Zulo beltza ixteko bidean

Bartzelonako Atzerritarrentzako Zentro Itxia, jarduera baimenik ez duela argudiatuta, ixteko erabakia hartu du Ada Colauk. Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak, baina, jakinarazi du berriz ere ireki duela zentroa.

Bartzelonako CIE Atzerritarrentzako Zentro Itxiaren irudi bat. QUIQUE GARCIA/ EFE.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2016ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Bartzelonak, giza eskubideen alorrean inoiz zulo beltz bat izan badu, Atzerritarrentzako Zentro Itxia izan da hori. 2006an zabaldu zuten, eta iazko azarora arte egon da martxan, eraikinean konponketa lanak egiteko itxi zuten arte. Irekierak, baina, zalaparta piztu du. Ada Colauren gobernuak, jarduera baimenik ez duela argudiatuta, behin betiko ixteko udal agindua eman du. «Bartzelona giza eskubideekin konprometitutako hiria da», idatzi du Twiterren.

Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkaritzak, baina, zentroa ireki duela jakinarazi du, eta helegitea jarriko duela udal aginduaren kontra. Bartzelonako Zona Francan —kanpoaldean— dagoen zentro horrek zeresana eman du, eta ematen ari da.

Jaume Asens Bartzelonako Udaleko alkateordeak zehaztu duzentroak orain arte izan duen baimena 1992koa da, eta ez datorrelabat egun eraikinean gauzatzen diren jarduerekin. Polizia etxe, albaitaritza gune, tiro galeria edo kafetegi gisa aritzeko baimena dauka eraikinak, baina ez paperik ez duten etorkinak jasotzeko. Hutsune administratibo hori baliatu dute udal agintariek, beraz. Zentro horretatik iaz 738 lagun pasatu ziren, batez beste, 25 eguneko egonaldiarekin.

Eraikina zigilatzeko prest

Asensek prentsaurrekoa eman eta ordu gutxira iragarri zuen Espainiako Barne Ministerioak eraikinaren jarduera berreskuratuko duela, konpontze lanen ondoren hirigintza ordenantzak bete dituztelako. Asensen kritika berehalakoa izan zen: «Harritzekoa da Fernandez Diez jaunak berak beti legeria aintzat hartzen duela, orain, Bartzelonako Udalaren agindua desafioka hartzea». Bartzelonako Udalak orobat iragarri du beharrezkoabada eraikina zigilatuko duela.

Zona Francako eraikinaren auziak gizartean ere eman du zeresana. 2010az geroztik, indarra hartu du eraikina ixteko aldarrikapenak, tartean, hiru heriotza izan direlako. 2010ean, marokoar batek bere buruaz bertze egin zuen; 2012an, Idrissa Diallo ginearra hil zen, medikurik ez zegoelako; eta, 2013an, Aramis Manukyan armeniarrak bere burua urkatu zuen.

SOS Racisme, Tanquem eta Migra Studium elkarteek erabakia ospatu dute, «administrazio publikoak giza eskubideak lehentasun gisa hartu dituelako eta agindutakoa betetzen ari delako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.