz gainetik bilatu duten koherentzia izan dela eskultore bakoitzaren lanak «ez jatea» ondoan aurkituko zuen beste baten obra. Eskulturek elkarri «erantzutea» izan da ideia.

Artistak eurak «pozik» agertu dira emaitzarekin. Erakusketaren irekierara kasik denak bertaratu ziren joan den larunbatean, Marijose Rekalde, Ricardo Ugarte eta Koko Rico tartean. Donibane Lohizunen izateaz eta Jauregiberrik egin lanaz kontent dira.

Aspaldiko historia

Euskal Herriak lotura berezia daukala eskulturarekin. Hori ere azpimarratu du Jauregiberrik. «Gainera, euskal artistak aspalditik, Espainian erraten den bezala, maila gorenekoak izan dira».

Joanes Antxieta artistarekin abiatzen du lotura hori komisarioak. XVI. mendeko artista Michelangeloren ikasle izan zen. «Europako artistarik handienen artean zen. Eta Azpeitian sortu euskalduna zen». XIX. mendearen eta XX. mendearen artean, Julio Beobide eta Leon Barrenetxea ere aipatzen ditu komisarioak. Eta garaikideagoak ere bai ondoren: «Denek gogoan ditugu Eduardo Txillida, Jorge Oteiza eta Nestor Basterretxea, XX. mende erdian modernitatea egin zutenak frankismoaren diktadura betean». Baina, gero, hori. Ez dela horretan gelditzen historia.

Abstraktutik figuratibora

Erakusketara ekarri obren egilerik zaharrenak 81 urte ditu. Gazteenak, berriz, 53. Bi belaunalditan bana daitezke, nahiz eta zatiketa ez hain begi bistakoa izan, artisten sorturteetan ez baitago halako etenaldirik. Bi leku nagusi ditu erakusketak, ezberdintasun horren adierazteko. Badira 1960 aitzin sortuak, Dukontenian bilduak; eta, 1960tik landa sortuak, La Rotonden elkartuak. «Zaharrenak eskultore abstraktuen jarraipen batean dira. La Rotondekoak ez. Ohar gaitezke historia errepikatzen den zirkulu bat dela. Artistarik zaharrenek garai batez figurazioa bazter batean utzi zuten. Eta hiru gazteenek, berriz, figurazioa hautatzen dute».

Artetik errateko, zaharrenen artean, emazterik ez. Hori ere badela eskulturaren errealitate bat pentsatzen du komisarioak. Baina gauzak aldatu direla geroztik segurtatzen du. Eta horren frogatzat du, preseski, La Rotondera ekarri hiru artisten artean bi emazte izatea: Dora Salazar eta Marijose Rekalde. Koko Rico da hirugarrena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna